Baserriaren historia ikertzeko informazio iturriak

 

Zure baserriaren historia ezagutu nahi baduzu, ondorengo urratsak gauzatzea proposatzen dizugu:

1. Jabetza erregistroan baserriaren lehenengo inskripzioa edo erregistroaren historiala eskatzea:

“Nota sinplea” eskatu, ez ziurtagiria. Emango dizuten agiriak pista asko emango dizkizu (baserria noren izenean egon den, zorrak eduki dituen edo ez, etab.).

2. Bilaketa zuzena gure online katalogoan: http://artxiboataria.gipuzkoa.eus

Bilaketa aurreratuan baserriaren izena jarri eta “toponimia” atalean herriaren izena jarri. Horrela, baliteke emaitzaren bat lortzea.  Hala ere, hau lehenengo emaitza bat besterik ez da. Argi dago, jabetza erregistroko informazioarekin jabeen izen-abizenetatik tiraka hasiz gero, gauza gehiago agertu daitezkeela (ezkontza hitzarmenetan, testamentuetan, etab.).

Puntu honetan, argi eduki behar duzu, guk dokumentu guztiak ez dauzkagula bat-banaka deskribatuta eta ondorioz, bilatzen dugun agiriaren gako batzuk edukitzea beharrezkoa dela (data, parte hartzen dutenen izen-abizenak, etab.).

3. Notarioen aurkibideak kontsultatzea:

Herri bakoitzak bere notarioa dauka eta hark urte batean eginiko eskriturak liburu batean jasotzen ditu (protokoloak deiturikoak). Protokolo bakoitzak bere aurkibidea dauka eta aurkibide horietan liburuan jasotako eskriturak izendatzen dira. Beraz, eskritura bat aurkitzeko aurkibideak kontsultatu behar dituzu. Horiek online katalogoan digitalizatuta daude.

Notarioen eskrituren gaineko informazio gehiago hemen daukazu.

4. Hipoteka Kontularitzen funtsa:

Gaur egungo jabetza erregistroen aurrekari zuzenak dira. Gipuzkoan, Hipoteka kontularitzek 1768 eta 1862 bitartean funtzionatu zuten. Bertan, hainbat ekintza juridiko jasotzen ziren (salerosketak, jaraunspenak,…), non mailegu baten berme moduan ondasun higiezinak (etxeak, baserriak, lursailak…) jartzen ziren.

Beraz, puntu honetan oso garrantzitsua da jabetza erregistroan eman dizuten informazioa: bertan jarriko du baserria hipotekatuta dagoen edo ez, eta hala bada, funts honetan informazio gehiago aurkitu dezakezu.

Funts honi buruzko informazio gehiago hemen daukazu.