'Ene laztan gozo ederra...', dokumentu testuinguruaren eta paleografiaren analisia

Katalogazio fitxa

Ca. 1515

'Ene laztan gozo ederra...' (poemak). Euskara arkaikoko maitasun poemen bi zirriborro. Bukatu gabeko testua, idatzia ertzetan eta idazketa-lerroen artean dago. 

AHPG-GPAH 2/0801,D50r

Papera, 28x20 cm. Agiria dokumentuen babes gisa erabili zen eta horrek dokumentua kaltetu du, paperean galerak ditu, tinta galdu du,…

Transkripzioa

Ene laztan gozo ederra, penaz penaçen naçu orreyn culez nindu(l)çula /

nola amora nençaçun ori escuan ezpata, çeure escuoz naraçu andicoz eta ebeticoz/

barçaçio diqueçut ezcutaria, usatu eztet arma guiza erayten lecobidi guiçon gaztea/

Amore minez penaçen, olloa lumaz, estari ni amorez, (estari) yçerdi ene barco negarre/tan çal/diac […]ue/ri leyara/

Niri […]uan / çatan ne/ure amo/rea, lee/na[…] ez/quero/, oy […]adu/cat neu/re vioçean barruna.

Goyçean / goy /çic jaqui / ninçan / astean / egun / vatean / astean e/gun vatean / da astele/en goy/çean ne/ure laztan / velagay / au […]r çequidan / arrean / Neurc / nay ene/ban / vian, çe/onçan aldean / colpe andi/ac jo nen/guian Vio/ç onen e/erdian / […]ba / (tean) […]

Eliçara va/niejoean/ colpean/ arr neçane/an  Velau/rico jarri ninçan, Alderean aurrean. Neure pecatuaz confesatu e(g)uin e/ba[…] bequela, penetençia eman çidan, Vide nevan bequela. Vitarteco ema[…] ni[…]gon…

 

Dokumentu testuinguruaren analisia

Horrelako testu bat agertzea ez da ohikoa. Gaur egunera arte dokumentu horrek iraun izana hainbat kasualitateri esker izan da. Artxiboetara iritsi diren dokumentu gehienek ikuspegi praktiko bati erantzuten diote; historian zehar eskubideren bat dokumentatzen duten dokumentuak (eskubide juridikoak, jabetza-eskubideak, ordezkaritza-eskubideak) gorde dira funtsean. Horregatik,  oso bakanak dira denboraren poderioz bizirik iraun duten antzinako dokumentu pertsonalak.

Kasu honetan kasualitateak nahi izan zuen testamentu-eskrituren koadernotxo bati orri batzuk gehitzea babes gisa. Horrela, notario-dokumentuak izateagatik gorde behar ziren dokumentuei - balio juridikoa duten dokumentu balioztatuak izate hutsagatik gordetzen zirenak- balio juridiko ez dituzten beste orri batzuk gehitu zitzaizkien. Babesa ematen zieten orri horiek erabili ziren ikaskuntza-ariketa desberdinak egiteko, probako hitz edo esaldi batzuk idazteko edo probatio pennae egiteko (luma-probak, luma moztean eta idazkeraren arintasuna egiaztatzeko egiten ziren).

Idatz-frogak bi esku ezberdinekin: 'negar e conosçer' pag. 51v

Hala, aztergai dugun euskarazko testua ikaskuntza-eskrituren zirriborro hauetako orrialdeetako baten ertzetan eta idazketa-lerroen artean idatzita dago; eskrituren probak eta luma-probak (probatio pennae) bertan egiten ziren. Ikasketa-eskriturak notario-eskrituren zirriborroak dira, eta eskribauen ikastunek idazten zituzten, notario-formulak buruz ikasteko eta eskriturak hobeto idazteko ariketa gisa.

