Tinko Euskara Elkartea - 2004

Zer da Tinko Euskara Elkartea?

Tinko Euskara Elkarteak 1993-1994 ikasturtean hasi zuen bere ibilbidea. Bazirudien euskararentzat debeku zela areto komertzialetan sartzea eta bidegabekeria hori konpontzeko sortu zen «Euskara Zine Aretoetara» programa.

Areto komertzialetan estreinatzen diren filmak euskaraz ikustea helburu izanik, lehenik ohitura sortu beharra zegoela erabaki zuen, eta ohiturak sortzeko, txikitatik hobe. Horregatik, eskola umeekin hasi zen lanean, eskola orduetan filmak erakusten, eta Hezkuntza Sailaren laguntzarekin, film bakoitzari dagokion material didaktikoa sortzen, baloreak lantzeko. Horrela, filma euskaraz ikusteaz gain, bertan agertzen diren baloreak azpimarratu nahi izaten ditu Tinko Euskara Elkarteak, haur eta gazteen hezkuntza jatorrean lagundu nahirik.

Antolakuntza

Mundu osoan zehar bilatzen ditu Tinko Euskara Elkarteak haur eta gazteentzat egokiak diren filmak. Gehienak Europan aurkitzen ditu. Eskubideak erosi, bikoiztu, film bakoitzaren baloreak lantzeko material didaktikoa sortu eta ikastetxe guztiei eskaintzen dizkie ikasturtea hasi aurretik.

Euskal Autonomi Elkartean zine areto komertziala duten herri guztiekin hitzarmenak ditu Tinko Euskara Elkarteak. Haien laguntzaz, urtean hamar film proiektatzen dira, hiru urtetik hamasei urte bitarteko haur eta gazteentzat; horrela, adin multzo bakoitzeko haurrak bi edo hiru film ikusiko ditu urtean.

Gauza bera egiten da Ipar Euskal Herrian Udaleku elkartearen laguntzarekin eta Nafarroan Karrikiri elkartearen bidez.

Gaur egungo egoera

Hamar urte pasa dira Tinko Euskara Elkartea lehen urratsak ematen hasi zenetik eta pixkanaka helburua batzuk betetzen hasiak direla esan daiteke.

Gaur egun, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntzari esker, filmak areto komertzialetan estreinatzen dira, lehenik hiriburuetan eta gero herriz herri.

Film horiek estreinatu eta urte betera Tinko Euskara Elkarteak eskola orduko zirkuitu horretan banatzen ditu.

Helburua argia dauka Tinko Euskara Elkarteak: Euskal Herriko haurrek, hemen estreinatzen diren film guztiak euskaraz ikusteko aukera izatea.