Ixa taldea - 2013

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2013ko Anton Abbadia saria Euskal Herriko Ixa taldeari eman zion. Hizkuntzaren tratamendu automatikoan lan egiten du Ixa taldeak, 1987 urteaz geroztik. Euskararen gaineko ikerketa aplikatuan dihardu batez ere, baina beste hizkuntza batzuetan ere ikerketak egiten ditu eta produktuak garatzen. Euskal Herriko Unibertsitateko ikerkuntza talde honetan 32 informatikarik, zortzi hizkuntzalarik, ikerkuntzako bi teknikarik eta administrari laguntzaile batek parte hartzen dute.

Epaimahaiak Ixa taldearen zenbait merezimendu kontuan hartu ditu errekonozimendu hau aitortzeko. Honakoak:

  • Unibertsitate publikoan egonik, enpresekin eta bestelako agenteekin kolaboratzeko joera du, euskalgintzan aritzen direnekin bereziki. Horrela sortu dira lankidetzak hainbat enpresa eta erakunderekin: Aholab ikertaldea, Eleka, Elhuyar, Vicomtech, Robotiker, Plazagune, UZEI, UEU, Euskaltzaindia, Berria...
  • Taldearen lana honela labur daiteke: 60tik gorako proiektu finantzatu, 20tik gorako tresna eta aplikazio, 23 tesi, eta 300 bat artikulu.
  • Sortu dituen aplikazio nagusiak: Xuxen zuzentzaile ortografikoa, leXkit hiztegien edukiak editatzeko eta kudeatzeko ingurunea, Opentrad itzultzaile automatikoa, Multimeteo euskaraz parte meteorologikoen sorkuntza automatikoa, BertsolariXa errimak bilatzeko tresna, Berbatek dokumentalen azpitituluen itzulpen automatikoa, BASYQUE euskararen sintaxiaren aldaketak aztertzeko aplikazioa, Anhitz euskararako 3D aditu birtuala.

Sari honen bidez, euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Aurtengo Abbadia saria abenduaren 2an emango du Aldundiak, Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko ekitaldien barruan. Sariaren ikurra Zuhar Iruretagoiena artista zarauztar gazteak egindako obra bat izango da. Horrez gain, saritua 6.000 euroz hornituko da.