Testua dagoen orria, 1508. eta 1522. urteen artean datatutako testamentu eskrituren koadernotxo bati josita dauden bi bifolioetan dago. Bifolioen eta testamentuen koadernoaren arteko joste hau, dirudienez, unitate honen jatorrizko jostea da. Eta, eskrituren idazkerak aurkezten diren moduagatik, testuen idazkeraren garai berekoa da. Bifolioak, gainera, eskrituren beste koadernotxo bat bereizten du, kasu honetan 1508. eta 1509. urteen artean datatutako obligaziozko eskriturak, testamentuen koadernotxoa baino lehen josi zirenak. Une honetan bi koadernoak bananduta dauden arren, unitate bakarra osatu zuten, garai bereko foliazio bera partekatzen baitute.

Notario-eskritura baten zatia non Migel Ibañez Insaustikoaren izenpea, ezkerrean, ikusten den.

Eskrituren koadernoak biltzen dituen paper-sortak Miguel Ibañez Insaustikoak ekoitzitako notario-eskriturak biltzen ditu, eta gaurdaino josturarik gabe iritsi da. Paper-sorta eskribau horrek 1503. eta 1514. urteen artean baimendutako 7 eskritura-koadernoz osatuta dago, nahiz eta testamentu-koadernotxoaren kasuan 1522 . urtera arteko eskriturak biltzen diren. Paper-sorta osoak 471 orrialde ditu guztira. Badakigu paper-sorta formako eskrituren multzo hau, bere jostea, 1774. eta 1775. urteen artean Antonio Maria Zavalak (Azkoitiko udal artxiboa antolatu zuen XVIII. mendeko eruditu gipuzkoarrak) egin zuela. Zavala arduratu zen une hartan herriko udal artxiboan zeuden notario-eskritura guztiak sortetan batzeaz, gaur egun ezagutzen dugun eredu berari jarraituz. Nolanahi ere, Zavalak errespetatu egin zituen aurretik zeuden eskrituren multzoak, eta paper-sortaren barruan identifikatzen ditu XVI. mendetik datozen eskrituren koadernotxoak.

Dokumentuen sorrerari dagokionez, dokumentua idazteko modua,  Gipuzkoako XVI. mende hasierako notario-dokumentuen ezaugarrien araberakoa da. Koadernotxoaren antolamenduak adierazten digu lehenik koadernotxoa josi zela, eta gero eskriturak idatzi zirela. Koadernotxo hori eskribauak in extenso baimendutako eskriturak jasotzen dituen lehenengoetako bat da, hau da, jatorrizko eskritura gisa eta osorik. Eta horren kopia zehatza emango zaio alderdi interesdunari edo interesdunei, lehen idazketa horren ondoren.

Eskritura horiek metatzeak osatzen du notario-protokoloa. XVI. mendearen hasierako eskrituren koadernotxo hauetan, 1503an Errege-erregina Katolikoek emandako Alcalaren pragmatikaren aldarrikapenak ekarri zuen notario-dokumentuen normalizazio-prozesuaren hastapenak hautematen dira. Pragmatikak eskribauak gorde beharko dituen eskritura matrizeak in extenso idazteko betebeharra ezartzen du, eskriturak idazteko oinarri gisa erabiltzen ziren minuten bilketari eskainitako aurreko joerarekin guztiz kontrajarrita.

'veltran ybanez' izena idazketa frogen artean

Eskrituren koadernotxoan argi eta garbi ikus daiteke une independenteetan eskriturak idazteko sistema. Testamentu ia guztiak esku ezberdinek idazten dituzte eta. Eskritura bakoitzak testuaren zati bat du, formulariotzat, arruntzat eta errepikagarritzat jo dezakeguna, zati horiek, gure ustez, eskribauaren ikasle edo laguntzaile batek idatzi zuen. Ondoren, formularioaren zati horri testua gehituz, eskribauak osatzen zuen eskritura kasuaren arabera, zeinak, aurreikusitako hutsuneak erabiliz, testamentu-eskrituraren datu espezifiko guztiak osatzen baitzituen, hala nola testamentugilearen izena, agindu espezifikoak, itxiera-agindua, data eta lekukoak. Kasu honetan, hipotesi gisa proposatzen dugu dokumentuaren formularioko zatiak idazten zituena ikastuna izatea, ikaskuntza-eskrituretako testuen ezaugarri errepikakorretan oinarrituta, ariketa horiek egin beharrik izango ez lukeen laguntzaile baten balizko probekin alderatuta. Errepikapena edozein diziplinaren ikaskuntzaren oinarri gisa, XVI. mendearen hasierako hezkuntzako elementu bereizgarria da.

