Gipuzkoako Hipoteka Kontularitzak (1765-1862)

Hipoteka Kontularitzak, gaur egungo jabetza erregistroen aurrekari zuzenak dira. Gipuzkoan, Hipoteka kontularitzek 1768 eta 1862 bitartean funtzionatu zuten. Bertan, hainbat ekintza juridiko jasotzen ziren (salerosketak, jaraunspenak,…), non mailegu baten berme moduan ondasun higiezinak (etxeak, baserriak, lursailak…) jartzen ziren. Hipoteka erregistroa, beste hainbat erregistroren antzera, forma zehatz batekin sortu ziren, erregistro-liburuetan, Carlos III.ak 1765. urtean emandako Baiespen Pragmatika jarraituz. Liburu horietan, ondasun higiezinei eragiten zieten negozio juridikoen berri ematen zen. 

Hipoteken kontularitzak ia ehun urte iraun zuen bitartean, bi modu desberdinetan antolatu ziren organikoki. Hori kontuan hartu behar da informazioa behar bezala aurkitu ahal izateko:

1. Hasieran, 1768an sortu zirenetik 1844 urtera arte, Gipuzkoako udal bakoitzeko kontularitza erregistro bat egoten zen. Ondorioz, garai honetan udal-kontularitza liburuak izango ditugu, udalerri bakoitzak sortzen zituenak.

2. 1845etik eta kontularitza desagertu arte (1862), erregistroa egitearen ardura lehen auzialdiko epaitegiek zuten. Gipuzkoako kasuan lau ziren: Azpeitia, Bergara, Donostia eta Tolosa. Ondorioz, erregistro liburuak barrutiko erregistro liburu izatera pasa ziren, nahiz eta, batzuetan, barruti judizialek udalerri jakin bateko erregistroak jaso. Garai honetan ere, hipoteka kontularitzen aurkibideak sortuko dira. Tresna hauek informazioa bilatzeko ezinbestekoak dira, herrien eta alfabetikoki antolatutako aurkibideak baitira eta, ondorioz, informazioaren bilaketa asko errazten dute.

Bigarren garai horretan udal liburuak barruti judizialetara pasa ziren eta, horregatik, gaur egungo sailkapenak jatorri hau errespetatzen du. Web honetan bertan kontsultatu dezakezu artxiboan gordetzen ditugun Hipoteka Kontularitzaren erregistro liburuen zerrenda osoa, osotasunean deskribatuak eta digitalizatuak baitaude.