Estatistikako Probintziako ordezkaritzaren funtsaren garrantzia

Estatistikako Probintzia-ordezkaritzak hainbat esparrutako datuak jaso eta lantzen zituen, eta horren emaitza hileroko eta urteroko laburpenak ziren, zein Estatistikako Institutu Nazionalera bidaltzen baitziren. 

Hurrengo taulan agertzen dira esparru horietatik interesgarriak izan daitezkeen dokumentuak:

Esparruak

Informazio-mota

Demografia

Itsasontzien mugimendua eta itsasotik bidaiatzen duten pertsonen inguruko informazioa badago: sarrera- eta irteera- zerrenda nominalak (1885-1939), ontzien eta bidaiarien mugimenduen laburpenak (1884-1953), memoriak eta itsas bidaiariei buruzko txostenak badaude.

Izenen zerrenda horietan agertzen diren pertsonen izen-abizenak eta jatorriak jaso ditugu pdf honetan.

Populazio-mugimendu naturalaren informazioa (1876-1955) badago: heriotzen, jaiotzen, iragaitzazko bidarien eta ezkontzen laburpenak.

Badaude kaleen errotulazioa eta eraikinen zenbakitzearen estatistikaren barruan eraikin eta aterpeen laburpenak (1930-1959).

Populazio-erroldaren estatistikaren informazioa (1877-1963) dago: egitezko eta zuzenbidezko biztanleen laburpenak, egitezko populazioaren atzerritarren fitxak, Biztanleen erroldari eta haren aldaketei buruzko erreparo-pleguak.

Izendegiaren inguruko informazioa (1887-1959) dago: biztanle-entitateen zerrendak eta fitxak; eskatutako eraikuntza-lizentzien hileroko zerrendak; eraikin berrien obra-proiektuen laburpenak; bertan behera utzitako etxebizitzen laburpenak;  eta jendea bizi den eraikin berriei edo eraberritutako eraikinei dagozkien etxebizitzen laburpenak.

Osasuna

Ongintzari buruzko informazioari dagokionez (1930-1961), laburpenetan honako datu hauek jasotzen dira:  gaixoen, haur abandonatuen eta ahalmen mentalen narriadura duten pertsonen harreren eta mugimenduen kopurua; eta Gipuzkoako ospitale, asilo, sorospen-etxe, amatasun-etxe eta osasun mentaleko zentroetan emandako zerbitzuen kopurua.

Osasun-demografiaren inguruko informazioa (1934-1961) badago: Gipuzkoako hiriburuan eta udalerrietan izandako jaiotza- eta heriotza-kopurua islatzen da laburpen horietan.

Gaixoen mugimenduen (kausaren, adinaren eta abarren arabera sailkatuta) eta artatutako gaixoen hileko kopuruen inguruko informazioa badago (1934-1961).

Ekonomia

Kontsumoko gaien batez besteko prezioaren informazioa (1831-1931) dago: kontsumo-artikuluen eta jornal moten urteko eta seihileko laburpenak.

Badaude Udal hiltegi bakoitzean hildako abereen hileroko laburpenak (1922-1943).

Industriari lotutako laburpenak  daude, adibidez arrain-kontserba fabriken (1949-1956), kotoi-ekoizpenaren (1950-1953)  eta  ekoitzitako bizikleten inguruko laburpenak edo zerrendak (1940-1959).

Errepide eta bideetako zirkulazio-istripuen estatistika (1949-1954) dago: istripu-kopurua, ibilgailu motordunek soilik izandako istripu-kopurua, biktimen kopurua (zaurituak eta hildakoak) eta kalte materialen balioaren ingurukoa.

Merkataritza-erregistroari, kapital- edo finantza-kargen jaulkipenei, eratutako eta aldatutako sozietateei, banku-jarduerari eta ordainketa-etendurei eta porrotari buruzko laburpenak (1923-1953) badaude.

Kultura

Gipuzkoan argitaratutako egunkarien, aldizkarien eta memorialen izen zerrendak (1945-1954) badaude.

Liburutegien mugimenduari dagokionez, obra eta irakurleen hiruhileko eta urteko laburpenak kontsulta daitezke. Baita liburu dendetan saldutako obren zerrendak ere. Izan ere, Gipuzkoako hiriburuko eta udalerrietako liburutegietako obren eta irakurleen mugimenduak ikertu daiteke (1914-1954).

Hezkuntza

Eskola-errolda osatzeko dokumentazioa (1922) eta irakaskuntza pribatu eta publikoko ikastetxeen zerrendak badaude (1965-1968 ikasturtekoak).

Hauteskundeak

Hautesle erroldak, 1897-1951 bitartekoak dira 1934ko errolda bereziki interesgarria da, emakumeak agertzen diren lehenengoa baita. Errolda horiek baliagarriak dira pertsona horiek non erroldatuta zeuden identifikatzeko.

Familiaburuen hautesle-errolda (1945) eta Adinez nagusiko egoiliarren eta familiaburuen auzokideen hautesle-erroldak (1946-1951) badaude ere.

Zinpeko errolden (1931-1935) inguruko informazioa dago. Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko Epaitegiek zerrenda ziurtatuak bidaltzen zizkioten estatistikako ordezkaritzari, epaimahaikide izateko gaitasunik ez zuten gizabanakoenak (auzipetuak, kondenatuak eta errudun deklaratu ez zituzten lehiakideak) zinpeko erroldetan ez agertzeko. Hori dela eta, hainbat zerrenda sortu ziren: auzipetuena; aflikzio- edo zuzenketa-zigorretara kondenatuak izan zirenenak; bi aldiz edo gehiagotan instrukzio-epaitegiek delituagatik kondenatuak izan zirenenak; onura publikoaren laguntza jaso zuten gizabanakoenak; zinegotzien edo zinegotzi ohienak; probintziako diputatuenak; eta herriko zergadun nagusienak.

Justizia

Suizidioari buruzko informazioa: epaitegiek beren buruaz beste egiteagatik hasitako sumarioei buruz betetako hiruhileko parteak bidaltzen zituzten (1917-1949).

Lan Magistraturak izapidetutako gaien (soldata, kaleratze, lan istripu, eta oporren ingurukoen) urteko laburpenak (1939-1954) badaude.

Gizarte gaiak

Urteko eta hiruhileko lan-istripuen laburpenak eta udalerri bakoitzeko lan-istripuen zerrendak jasotzen ditu (1922-1954). Pertsonen datuak banaka jasotzen dira; kasu honetan, datu pertsonalak dira eta sarbidea mugatuta dago.

Meteorologia

Behaketa meteorologikoen urteko eta hiruhileko laburpenak (1920-1954) ditugu, eta honako datu hauek biltzen dituzte: presio atmosferikoa, tenperatura, hezetasun erlatiboa, haizearen norabidea eta abiadura, euri kopurua, euri eta elur egunen kopurua eta egun oskarbien, hodeitsuen eta estalien kopurua.