Domenja Berrasoetaren testamentua, ikastunen eta notariaren letrak nabarmen ikusten direla. Azkeneko lerroan notarioak ikastuni eginiko zuzenketa, testu zati bat ahaztu zuelako.

Esku ezberdinetako ezaugarri hori funtsezkoa da euskaraz idatzitako testuari buruzko hainbat kontu proposatu ahal izateko:

'Sennor lic(enciad)o Ro(drigo) Vela Nunnes de A' idatz-froga, 51r.  (Gipuzkoako korregidorea 1499-1505. eta 1512-1514. urteen artean)

. Miguel Ibañez de Insausti, eskrituren eskribau titularra, euskarazko testuaren egilea izatea ez da gertagarria. Idazkeraren forma, gure kopiatzailearen idazkeraren oso bestelakoa da.

. Testamentuen formularioko zatien idazketarekin alderatuta, testuaren idazkerak duen antzekotasun grafikoak, aldiz, pentsarazten digu esku berak idatziak direla, ikastun edo kopiatzailerenak.

. 1516. urtea hartzen da ante quam idazketa-datatzat. Antzekotasun grafiko hori eta Insaustiren gainerako idazki-koadernoetan letra-mota hori 1515. urtearen inguruan desagertzen dela kontuan hartuta, ikastunek edo laguntzaileek beren kabuz lan egin ahal izateko trebetasuna edo esperientzia lortu ondoren, eskribauaren bulegotik alde egiten zutela, testua 1516 baino lehen idatzi zela uste da.

. Dokumentuaren goiko aldean 1508ko uztailaren 31 agertzen bada ere, data hori ez da euskaraz idatzitako testuari buruzkoa, testamentuen koadernoan datatutako lehenengo eskriturari buruzkoa baizik.

 

 

Paleografia analisia

 

Azterketa paleografikoari dagokionez, testu honetan erabiltzen den idazkera mota kortesano izenarekin ezagutzen da. Ulertzekoa da, kontuan hartzen badugu Gipuzkoako lehen XVI. mendean erabili ohi den letra-mota dela. Hala ere, idazkera humanistikoaren eragin nabarmenak antzematen dira bertan, mende horretan zehar idazkera gisa gailenduko dena.

Dena den, deigarria da askatasun osoa zutela euren idazkeran; izan ere, aldi berean agertzen dira kortesana-sustrai argiko letrak -Miguel Ybañez Ynsaustiko eskribauari egozten diogunak- eta letra humanistikoari dagozkion ezaugarriak dituzten beste batzuk- haren ustezko ikasle edo eskribaurenak-. Kontuan hartu behar da testamentuko eskrituren koadernotxoan bakarrik, 30 orrialde baino gutxiagoan, erraz bereiz daitezkeen hiru letra-mota agertzen direla.

Hona hemen letra hori kortesano-humanistiko deiturikoen artean kokatzeko bide ematen duten forma grafikoetako batzuk:

-          E hizkiaren forma hitzaren hasieran, a hizkia oso antzekoa  , (Ene)

-         C hizkia gainetik lotuta ondoko letrekin lotuta     (lecobidi)

-          D argi eta garbi kortesanoa, trazu bakar batean idazteagatik  (diqueçut)

-          R bikoitza hitzen erdian  (ederra)

Baina, beharbada, letren loturetan hautematen dira ondoen kortesanoaren ezaugarriak:

-          EST bezalako lotura  (estari)

-          ‘n’ eta ‘c’ekin erlazionatutako loturak  (naçu)

-          Luma altxatu gabe letra bat baino gehiago marrazteko joera dutenak  (amorez)

Bestalde, agerikoa da letra humanistikoaren eragina:

-          A bezalako letren forman, forma argi eta garbi humanistikoa duena (guiza)

-          I-en gainean puntuak agertzea 

 

Ramon Martin Suquia - Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa