Dokumentuak aurkitzeko bide berri bat, "Ipuscuako Agiriak"

GFAko Kultura sailak "Ipuscuako Agiriak" webgunea aurkeztu du, eskuizkribu historikoen irakurketari adimen artifiziala aplikatzen dion zerbitzu aitzindaria.

Proiektua Gipuzkoaren izena lehen aldiz idatziz aipatu zenetik mila urte bete diren oroitzapenaren barruan kokatzen da, eta Batzar Nagusien eta Aldundien milaka dokumentu historiko munduko edozein lekutatik eskuratzeko aukera emango du.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak Ipuscuako Agiriak proiektua eta webgunea aurkeztu ditu gaur goizean prentsaurrekoan. Ekimen berritzailea da hau eta adimen artifiziala erabiltzen du eskuizkribu historikoen irakurketa eta kontsulta errazteko. Ekitaldian izan dira Goizane Alvarez Kultura diputatua, Ramon Martin Artxibo eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuburua, Maider Etxagibel Gipuzkoako Artxibo Orokorreko arduraduna eta Luis Morró Transkriptorium enpresako ordezkaria.

Alvarezek nabarmendu duenez, "Ipuscuako Agiriak-ekin garai berri bat ireki dugu teknologiaren eta memoria kolektiboaren arteko harremanean. Adimen artifiziala ondasun komunaren zerbitzura jartzen da, ezagutzaren eta gardentasunaren zerbitzura. Gure dokumentu-ondarerako sarbidea demokratizatzen dugu, edonorentzat eskuragarri egiten dugu, edonondik, oztopo tekniko eta ekonomikorik gabe". Kultura Departamentuak bultzatutako proiektu hau Gipuzkoako Foru Artxibo Historikoek garatu dute, Transkriptorium AI S.L. enpresarekin lankidetzan. Valentziako startup hori Valentziako Unibertsitate Politeknikoko Patroiak eta Giza Hizkuntza Ezagutzeko Zentro Teknologikotik sortu zen.

Probabilitate-indexazioko eta ikaskuntza automatikoko teknologiaren aplikazioari esker, sistemak testu-bilaketak zuzenean egiteko aukera ematen du eskuz idatzitako milaka orrialdetan, orain arte paleografiari buruzko ezagutza konplexuak behar zituzten dokumentuetan jasotako informazioa eskuragarri jarriz. Gaur egun, 220.000 orrialde baino gehiago indexatu dira Gipuzkoako Batzar Nagusien eta Aldundien aktetakoak, XVI. eta XX. mendeen artekoak, Gipuzkoako autogobernuaren historiaren lau mendeetakoak.

Ezagutzaren eta ikerketaren zerbitzura dagoen tresna

Zerbitzu berri hau ikertzaileen eta herritarren lana errazteko sortu da, akta historikoetan zuzeneko bilaketak egiteko aukera emanez, milaka orrialdeko irakurketa linealak egin beharrik gabe. Sistemak ez ditu transkripzioak bakarrik eskaintzen, baizik eta hitzen edo kontzeptuen kokapen probabilistikoa, erabiltzaileak aukeratutako ziurtasun-mailaren arabera doitu daitekeena. Horrela, adibidez, "enfermedad", "Oyartzun" edo "deporte" terminoak agertzen diren dokumentu guztiak kontsulta daitezke, mendeetan zehar lurraldearen eta erakundeen bilakaeraren zeharkako ikuspegia eskainiz.

Bilaketak egiteko orduan erabiltzaileek kontutan eduki behar dute aktak gazteleraz idatzita daudela eta ondorioz, bilaketa terminoak hizkuntza horretan idatzi behar dituztela.

Proiektua hainbat fasetan egituratu da. Lehenengoan, XVIII. mendetik XX. mendera eskuz idatzitako akten 195.000 irudi landu dira; bigarrenean, XVI. eta XVII. mendeetako 25.000 orrialde transkribatuak gehitu dira; eta, gaur egun, XIX. mendearen bigarren erdialdeko eta XX. mendeko akta inprimatuetan oinarritutako hirugarren fase bat garatzen ari da. Emaitza etengabeko bilakaeran dagoen zerbitzua da, kontsulta berri bakoitzarekin "ikasten" duena eta interpretatzeko gaitasuna pixkanaka finkatzen duena.

Gipuzkoako dokumentu-ondarea zabaltzeko beste urrats bat

Ipuscuako Agiriak aurrerapen berri bat da, ibilbide luzeko artxibo-politikaren barruan. Proiektu hau ez zen posible izango Gipuzkoako Foru Artxiboek — eta, bereziki, Gipuzkoako Artxibo Orokorrak — azken berrogei urteetan deskribapen, digitalizazio, zaharberritze eta zabalkundean egindako aurretiazko lanik gabe.

Ipuscuako Agiriak Gipuzkoako Artxibo Atariak hasitako lanaren osagarri da. Atari horrek 800.000 erregistro deskriptibo eta 4 milioi irudi baino gehiago biltzen ditu foru artxiboetan gordetako dokumentuei dagokienez. Zerbitzu berri honek beste urrats bat ematen du ondare dokumentalaren hedapenean, XVI. mendetik XX. mendera Gipuzkoako historia egituratu duten erakundeen aktek jasotzen duten informaziorako sarbidea zabalduz.

Bihar asteartea, urriak 21, Gipuzkoako Artxibo Orokorrak (Tolosa) ateak irekiko ditu prentsarako bisita gidatuak eskaintzeko eta sistemaren funtzionamendua bertatik bertara erakusteko.