Bero-kolpea da Behobia-Donostian ezbeharrak izateko arrisku nagusia

Kirola, osasuna eta lasterketaren arteko harremana aztertu zuten Behobia-Donostiaren testuinguruan antolatutako euskarazko hitzaldian

Foto de 
 Bero-kolpea da Behobia-Donostian ezbeharrak izateko arrisku nagusia

Behobia-Donostia lasterketa ospetsua hurbiltzen ari den honetan, kirola modu seguruan egiteko kontuan zer eduki behar den aztertu zuten urriaren 6an Donostiako San Telmo museoan. Bertan osasunaren eta kirolaren munduko zenbait aditu aritu ziren hizketan eta nazioarte mailan egiten ari diren zenbait ikerketaren berri ere eman zuten. Ikerketa horietan oinarrituta kirolaren inguruan zabalduta dauden hainbat ideia oker eta datu harrigarri plazaratu zituzten.

Lehenik eta behin, azken urteetan Behobia-Donostia lasterketaren arrakasta handitzen ari dela adierazi zuen Iñigo Etxeberriak (Behobia-Donostiako koordinatzaileak) eta proban 30.000 parte-hartzaile inguru izatera ere heldu direla esan zuen. Herri lasterketa izanik, edonork hartu ahal izaten du parte eta horrek prestatu gabeko jendearen parte-hartzea ere badakarrela esan zuen. Hala, ezbeharrik egon ez dadin, prebentzioaren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen eta zentzu horretan, parte-hartzaileek izen-emateko orduan zenbait aholku jasotzen dituztela nabarmendu. Dena den, aholkuak aholku, 2002. urtetik hona hainbatetan artapen kopuru bereziki altuak izan direla azaldu zuen eta Etxeberriaren ustez esanguratsua da ikustea artatuak izan diren pertsona asko kirolariak, gazteak eta prestatuak izan direla.

Hori horrela, gaia osasunaren aldetik landu zuen Felix Zubiak (Donostia Unibertsitate Ospitaleko medikua) eta, ezer baino lehen, kirola erregularki eta modu neurtuan egitea biziki osasuntsua dela adierazi zuen. Bere esanetan, jarduera fisiko kontrolatua egiteak onura asko dauzka eta diabetea, minbizia, osteoporosia eta bestelako zenbait gaixotasun jasateko arriskuak behera egiten du. Beraz, kirola egitea oso gomendagarria dela argi utzi nahi izan zuen. Alabaina, ezin esan beti kirolaren eta osasunaren binomioa elkar harturik doazenik, izan ere, mundu mailako hainbat ikerketaren arabera, kirol gehiegi egiteak epe luzera arriskuak sor ditzakeela esan zuen. Ikerketa horien arabera, astean lau ordu baino gehiago erritmo azkarrean entrenatzen duen batek epe luzera bihotz-arazoak izateko arrisku handiagoa izango luke, mantsoago entrenatzen duen batek baino. Halaber, ideia hori adibide bat emanez sakondu zuen eta duela hogei urte Finlandian iraupen-eski lasterketa batean aritu ziren 52.000 kirolariri egindako ikerketa baten berri eman zuen. Esan zuenez, iraupen-eski lasterketa hartan emaitza hobeak izan zituztenek arritmia gehiago jasaten zituzten gaur egun, eta emaitza okerragoak izan zituztenek, berriz, arritmia gutxiago.

