Atzealdea Partaidetza eztabaidatu da Herritarren Partaidetzaren I. Kongresuan

Partaidetza eztabaidatu da Herritarren Partaidetzaren I. Kongresuan

Topaketari esker, Donostia herritarren partaidetzaren hiriburu bihurtu zen bi egunetan.

-ren irudia
 Partaidetza eztabaidatu da Herritarren Partaidetzaren I. Kongresuan

Etorkizuna Eraikiz ekimenaren esparruan, joan den azaroan, herritarren partaidetzaren lehen kongresua egin zen Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan. Topaketa horretan Danimarka, Mexiko eta Suitzako hizlari ospetsuak elkartu ziren, eta baita ere esparru akademikoarekin zein udal eta politika esparruarekin lotura duten adituak, denek helburu bakarrarekin: herritarren partaidetzaren inguruko esperientziak, know-howak, eta jardunbide onak partekatzea. Kongresu horretan ezagutzera eman zen Foru Aldundiaren estrategia, zeinaren helburua den "gobernatzeko moduak eraldatzea eta Gobernantza Ona Gipuzkoako Foru Aldundiaren izaeraren ezaugarri bihurtzea".

Bi jardunaldi emankor horietan, nazioarte mailan abian jarritako hainbat ekimen aurkeztu ziren. Adibidez, Danimarkako MindLab-eko zuzendariak, Thomas Prehn-ek, Danimarkako alor publikoaren antolaketa-eraldaketan izandako esperientzia aitzindaria azaldu zuen. Mexikotik etorritako Sandrine Molinard-ek, Consejo Cívico de Instituciones de Nuevo León erakundeko zuzendari nagusiak, agerian utzi zituen partaidetza sendotzeko, herritarrak  ahalduntzeko, eta kargu publikoek kontuen berri emateko erabili dituzten formulak. Halaber, Bernako Unibertsitateko (Suitza) ikertzaile Anja Heidelberger andreak partaidetzaren kulturaren bilakaera eta erronkak azaldu zituen, kontuan hartuta herrialde horrek herri kontsultak eta erreferendumak egiteko prozesuetan duen ibilbide aberatsa. 

Nazioarteko esperientziaz gain, kongresuan zehar, gaian adituak diren pertsona ospetsuek herritarren partaidetzak dituen erronkei buruzko beraien ikuspegia azaldu zuten, eta baita ere partaidetza horren erregulazioari eta instituzionalizazioari buruzkoa, besteak beste. Jone Martinez EHUko Zientzia Politikoetako ondoko irakasleak adierazi zuen formulak eta metodoak bilatu behar direla herritar guztiak partaidetza-kanaletan sartu ahal izateko, eta, halaber, partaidetzaren domestikazioak dituen arriskuak azaldu zituen. Ernesto Ganuza CSICeko zientzialari titularrak, berriz,  sektore politiko batzuek partaidetza onartzeko duten mesfidantzaren inguruko ikuspegia erakutsi zuen, eta Pedro Ibarra EHUko Politika Zientzietako katedradunak adierazi zuen beharrezkoa dela konfiantza, eskariak eta parte hartzeko nahia sortzen dituzten prozesuak abian jartzea.

Nazioarteko hizlari akademikoekin batera, kongresuan parte hartu zuten Xabier Barandiaran Gipuzkoako Diputatu Nagusiaren Alorreko buruak, Ruth Sarabia Malagako Udaleko Gizarte Eskubide eta Herritarren Partaidetzako zuzendariak, eta Joseba Muxika Gipuzkoako Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzarako zuzendariak. Kasu honetan, kargu politiko gisa erakundeen inguruan duten esperientzia baliagarri izan zen azaldutako erronkak eta aukerak kontrastatzeko, eta baita ere politika arloan elkarlaneko gobernantza irekien ereduetarantz aurrera egiteko.

Aldi berean, Gipuzkoako hainbat udalek parte hartu zuten Kongresuan, eta legealdi honetan ezarritako herritarren partaidetzako jardunbide onak kontrastatu zituzten. Zehazki, Tolosa, Oñati, Irun, Urnieta, Hernani eta Donostiako hautetsiek toki esparruan gauzatutako partaidetza esperientziaren berri eman zuten, ezinbesteko helburutzat jotzen baitute elkarrengandik ikasteko, herritarren partaidetza bultzatzeko eta dituzten beharrei modu eraginkorrean erantzuteko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzak sustatutako herritarren partaidetzako lehen kongresuari esker, erreferentziazko tokiko nahiz nazioarteko erakundeek garatzen dituzten esperientzia arrakastatsuak partekatu eta ezagutzera eman ahal izan ziren. Topaketa hori gertaera paregabea izan da Gipuzkoa lurralde eredugarri eta berritzaile bihurtzen laguntzeko, eta herritar guztiak kontuan hartzen dituen lurraldearen egituraketa ezagutzera emateko.