'Ene laztan gozo ederra...', euskaraz idatzitako antzinako dokumentu bat argitara
Artxiboko ‘ekosistemak’ fruituak eman ditu berriro, euskararen ezagutzaren gainekoak kasu honetan. Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan aritzen diren ikertzaileen (historiagile, filologo) eta artxibozainen arteko elkarlanari esker euskaraz idatzitako antzinako testu bat lokalizatu, identifikatu, eta nabarmendu ahal izan da.
Artxiboan egiten ari den ikerketa lan baten harira, Rosa Ayerbe doktoreak testuaren presentziaz ohartarazi zion artxibo zerbitzuari, nola notario-formulario motako idazki baten inguruan euskaraz idatzitako hitz batzuen presentzia zegoen, hain zuzen ere.
Artxiboko lantaldeak, Iago Irijoa doktorearen laguntzarekin, lehenbiziko transkripzio bat proposatu zuen gero. Sakoneko transkribaketa osatu beharra zegoen, testuaren beraren egoera irakurgaitza dela eta. Alde batetik, agiria dokumentuen babes gisa erabili zen eta horrek, mende hauetan guztietan sortak izan dituen gorabeherak pairatzen lehenengoa izan delako. Bestetik, testua bera idazketa-froga modukoa delako, euskarazko esaldiak gaztelaniazko testu batek uzten dituen zirrikituen artean idatzi zelarik. Ondorioz, euskarazko testu honen presentzia orain arte oharkabean igaro izana ez da harritzekoa, testu hori digitalizatuta eta Gipuzkoako Artxiboen Atariaren bidez kontsultagarri moduan egon den arren.
Azkenik, artxibo erabiltzailea den eta garai horretarako dokumentuak ondo ezagutzen dituen Ander Ros Cubas filologoarekin harremanetan ipini ginen dokumentuaren lehenbiziko balorazio filologikoa egiteko eta dokumentuaren balioaz bere iritzia emateko.
Testua notario formularioaren eskritura baten ertzetan idatzita dago, ez zen, bada, gordetzeko sortutako dokumentu bat, errefortzu fisiko gisa erabilitako bifolio bat baizik. Horrek eraginak izan ditu dokumentuaren gainean,esparru batzuetan papera galdu baita eta idazki frogez (probatio pennae) josita dagoenez gero dokumentuak asko sufritu du.