Probaren eguna. Prestakuntza eta entrenamenduak gorabehera, probaren egunak kirolariengan berebiziko garrantzia izaten duela adierazi zuen Zubiak eta eguraldiak eragin izugarria izaten duela korrikalarien errendimenduan. Bere esanetan, tenperatura 15ºC baino altuagoa denean, kirolariak bero-kolpea jasateko aukerak asko handitzen dira eta hori izaten da, hain zuzen, kirolariek Behobia-Donostian ondoeza jasateko arrazoi nagusia. Azken hamar urteetan 1.529 korrikalari artatu behar izan dituzte eta hori gutxi gorabehera korrikalarien %1.5 da. Hala, kontuan izan behar da artapen kopuru normala %0.15 izaten dela, hau da, Behobia-Donostian batzuetan izan dena baino hamar aldiz gutxiago. Hori ulertzeko, beraz, kontuan izan behar da lasterketa azaroan izaten dela eta eguraldia oso aldakorra izaten dela garai horretan, eta zenbait urtetan 20ºC-tik gorako tenperaturak ere izan direla. Horren adibidea da, azken urterik beroenak 2008, 2011 eta 2015 izan zirela eta artapen kopuru altuenak urte horiexetan izan zirela, hain zuzen. Horrenbestez, harreman oso zuzena dago baldintza meteorologikoen (tenperatura, hezetasuna eta haizea), kirolarien errendimenduaren eta bero-kolpeen artean.

Dena den, artapen kopuru altu horren atzean dagoen beste faktore bat psikologia mailan kokatu zuen. Behobia-Donostian parte hartzen dutenen artean lasterketa nola edo hala bukatzeko gogoa azpimarratu zuen eta ondorioz gorputza gehiegi behartzen dute zenbaitek. Esan zuenez, gainera, jarrera hori ez da orokorra, izan ere Suedian egindako proba bertsu batean, jendeak lasterketa beste filosofia lasaiago batekin hartzen du eta, beraz, hemengo izaerari lotutako aldagai bat dela adierazi zuen. Hala ere, Zubiak aurkeztutako datuen arabera, burugogorkeria horrek ez die berdin eragiten gizonei eta emakumeei, izan ere, lasterketak denengan eragin fisiologiko berdintsua duen arren, parte hartzaileen %24 izan ohi dira emakumeak eta artatuak izaten direnen artean %8 besterik ez dira izaten emakumezkoak.

Beraz, horrekin guztiarekin nahiko zabalduta dagoen iritzi bat gezurtatu nahi izan zuen Zubiak. Bere iduriko, ezbeharren bat dagoenean sendagile baten aurretiazko artapenak ezbeharra ekidin zezakeela dioen ideia oso zabalduta dago, baina bere iritziz ezbeharrak daudenean beste faktore asko hartu behar dira kontuan: lasterketa eguneko eguraldia, burugogorkeria… Hori justifikatzeko, gainera, esan zuen Behobia-Donostia lasterketan izan diren lau hildakoak gazteak, kirolariak eta medikuarekin harremanetan zeudenak zirela. Beraz, gezurtatu nahi izan zuen ezbeharraren eta sendagilearen aurretiazko artapenaren arteko lotura zuzena.

Bi lekukotasun. Etxeberriak eta Zubiak emandako azalpenez gain, Arantxa Errazkinen (Bidasoa ESIko medikua eta kirolaria) eta Uxue Fraileren (mendi lasterkaria) lekukotasunak ere izan ziren. Biek kirola modu burutsuan egitea zein garrantzitsua den nabarmendu zuten eta norberaren mugak non dauden jakitea eta hori onartzea oinarrizkoa dela adierazi zuten. Era berean, Frailek, pertsona guztiak desberdinak direla eta norberaren ibilbidea ere desberdina dela azpimarratu nahi izan zuen eta, beraz, berezitasun horiek guztiak aintzat hartu behar direla, baita ikerketak egiteko garaian ere.

Hitzaldia Euskadi Irratiko Arritxu Iribar kazetariak dinamizatu zuen eta Behobia-Donostia lasterketaren testuinguruan kokatu zen. Antolakuntzan Bidasoaldeko eta Donostialdeko Osakidetza, Bagera Euskara Elkartea, Behobia-Donostia lasterketa, San Telmo museoa, Urrats euskaltegia, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala aritu ziren elkarlanean.