Back Altzoko Handiaren inguruko liburu bat argitaratu du Aldundiak

Altzoko Handiaren inguruko liburu bat argitaratu du Aldundiak

Migel Joakin Eleizegiren bizitzari errepasoa egiten dio Luis Angel Sanchez Gomezek idatzitako liburuak, artxiboetako material ugari errebisatu ondoren.

Altzoko Handiaren inguruko liburu bat argitaratu du Aldundiak

Altzoko Handia. Euskaldun mitiko bat (nahiz guztiz erreala) XIX. mendeko Europan liburua Aldundiaren Kultura Departamentuak editatu du. Euskarazko 500 alek eta gaztelaniazko beste hainbestek osatzen dute edizioa. Donostiako liburu azokan salduko da, ekainaren 28an eta baita liburu dendetan ere. Jendaurreko salmenta prezioa 15 eurokoa izango da. Egileak Gipuzkoako artxiboetako dokumentazioa erabili du iturri gisa.

XIX. mendearen erdialdera Europan bizi izan zen erraldoirik ezagunena aztertzen da bertan: Migel Joakin Eleizegi Ateaga (1818-1861). Ziurrenik 2,42 metro garai izatera heldu zen, eta, hala, sekula izan den herritar euskaldunik (eta espainiarrik) garaiena da.

Liburu honen bitartez, egileak sakon ezagutu nahi izan du pertsonaia, asmakeriak eta kondairazko datuak alboratuta. Aurkezten duen informazioaren zatirik handiena argitaragabea da, gainera. Erraldoiaren errepresentazio grafiko batzuk ere lehen aldiz editatu dira.

Egileak artxiboetako material ugari berrikusi du, eta, horri esker, hasteko, familiaren errealitatea ezagutu ahal izan du. Egoera ekonomiko erosoa zutela egiaztatu du. Izan ere, Migel Joakinen aitak Altzoko bi baserri jaso zituen oinordetzan.

Espainiako, Britainia Handiko, Portugalgo eta Frantziako hemeroteka fisiko eta birtualak aztertu ondoren, egin zituen bidaia eta erakustaldietako asko dokumentatu ditu. Pertsonaia zinez interesgarri bat erakusten zaigu, urrun dagoena topikoek deskribatzen duten pertsona triste, manipulagarri eta Ipintza baserrira itzultzeko irrikaz dagoen hartatik.

Kapitulu bat ematen zaio Migel Joakinek zuen gaixotasunaren ondorioak azaltzeari. Gaixotasun horri, adinaren arabera, gigantismoa edo akromegalia deitzen zaio.

Azpimarratzen da gezurrezkoak direla hura pertsonaia baldar eta ia inozotzat aurkezten duten testigantzak. Haren izaeraren eta jarduteko moduaren ezaugarri batzuk akromegaliari lotzen zaizkion bigarren mailako gaixotasunen zuzeneko ondorio dira, baina ez diote inondik ere adimenari eragiten.

Egileak haren testamentuen edukia eta heriotzaren nondik norakoak aztertu ditu, eta gorpuarekin gertatu zenari buruzko hipotesi bat aurkezten du.

Azkenik, eta Handia film ospetsuaren kalitate zinematografikoa aitortzen badu ere, haren edukiaren zenbait alderdi kritikatzen ditu.

Liburu hau ezinbesteko ekarpena da Migel Joakin bera, Europan izan zuen proiekzioa eta «erraldoien» erakustaldiek XIX. mendeko Europan utzi zuten arrastoa ezagutzeko.

Luis Angel Sanchez Gomez (Madril, 1962)

Historian doktorea eta Antropologia Kulturaleko irakasle titularra da, Madrilgo Complutense Unibertsitateko Geografia eta Historia fakultatean. Argitaratuak ditu dozenaka artikulu eta dozena erdi bat liburu Filipinetako etnohistoriaz, nekazarien antropologiaz, antropologiaren historiaz, eta nazioarteko, kolonialismoko eta misioetako esposizioen historiaz. Azken urteetan, XIX. mendeko erraldoi akromegalikoak aztertu ditu batik bat. Lan esparru horretatik datorkio, hain zuzen ere, Altzoko Handiarekiko interesa.