Back Chillida Lekuk 2019-2020 denboraldiko mugarriak aurkezten ditu

Chillida Lekuk 2019-2020 denboraldiko mugarriak aurkezten ditu

Chillida Leku 2019-2020

Chillida Lekuk 2019-2020 denboraldiko mugarriak aurkezten ditu

 • Datorren udaberrian, David Smith. Eduardo Chillida erakusketa handia egingo da; donostiar eskultorearen artista garaikide baten obra erakutsiko den lehen aldia izango da museoaren historian

• Erakusketa-programak argiari buruzko monografiko bat hartuko du, hain zuzen Eduardo Chillidaren ekoizpen artistikoan gehien jorratzen den gaietako bat. Hainbat maisulan erakutsiko dira, hala nola Argiaren bila I (1997)

• Chillida Lekuk lehen aldiz jarriko ditu erakusgai The Shadow Belongs to Light hilondoko artista-liburuko grabatuak, Louis Isadore Kahn arkitektoaren testuekin • Jarduera-proposamena osatzeko, hainbat ekimen egingo dira: proiekzioak, mahaiinguruak, iruzkindutako bisitak eta tailerrak, bai eta ikerkuntzara eta irakasleei zuzendutako jardunaldiak ere Hernanin. 

Denboraldi berriari helduko dio Eduardo Chillidak fundatutako museoak, iragan apirilean berriz ere ireki ostean. Etapa berri honen lehen sei hilabeteetan 55.000 bisitari hartu ostean, 2019-2020 ikasturteko erakusketen, jardueren, tailerren eta bisiten programazioa aurkeztuko du Chillida Lekuk.

Eduardo Chillidaren obraz gozatzen jarraitu ahal izango du publikoak 2020ko martxora arte. Oyarak, Chillidaren ekoizpen artistikoaren atzera begirako ibilbide bat. Laurogeita hamar piezaren bidez, ibilbide oso bat egiten du erakusketak: 40ko hamarkadatik – figurazioak markatutako urteak– 2000. urtera arte. Burdinaz, granitoz, alabastroz, igeltsuz eta paperez egindako obrak bilduko ditu erakusketak, baita multzo garrantzitsu batzuk ere, hala nola Grabitazioak (paperez egindako eskulturak, non erliebeak eta hutsuneak garrantzi berezia hartzen baitute), edota Lurrak eta Oxidoak (txamota-lurrez landutako piezak).

Erakusketa hori amaitzean, David Smith. Eduardo Chillida erakusketa handia hartuko du Zabalaga baserriak. Chillida Leku 2000. urtean sortutako espazio monografikoa da, Donostiako eskultoreak bere obra naturarekin harremanetan erakusteko sortutakoa, eta, oraingoan, lehen aldiz irekiko dizkio ateak bere garaiko beste artista bati. David Smith (1906 – 1965) estatubatuar artistaren obra oso gutxitan jarri da erakusgai Espainian, eta amerikar espresionismo abstraktuaren belaunaldian kokatzen da, zeinak lotura nabarmena baitu bere garaiko Europako artearekin. XX. mendeko eskulturaren testuinguruan garatutako Eduardo Chillidaren eta David Smithen unibertsoek elkar ukitzen dute, bat egiten dute, baina bi artisten nortasun markatuagatik bereizten dira.

Argiaren bila

Chillida Leku berriz ireki zenetik, Zabalaga baserriaren goiko solairuan dagoen guneetako batean modu monografikoan erakusten dira Eduardo Chillidaren ibilbide artistikoa markatu zuten multzo edo proiektu handiak. Multzo horren obra nabarmenek, artxiboko materialak eta prestatze-azterlanek osatzen dituzte neurri txikiagoko erakusketa horiek, eta bildumatu daitezkeen argitalpen monografiko batez daude lagunduta.

Egun, eta datorren azarora arte, Haizearen orrazia multzoan sakondu dezake publikoak areto horretan. Haizearen orrazia XV da multzo horretako pieza nabarmenena, Donostiako Ondarreta hondartzaren mutur batean ezarrita dagoena.

Erakusketa horren ondoren, Chillidaren obran askotan agertzen den argiaren gaiari buruzko monografiko bat eta Argiaren bila multzoa jarriko dira. Abiapuntua da Eduardo Chillidak 1963an Greziara eta Italiara egindako bidaia, Frantziako Proventzan amaitu zena. Mediterraneoan egin zuen bidaia horri esker, «argia eta arkitektura» kontzeptu berria ezagutu zuen, eskulturaren ikerketan erabiltzeko. Alabastroa aukeratu zuen orduan, ezaugarri zeharrargiak dituen materiala. Horrela sortu zituen Kandinskiri omenaldia (1965) eta argiari eta arkitekturari eskaini zien erliebe eta gorazarre multzo bat.

Ondoren, bere ibilbideko hainbat momentutan, beste material eta teknika batzuetan bilatu zuen argia, espazioak sortzeko elementu gisa hartuz. Hala, ideia horren inguruko sorkarien artean paperezko erliebe delikatuak, portzelanak edo lur txikiak aurki daitezke, bai eta monumentu publikoak ere, esaterako Frankfurteko Goetheren etxea (1986) hormigoizko lana, edo Fuerteventurako Tindaya mendirako proiektua (1995).

