Atzealdea

Aurrekontu irekiak aurrez aurre aurten 89 herrietan

Aurrekontu irekiak aurrez aurre aurten 89 herrietan

Hasi da aurrekontu irekien prozesua Aian; aurrez aurre zein internet bidez parte hartu ahal izango da.

-ren irudia Aurrekontu irekiak aurrez aurre aurten 89 herrietan

Gaurtik hasita eta ekainaren 30era bitarte, gipuzkoar guztiek parte hartu ahal izango dute Foru Aldundiaren 2019ko aurrekontuen osaketan eta Gipuzkoaren etorkizunaren diseinuan, Aurrekontu Irekiak ekimenaren bitartez. Aurten ere, herritarren lehentasunak eta proposamenak, zein etorkizuneko kezkak jasotzea du helburu Aldundiak, aurrekontuetan isla eduki dezaten. Nabarmen indartuta hasi du bere ibilbidea prozesuak: iraupena luzatu da –hiru hilabete-, eta baita irismena ere. Izan ere, Diputatuen Kontseiluaren ondoren Imanol Lasa foru bozeramaileak argitu duenez, aurreneko aldiz Aldundia aurrez aurre iritsiko da lurraldeko 89 udalerrietara, herritarrek helarazi nahi dituzten behar eta iradokizun guztiak “pertsonalki eta bertatik bertara” jasotzeko asmoarekin.

gipuzkoa.eus/partaidetza webgunean kontsulta daiteke bisiten egutegia, aurrekontu irekien atalean. Atzo hasi ziren, Aian, eta Alegin eta Andoainen jarraituko dute bihar eta etzi, eskualde guztietara iritsiz. Iaz bezala, karpa jarriko du Aldundiak. Arretarako teknikariak izango dira bertan, parte hartzeko interesa dutenei Aldundiaren aurrekontuen edukia azaltzeko, herritar guztiei parte hartzera animatzeko, laguntza eskaintzeko, zalantzak argitzeko, eta proposamenen bilketa sustatzeko. Ordutegi jarraian egongo da karpa zabalik, 10:00etatik 19:00etara, 54 udalerritan. Gainerako herriekin, biztanle gutxien dituztenekin, aurrez aurreko topaketak egingo ditu Aldundiak.

16 urtetik gorako herritar guztiek, eta herritar kolektiboek aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak, esku orria bete eta karpan utziz. Tokian tokiko erregistroetan, eta Gipuzkoa Plazan –beheko solairua- kokatutako herritarren arretarako eta informaziorako gunean ere entregatu ahal izango dira. Guztira 310.000 esku orri inguru bidali dira Gipuzkoako etxeetara, herritarrei ahalik eta erraztasun gehien emateko. Doan bidal dezakete frankeo ordainduaz, banatu den gutunazala erabilita. Dokumentu horretan, Aldundiaren jardueraren kopuru, datu eta proiektu nagusien berri ematen da, eta baita Etorkizuna Eraikiz dinamikaren baitan, adinekoen arretari, elektromugikortasunari, edota zibersegurtasunari lotuta garatzen ari den etorkizuneko proiektu estrategikoei buruzko informazioa ere.

Arretarako eta partaidetzarako, aurrez aurreko kanalak eta birtualak uztartuko ditu prozesuak aurten ere, gipuzkoar biztanlegoaren estratu guztietara iritsi ahal izateko. Hala, hasieran aipatutako epe berean, internet bidez parte hartu ahal izango da, gipuzkoa.eus/partaidetza webgunean, aurrekontu irekien atalean. Plataforma berritu da partaidetza errazteko eta kanal horren erabilera errazteko. Proposamenak helarazteaz gain, Gipuzkoaren etorkizuneko erronkak zeintzuk diren zehaztu ahal izango da. “Etorkizuna Eraikiz gizarteratzeko apustuaren barruan, guztion kezkak eta ideiak jaso nahi ditugu, geroa elkarlanean eraiki ahal izateko, martxan dauden proiektuak aberastuz, eta berriak martxan jarriaz”, esan du bozeramaileak.

Gainera, topaketa agenda estua prestatu da aurten ere. Horren baitan, Lasak eta Joseba Muxikako Herritarren Partaidetzako zuzendariak, ikasleen, adinekoen, ekintzaileen, enpresen, eta hainbat arlotako eragile eta ordezkarien ekarpenak entzungo dituzte: kultura, kirola, boluntariotza edo gizarte politika. Partaidetza@gipuzkoa.eus posta elektronikoan, eta 943 113960 telefonoan, proposamenak bidaltzeko epea zabalik dagoen bitartean, interesa duten guztiek informazioa eta aholkularitza jaso ahal izango dute horiek prestatzeko.

