Ir al menú principal Ir al contenido principal

Quiénes somos

Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiaren eskumenak eta zereginak

Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiak eginkizun orokor hauek ditu:

  • Gipuzkoako bi hizkuntza ofizialen berdintasuna sustatzeko helburuarekin, euskararen aldeko neurri bereziak hartzea.
  • Euskararen ondare eta kultura balioaz jabearaztea.
  • Euskararen erabilera soziala normalizatzearen aldeko konpromisoa indartzea gipuzkoar guztien artean.
  • Euskararen erabilera soziala normalizatu eta sustatzearekin zerikusia duten ekintzetan gainerako administrazio publikoekin elkarlana sakondu eta sendotzea.
  • Gipuzkoako Foru Aldundian euskararen erabilera normalizatzeko jarduera planifikatzea eta erakundearen kudeaketa orokorraren baitan txertatzea, departamentuek eta zerbitzuek izan dezaten plangintza betetzeko ardura, horretarako behar adina aholkularitza, lankidetza, partaidetza eta prestakuntza, eskainiz.
  • Itzulpen politika eraginkorra gauzatzeko oinarrizko irizpideak zehaztu eta ezartzea, euskararen erabilera normalizatzeko planaren barruan; eta, zehazki, Gipuzkoako Foru Aldundian hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duten xedapenen arabera.
  • Gipuzkoako Foru Aldundiaren kontratazio eta diru laguntza espedienteetan hizkuntza ofizialen erabileraren araudia betetzen dela bermatzea, Gipuzkoako Foru Aldundian hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duten xedapenen arabera.      
  • Euskararen erabilera normalizatzeko prozesuan herritarren parte hartzea bultzatzea.

Besteak beste, Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiaren lan programak esparru hauetara zabaltzen dira:

  • Informazioaren eta jakintzaren teknologien eremuan euskararen erabilera hedatzen laguntzea.
  • Euskarazko ikus-entzunezkoen eta eduki digitalen sorkuntza eta hedapena bultzatzea partaidetzazko ikuspegi batez eta kultura produktuen kontsumoa eraginez.
  • Euskal kulturaren eta hizkuntzaren esparruan estrategikotzat jotzen diren kultura industriak sustatzea eta inbertsioak suspertzea, batez ere ahozkotasunaren transmisioari, aisiari eta euskarazko literatura sorkuntzari dagokienez.
  • Kulturaren, aisiaren eta kirolaren esparruetan euskararen erabilera soziala hedatzeko programak antolatu eta laguntzea.
  • Gipuzkoako udalerriekin koordinazio eta lankidetza egonkorreko programak ezartzea, Eusko Jaurlaritzak euskararen erabilera soziala sustatzeko onartuak dituen irizpideen eta plan orokorren arabera.
  • Euskararen udal arduradunen eta normalizazioko udal teknikarien lana laguntzea.
  • Gipuzkoako Lurralde Historikoaz kanpoko eremuetan euskararen erabilera sustatzen duten administrazio publikoekin eta bestelako erakundeekin elkarlana bultzatzea.
  • Gipuzkoako Foru Aldundian euskararen erabilera normalizatzeko plana zehaztea departamentu eta zerbitzuekin lankidetzan, eta haiei laguntzea plana ezartzen, betetzen eta ebaluatzen.
  • Gipuzkoako Foru Aldundiaren barne zerbitzuetan euskararen erabilera garatu, sustatu eta arrazionalizatzeko urteko planak egiten laguntzea departamentuei eta zerbitzuei.
  • Gipuzkoako Foru Aldundiaren mende dauden erakunde publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko planak egiteko lankidetza eskaintzea.
  • Langileen hizkuntza trebakuntzarako programak (ALET programa) planifikatu, kudeatu eta ebaluatzea.
  • Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentu eta zerbitzuei nahiz Gipuzkoako Aldizkari Ofizialari eskaintzen zaien agirien itzulpen eta zuzenketa lana, eta hizkuntza aholkularitzakoa planifikatu eta kudeatzea.
  • Itzulpen eta interpretazio lanak kanpoko enpresekin kontratatzeko urratsak modu zentralizatuan definitu eta kudeatzea Foru Aldundiko departamentu guztientzat.
  • Foru Aldundiko departamentuek hedabideen aurrean egiten dituzten aurkezpenetan eta gisakoetan hizkuntza irizpideak txertatzea eta interpretazio zerbitzua eskaintzea.
  • Kanpoko enpresek Foru Aldundiko departamentuentzat egindako dokumentu elebidunen hizkuntza kalitatea gainbegiratu eta ziurtatzea, batik bat administrazio kontratuen alorrean.
  • Euskararen erabilera sozialaren normalizazioarekin zerikusia duten epaimahai, batzorde eta lan taldeetan parte hartzea.

