Bi erakundek sortutako dokumentazioak osatzen duen funts-taldea da hau: Igeldoko Meteorologia Behatokiak (1909tik gaur arte) eta Euskadiko AEMETen Lurraldeko Ordezkaritzak (1942tik gaur arte). Funts-talde honek bi erakunde horien dokumentu-ekoizpenaren zati bat islatzen du eta dokumentazio administratiboa eta zientifikoa jasotzen dira.
Igeldoko Meteorologia Behatokia 1905ean sortu zen, Gipuzkoako Aldundiaren babesean eta Juan Miguel Orkolaga aitaren bultzadari esker. Hasiera batean, itsasoko denboraleak iragartzeko eta arrantzaleei laguntzeko iragarpenak egitea zen helburu nagusia. Baina, ondoren, Mariano Doportoren zuzendaritzapean, 1927tik 1936ra, zentro honek proiekzio zientifiko handiko etapa bizi zuen: metodikoki jaso ziren datu meteorologiko asko, eguneroko lehen buletinak argitaratu ziren eta ikerlan ugari argitaratu ziren. Gerra Zibilean (1936-1939), behatokia militarizatu eta altxatuen hegazkinei informazioa emateko erabili zuten. 1940an, behatokia Meteorologia Zerbitzu Nazionalean sartu zen, Karlos Santamariaren zuzendaritzapean. Hortik aurrera, behatokiak ondorengo lanak gauzatu zituen: meteorologia aeroportuarioa, nabigaziorako meteorologia eta eguneroko behaketa. 1979.ean meteorologia sistema espainiar osoa berregituratu zen eta ondorioz, behatokiaren zuzendaritza Jose Ignazio Alvarez Usabiaga-ren eskuetan gelditu zen. Gaur egun, 2008.etik aurrera, behatokia AEMET-en Euskadiko Lurraldeko Ordezkaritzaren parte da.
Euskadiko AEMET-en Lurraldeko Ordezkaritza 2008an sortu zen, AEMET (Estatuko Meteorologia Agentzia)-en barruan. Agentzia honen helburua estatuaren eskumena diren zerbitzu meteorologikoak garatzea eta ezartzea da. AEMET-ek urte gutxi badauzka ere, meteorologia zerbitzuak estatuan ibilbide luzea dauka eta historian zehar izen ezberdinak jaso ditu: XIX. mende bukaeran Meteorologia Institutu Zentrala (ez zegoen lurraldeko ordezkaritzarik), Meteorologia Zerbitzu Espainiarra (1921-1932), Meteorologia Zerbitzu Nazionala (1932-1978. Lurraldeko ordezkaritzak "Bizkaiko Golkoko Meteorologia Zerbitzua" edo "Donostiako Meteorologia Zentro Zonala" izena zuten) eta Meteorologia Institutu Nazionala (1979-2008. Lurraldeko ordezkaritzak "Euskadiko Lurraldeko Meteorologia Zentroa" zuen izena).
1. Paperezko dokumentazioa: 96 instalazio-unitate dira, partzialki digitalizatuak eta beraz, lineako katalogotik kontsulta daitezke. Zehazki, dokumentu-serie oso bat digitalizatu da (2.2. Itsaontziko mezu meteorologikoak) eta gutuneriaren zati handi bat (1.081 eskutitz digitalizatu dira, 15 urtetik gorako aldia hartzen dutenak, 1923tik 1937ra. Hau da, Mariano Doportok sortutako gutuneria guztia).
Artxibo honetan gordetako dokumentazioak 1909tik 2016ra bitarteko aldia hartzen du, eta bi erakundeek (Igeldoko Meteorologia Behatokiak eta Euskadiko AEMETen Lurraldeko Ordezkaritzak) sortutako dokumentazioaren zati bat da. Azpimarratu behar da zenbait dokumentu-serie (batez ere, izaera zientifikokoak) aktiboan daudela erakunde horietan eta ondorioz, ez direla artxibo historikora transferitu.
Bibliografia interesgarria: LLANOS ARAMBURU, Félix; RECALDE DELGADO, Ana Isabel; SANZ GARRIDO, Begoña; URZAINKI MIKELEIZ, Asunción. El Observatorio de Igueldo. Memoria y Discurso. Madrid: AEMET, 2011.
Funtsa kontsultatzeko baldintzak:
Kontsulta librea da. Edozein pertsonak kontsulta dezake dokumentazioa, bai aurrez aurre artxiboan, bai Internet bidez.