Atzealdea

Herritarren partaidetza, funtsezkoa Eibar-Maltzaga bidegorriaren onarpenean

Herritarren partaidetza, funtsezkoa Eibar-Maltzaga bidegorriaren onarpenean

Aurrekontu irekien prozesuen ondoren Debabarrenan onartutako eskaera nagusietako bat da.

-ren irudia Herritarren partaidetza, funtsezkoa Eibar-Maltzaga bidegorriaren onarpenean

Gipuzkoako Foru Aldundiak “oso irakurketa baikorra” egin du iragan urteko aurrekontu irekien prozesuan Debabarrenako eskualdeak izandako parte-hartzearen inguruan. Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak azpimarratu duenez, Eibar, Elgoibar, Deba, Mutriku eta Mendaroko herritarren “oso parte-hartze aktiboa” eduki zuten prozesuan, eta haien “inplikazioak” garrantzi handia izan du, eskualdeak dauzkan lehentasun eta premietako asko aurtengo aurrekontuetan txertatzeko, eta behin betiko gauzatzeko, udalerri horien “bizi-kalitatea hobetuz”. 

Diputatuak adibide gisa aipatu du Eibar-Maltzaga bidegorria martxan jarri izana. Aurten bertan hasiko dira obrak, eta 2019an bukatuko dira aurreikuspenen arabera. 5,1 milioi euroko aurrekontua edukiko du proiektuak. Zati horrek berebiziko garrantzia du Debabarrenako mugikortasuna hobetzeko, udalerri armaginaren eta Elgoibarren arteko lotura osatuko baitu. Ia bi kilometroko luzera eta hiru metroko zabalera edukiko du bidegorri berriak; Eibarko Barrena kalea lotuko du Elgoibar eta Maltzaga lotzen dituen oinezkoentzako eta ziklistentzako bidearekin. Luzera handiko zatia ez bada ere, oso gorabeheratsua da eta soluzio tekniko konplexuak beharko ditu, hala nola, 5 pasabide egitea.

2016 eta 2017ko aurrekontu irekien prozesuetan, bidegorriarena izan zen gehien errepikatutako eskaeretako bat. Bi urte horietan, Imanol Lasako Eibarko jubilatuen elkartearekin batzartu zen, eta iaz Unzaga plazan jarritako karpa bisitatu zuen. Lehen bileraren ondoren, Foru Aldundiak 200.000 euro bideratu zituen 2017ko aurrekontuetan proiektua idazteko. Bigarrengo bilera, berriz, iazko maiatzean egin zen adinekoen elkartearen egoitzan, 40 kide baino gehiagorekin, eta bertan, foru erakundeak konpromisoa azaldu zuen aurten proiektua esleitzeko, eta obraren bilakaeraren, zein urrats administratibo guztien berri ematen jarraitzeko: “Emandako hitza bete dugu, beraz”.

Ez da hori Debabarrenako bizilagunek egindako proposamenen artean aintzat hartu den bakarra. Izan ere, eskualdean jarritako karpetan, posta elektronikoz, edo elkarteekin egindako topaketetan beste hainbat helarazi zituzten. Horien artean, Lasak azpimarratu duenez, aurtengo 2018ko foru aurrekontuetan sartu dira Deba-Mutriku errepidea hobetzeko proiektua, ziklistentzako eta oinezkoentzako bidea barne; Mutrikuko Eguneko Zentroa, 12 plaza eskainiko dituena; Mijoako uren saneamendua; Geoparkeari egiten zaion diru ekarpena handitzea, edo eskualdeko historiaurreko ondarea balioan jartzea. 

Proposamen orokorragoak ere hartu dira kontuan, hala nola, mendiak garbitzeko lanak, euskarazko tokiko hedabideak eta euskarazko erabilera babestea -% 11,2 handitu dira laguntzak-, kontziliazioa bultzatzea, baserri bideak hobetzea –lurralde guztiko udaletara 1.600.000 euro bideratuko dira horretarako-, edota enpresa bat martxan jarri nahi dutenentzako eta emakumeentzako diru laguntzak handitzea –azken helburu horrekin Emekin egitasmoa burutzen du Foru Aldundiak-. Guztira, 763 ekarpen egin zituzten iazko prozesuan eskualdeko herritarrek, eta horietatik 517, % 67,7, Aldundiaren 2018ko aurrekontu proiektuan jaso dira.

2018ko egutegia

Ekimenaren arrakasta ikusita, aurrekontu irekien ibilbidea sendotzen jarraituko du Foru Aldundiak aurten. Apirila eta ekaina bitarte, Gipuzkoako 89 udalerrietara iritsiko da herritarrak entzuteko helburuarekin, bai aurrekontuen osaketari begira, eta baita beraien ideiekin Etorkizuna Eraikiz dinamika aberasteko ere. Debabarrenari dagokionez, proposamenak jasotzeko karparen egutegia hauxe izango da: apirilaren 25ean Deban (Foruen plaza), maiatzaren 3an Eibarrren (Unzaga plaza), maiatzaren 29an Mendaron (Herriko enparantza), maiatzaren 30ean Mutrikun (Txurruka plaza), ekainaren 11n Soraluzen (Barrixa plaza) eta ekainaren 13an Elgoibarren (Foru enparantza).

Lasak nabarmendu duenez, etorkizuna “elkarlanean” eraiki ahal izateko, oinarri garrantzitsuenetako bat da herritarren partaidetza. Hori dela-eta, bide horretan “sakontzen” jarraituko du foru erakundeak. “Herritarrek eskertu egiten dute  ordezkari publiko garenok aurpegia ematea eta kalera ateratzea, egiten duguna ezagutzera emateko eta jendeak dioena entzuteko, eta horretan dihardugu legealdi hasieratik. Jendeari aurrez aurre azaltzen diogunean Foru Aldundiak zertarako erabiltzen duen gipuzkoarron dirua, nola banatzen dituen diru sarrerak, askoz hobeto ulertzen du, nahiz eta zenbait neurrirekin ados ez egon. Bistakoa da parte hartzeak balio duela politika publikoak hobetzeko, eta gizartearen eta erakundeen arteko konfiantza eta gertutasna areagotzeko”, amaitu du.