 
2017ko balantzea

Iazko prozesuaren datuen berri ere eman da gaurko agerraldian. Guztira, 2.859 lagunek parte hartu zuten, eta 4.448 proposamen bidali zituzten guztira, aurreko urteko kopuruak nabarmen gaindituz -2016an 1.547 parte-hartzaile izan ziren, eta 1.168 proposamen-. 4.448 eskaera horien % 61 2018ko aurrekontuetan islatu dira. Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako departamentua izan zen eskaera gehien jaso zituena, 807; Gizarte Politiketakoak 795 jaso zituen, eta Mugikortasuna eta Lurralde Orekakoak, berriz, 622.

Kontu ematearen aldeko apustuari jarraituz, ekarpen guzti horiek departamentu bakoitzeko teknikariek osatutako memoria batean jaso dira, arrazoitzen duena zeintzuk onartu ziren, zeintzuk ez, eta zergatiak. Memoria hori aurretik aipatutako partaidetzako webgunean kontsulta daiteke. Gainera, parte hartu duten herritar guztiek erantzun pertsonalizatua jaso dute, eta onartuak izan diren eskaerak egin dituztenak, nola gauzatzen diren jarraitu ahal izango dute. “Herritarrek ez digute eskatzen entzutea soilik. Erantzuna nahi dute, argudioekin eta baita beraien iradokizunak nola txertatzen diren ebaluatu aha izatea ere. Konpromiso hori hartu dugu eta betetzen jarraitzea da gure asmoa”.

Perfilari dagokionez, parte hartu duten pertsonen erdia baino gehiago (% 58) emakumezkoak izan ziren, eta batez besteko adina, 48,6 urte. Parte hartzeko erabili zuten bitartekoari dagokionez, gehienek (% 83) aurrez aurre parte hartu zuten, Gipuzkoan herriz herri ibili zen karpetara joanda; % 8k webgunearen bidez parte hartu zuten; % 6k, elkarteekin izandako topaketetan; eta % 3k, lurraldeko etxebizitza guztietara bidali zen galdetegia osatu eta bidalita. Horrez gain, gizarte elkarte eta erakundeekin bilerak egin ziren (28), eta 527 pertsonek parte hartu zuten horietan.

Lasak azpimarratu duenez "identifikazio maila handia” dago herritarrek adierazitako lehentasun eta kezken, eta Foru Aldundiak legealdi honetarako ezarritako proiektu estrategiko nagusien eta aurrekontu sailen artean, batean zein bestean ekonomia eta etorkizuna aipatzen baitira.  Iazko aurrekontu irekietan parte hartu zuten pertsonek enpleguaren eta gizarte politiken aldeko apustua egin zuten nabarmen. Lehen arlo horretan, gehien errepikatutako eskakizuna izan zen, oro har, ekonomia sustatzera bideratutako politikak garatzea eta, bereziki, enplegu egonkorra, duina eta kalitatezkoa sortzea.

Bozeramailearen arabera, emaitza horiek berresten dute, ekonomiak susperraldi zantzuak eman arren, gizarteak etorkizunarekin kezkatuta jarraitzen duela, eta kezka horri gobernantza kolaboratiboan sakonduz eman nahi dio erantzuna foru erakundeak.  “Jendeak argi eta garbi esaten du kalitatezko enplegua ezinbestekoa dela bizitza proiektu duina garatzeko, desberdintasunak murrizten jarraitzeko, eta erakunde publikoentzako baliabideak lortzeko, gizarte laguntzako gure sistemari eusten jarrai dezaten, bereziki gizartearen zahartze prozesua ikusita, herritarrak gero eta sentsibilizatuago baitaude erronka horren aurrean". Hori dela-eta, gipuzkoar guztiei dei egin die 2019ko aurrekontuetarako beraien premiak eta nahiak adieraz ditzaten, balio publikoaren sorkuntzan ardura hartuz.

Ekintzaileei babesa

Bestalde, enpresak sortu eta garatzeko prozesuan laguntzeko programaren oinarriak onartu ditu gaur Diputatuen Kontseiluak. Aurtengo deialdiaren bitartez 1.775.665 euro bideratuko dira guztira, iazko deialdian baino 200.000 euro gehiago, ondorengo ildo estrategikoetan banatuta: enpresak sortzeko prozesuan enpresa proiektuei laguntza ematea –Txekin, 247.044 euro-; enpresak sortzeko prozesuan emakumeek sustatutako proiektuei laguntza ematea –Emekin, 456.601 euro-; oinarri teknologikoko enpresak edo enpresa berritzaileak sortzeko laguntza –Txekintek-Barnetekin, 913.202 euro-; eta ekintzaileen eta ekintzailetzaren inguruko trebakuntza, ebaluazioa, balorizazioa eta zabalkunde soziala laguntzeko jarduerak -158.810 euro-.