Euskararen erabilera normalizatzeko VI. plangintzaldia

Aldundiaren 2018-2022 urteetako jardun linguistikoa arautzen du

Eusko Jaurlaritzaren aginduz, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publiko guztiek euskararen erabilera normalizatzeko bost urteetako planak egin behar izaten dituzte eta, tartean, noski, Gipuzkoako Foru Aldundiak. Jaurlaritzak irizpide batzuk zehazten ditu eta horietan oinarrituta erakunde publiko bakoitzak egin behar izaten ditu plan horiek, erakunde bakoitzaren errealitate linguistikoa baita.

Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako planaren helburu nagusia lan hizkuntzan aurrera pausoak ematea da, gutxi asko, Aldundiak %100 bermatzen baitu herritarrei ematen dien euskarazko zerbitzua. Hala, plangintzak hiru printzipio nagusi uztartzen ditu:

  • Hizkuntza hautuaren askatasuna: herritarrak Gipuzkoako bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan jarduteko eta hizkuntza horretan artatua izateko eskubidea dauka.
  • Hizkuntza berdintasuna: Euskaraz aritu nahi duen herritarari euskaraz aritzeko aritzeko baldintzak sortu behar zaizkio.
  • Justizia soziala: garai batean euskararen kontrako jarrerek sortutako desoreka berdintzeko, orain, baliabideak euskara biziberritzera bideratzea.  

Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiak 2018 hasieran egindako neurketa linguistikoen arabera, euskara ezagutza maila altua da, langileen artean %80tik gorak baitaki euskara ongi edo oso ongi. Gainera, hizkuntza eskakizunen bat esleituta duten lanpostuetako langileen %80k baino gehiagok dauka dagokion hizkuntza eskakizuna edo altuagoaren bat egiaztatuta. Beraz, oro har, Aldundiko langileriak euskara maila ona du. Hala ere, erabilerak ez du ezagutzak adinako gorakadarik izan azken urteetan eta horretan eragin nahi da VI. planarekin. 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskararen Erabilera Normalizatzeko VI. plana

Aldundiaren 2018-2022 urte arteko jardun linguistikoa arautzen du planak

Hausnarketa estrategikoa

Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiak 2020-2023 aldirako Plan Estrategikoa landu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Plan Estrategikoak ezarritako ikuspegi orokorraren barruan.

Jakina denez, Aldundiak Gipuzkoa ezberdintasun ahalik eta txikienak dituen lurraldea izatearen alde egin du, ekonomia, gizarte eta genero ikuspegitik bezala, hizkuntzaren esparruan ere. Horrela, ideia honi jarraituz eta hizkuntzen arteko oreka handiago bat lortzeko bidean, Aldundiaren jardunean euskarak izango du lehentasuna, eta helburu hori bera sustatuko du lurraldeko beste eragileengan.

Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiak, 2020-2023 Plan Estrategikoarekin, lortu nahi du, alde batetik, hiztunen arteko berdintasun giroa indartzea Gipuzkoako gizartean; eta, bestetik, Foru Aldundiaren departamentuetan eta langileen artean ahalduntze prozesua sendotzea, euskara izan dadin Aldundiaren zerbitzu hizkuntza eraginkorra eta ohiko lan hizkuntza.

 

Jaso ezazu hemen Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiaren 2020-2023 Plan Estrategikoa

Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiaren 2020-2023 Plan Estrategikoa