Back 2023ko Egile sarien oinarriak argitaratu dira

2023ko Egile sarien oinarriak argitaratu dira

Hainbat arte arlotan sorkuntza sustatzera bideratuta daude sariak. Guztira 5.000 euroko 20 sari emango dira.

2023ko Egile sarien oinarriak argitaratu dira

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak Egile sarien oinarri arautzaileak argitaratu ditu Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, hainbat arte arlotan sorkuntza sustatzeko asmoz. 100.000 euroko zuzkidura dute: 5.000 euroko 20 sari emango dira. Kategoria hauetan banatuta:

Literatura arloa

- 8 sari, 5.000 eurokoak: 7 sari, komikiak, tebeoak eta eleberri grafikoak sortzeko; eta sari 1, berriz, gaurkotasuneko gaiei eta eztabaidei lotutako entsegu proiektuetarako.

Eduki digitalen arloa

- 2 sari, 5.000 eurokoak, eduki digital originalak sortzeko proiektuetarako (podcastak, aplikazio interaktiboak).

Arte eszenikoen arloa

- 4 sari, 5.000 eurokoak: formatu txikiko ikuskizunak sortzeko eta ekoizteko proiektuetarako, eta antzezpen eszeniko baterako testu bat sortzeko proiektuetarako.

Arte plastikoen eta ikusizkoen arloa

- 6 sari, 5.000 eurokoak: arte sorkuntzako proiektuetarako, eta ikasketa edo erakusketako proiektuetarako.

Proiektuak lurraldeko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan gauzatu ahal izango dira, hau da, euskaraz edo gaztelaniaz.

Arlo bakoitzeko sari kopurua handitu ahal izango da, baldin eta arloren batean soberakinak badaude.

Deialdi bakoitzari buruzko informazioa eta eskaera inprimakiak egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri: https://egoitza.gipuzkoa.eus.

Laguntza hauen eskaerak aurkezteko epea 28 egun naturalekoa izango da, deialdi hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Saritutako proiektuak garatzeko gehieneko epea 2024ko martxoaren 1ean amaituko da.