Ekonomia Suspertzeko Planaren lan ildoetako bat da programa. Legealdia hasi zenetik, Aldundia 50 milioi euro inbertitzen ari da urtean Plana sostengatzeko. Programa zehatz honekin orain arte lortutako emaitzak “oso positiboak” dira. Gainera, deialdiak bat egiten du EAEren esparruan martxan jartzekoa den Jarduera Ekintzailetzako Erakunde arteko bigarren Planarekin (PIE 2020). Plan honek, beste helburu batzuen artean, sustapen aurreratuari babesa ematen dion ekosistema indartzea azpimarratzen du; eta ekintzailetza berritzaileari eta teknologikoki aurreratuari emandako babesaren prozesu, berrantolaketa multzoa eta egituren hobekuntza bilatzen du Euskadin.

Programaren bitartez, hainbat neurri hartu nahi dira ekintzailetzaren bidez enplegua (autoenplegua barne) sortzen duten enpresa eraginkor eta efizienteak sustatzeko, enpresa berriak sortzeko eta garatzeko (spin-off-ak, azelerazio prozesuak, balio erantsi altuko negozioak garatzeko laguntza, etab.). Funtsean,  ekosistema ekintzaile bat garatu nahi da, zeinak politikak, fiskalitatea eta administrazioa, merkatuak, azpiegiturak, lidergoa, babes eta laguntza elementuak, eta ekintzailetzaren aldeko kultura integratuko dituen. 2017an, gaur ezagutarazitako deialdiaren bidez, 300 proiektu lagundu ziren guztira, 517 enpresa sortzea ahalbidetu zituztenak. Horietatik, 220 izan ziren emakumeek sustatutakoak. Tartean, oinarri teknologikoko 43 start up jarri ziren martxan; “kalitatezko enplegua” sortzeko bidean kopuru horrek duen garrantzia azpimarratu du Lasak.

Foru Aldundiak ekosistema hori sendotzeko eginkizuna hartzen du bere gain, eta, zeregin horretan, ekintzailetzaren katean dauden eragile guztiak tartean sartu eta pertsona ekintzaileak protagonista izango direla ziurtatu nahi du. Ekosistema ekintzaile horrek oinarrizko bi ardatz aldarrikatu behar ditu enpresa berriak sortze bidean: euskal zientzia eta teknologia sarearen protagonismoa, batetik, korporazioaren barne ekintzailetza, bestetik. “Laburbilduz, eragile bakoitzak gune aktibo gisa definitu behar du bere burua, ekintzailetza bultzatzeko Gipuzkoako sarearen barruan”, azaldu du.

Diputatuak nabarmendu duenez, ekintzailetasunaren kultura, eta pertsona ekintzaileak, “funtsezko elementua” ekonomiaren susperraldia finkatzeko, eta gizarte oparoa eta ezberdintasun tasa txikiagoa duena eraikitzen jarraitzeko. “Lanean ari gara Gipuzkoak enpresa eta enplegu gehiago eta hobeak sor ditzan, ekoizpen ekonomiaren alde eginez, bereziki etorkizuneko sektore estrategikoetan eta industrian. Gure eredu ekonomikoaren oinarri bezala, enpresa parte-hartzaileagoak, kontziliatzaileagoak, berritzaileagoak, sustraituagoak, nazioarteratuagoak eta lehiakorragoak nahi ditugu. Uste dugu enpresek egiten duten ekarpen soziala eta ekonomikoa aintzat hartu behar dela, zer esanik ez Gipuzkoan, non ekonomia ehuna enpresa txiki eta ertainek osatzen duten neurri handi batean”.

ETE-en pisua oso begibistakoa da industrian, sektore horretan, Gipuzkoan, 900 enpresa txiki eta ertain baino gehiago baitaude, guztira 31.000 lanpostu baino gehiago sortzen dituztenak, gipuzkoar industriaren osoaren erdiak ia. Gainera, lurraldeko ETE-en % 53k 25 urtetik gorako ibilbidea daukate, “Gipuzkoarekin duten lotura estua erakusten duena”. Baikor agertu da Lasa, haren esanetan azken urteetan “ekintzaileen dinamismoak” gora egin duela sumatzen baita, eta hori da gaur aurkeztutako deialdia ekonomikoki indartzea ekarri duen arrazoietako bat, “bultzada” horri erantzuna eman ahal izateko. Edozein modutan, ekonomia ehunaren lehiakortasuna indartzen jarraitu behar dela nabarmendu du, hori delako oinarria “herritarren ongizatea bermatzea eta aberastasuna sortzea” bermatuko duen etorkizuna eraikitzeko.

Deialdira eskaerak aurkezteko oinarriak eta informazio guztia GAOn argitaratuko dira laster. Programa horri, Aldundiak Elkargirekin elkarlanean martxan jarri duen finantzaketa tresna gehitu behar zaio: start up-ek eskura dezakete finantzazioa, besteak beste.