Monumentu-neurriko proiektuen harira, Chillidak 90eko hamarkadan amaitu zuen aipatutako bilaketa eskultura ikonikoen multzo batekin. Argiaren bila izenburua ipini zien; multzo horretakoak dira Chillida Lekuko sarrerako zelaiko eskultura nagusia, egun Dohako unibertsitate-campusean ikus daitekeena (Argiaren bila IV), edota Municheko Pinakoteka Modernoaren kanpoko lorategian dagoena.

The Shadow Belongs to Light

Denboraldi berriko erakusketa-programa osatzen du The Shadow Belongs to Light (Itzala argiaren parte da) erakusketak. Louis Isadore Kahn eta Eduardo Chillidaren artista-liburuaren izena hartzen du erakusketak; liburu hori hilondoan editatu zuten The Dalí Museumek eta Eduardo Chillida - Pilar Belzunce Fundazioak 2017an.

Artista-liburu hori Chillidak arkitekto baten pentsamenduari laguntzeko sortutako lehena da, izan ere, bizirik zegoela, beste 23 lan argitaratu zituen hainbat poeta, filosofo eta artistarekin batera. Louis I. Kahnen testu hautatuak daude lan horretan – Saint Petersburgeko (Florida) The Dalí Museumeko zuzendari Hank Hinek egin zuen hautaketa–, bai eta 1993an Eduardo Chillidak onetsitako plantxekin eta tintarik gabe erliebean egindako grabatu-multzoak ere. Prozesu hori Ignacio Chillidak gainbegiratu zuen, eta Euskal Herrian eta Bartzelonan gauzatu zen gehien bat; gero, Estatu Batuetako The Dalí Museumen aurkeztu zuten, Memory, Mind, Matter erakusketa zegoenean ikusgai. The Sculpture of Eduardo Chillida.

Artista-liburu horretan biltzen diren grabatuak 2020ko ekainetik aurrera egongo dira ikusgai Espainian lehen aldiz, Chillida Lekun egingo den erakusketari esker.

Hezkuntza-programa: hitzaldiak, mahai-inguruak eta solasaldiak

Erakusketen programazioa osatzeko, askotariko dibulgazio-programa bat egingo da 2019-2020 ikasturte osoan. Programa horren bidez, Eduardo Chillidaren obra eta bizitzan sakondu ahal izango da, hezkuntza- eta ikerkuntza-ikuspegi batetik.

Ildo horretan, Chillida unibertsoa zikloa izango da berritasun handienetako bat. Solasaldia eta kafea museoan barrena, artistaren sormenezko unibertso mugagabea ezagutarazteko. Hilabetero egingo da hitzordua, Nausica Sánchez Chillida Lekuko hezkuntza-arduradunaren eskutik. Hainbat gai jorratuko dira topaketa horietan: Chillida Leku. Lekua eta bilduma, Chillida Parisen, Maeght unibertsoa, Hernani. Lehen burdinak, Chillida eta obra publikoa eta David Smith eta Chillida, besteak beste. Ikasturtean zehar, zenbait hitzaldi eta mahai-inguru egingo dira, hala nola Haizearen orrazia obrari eskainitakoa (azaroak 28, 19:00etan), edota Donostia Kulturak antolatutako Korner festibalean otsailean egingo den solasaldia, non bilatuko baita itxuraz harremanik ez duten bi munduren arteko lotura: futbola eta kultura.

Denboraldi honetan, halaber, Eduardo Chillidaren eskulturen katalogo arrazoituaren hirugarren liburukia aurkeztuko dute proiektuaren zuzendarikide Ignacio Chillidak eta Alberto Cobok, Nerea argitaletxearekin eta Kutxa Fundazioarekin batera –ikerketalanak eta argitalpena finantzatzeaz arduratu da azken hori–. Katalogoan sartutako pieza bakoitzak informazio xehatua dauka (materialak, jabeak, erakusketak eta bibliografia), eta argazki batez edo zenbait argazkiz lagunduta ageri da.

Era berean, David Smith. Eduardo Chillida erakusketa inauguratu ostean, estatubatuar artistari buruzko hitzaldi bat egingo da, eta han aztertuko da nola lortu zuen bere hizkuntza plastiko pertsonalak markatutako eskultura mota bat sortzea, teknika industrialak erabiliz.

Bisitak eta tailerrak, adin guztietako pertsonentzat

Chillida Lekuko bisitaren esperientzia areagotzeko eta bisitariari Eduardo Chillidaren unibertso artistikoaren ikuspegi sakon bat emateko, bisita mota desberdinak eskainiko dira museoan: gidatuak, iruzkinduak eta parte-hartzaileak (museoko hezitzaile taldeak gidatuko ditu bisita horiek).

Eskuragarri daude mota guztietako taldeentzat eta hainbat hizkuntzatan (euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa eta alemana) Horrez gain, Museoan esperientzia berdingabea bizitzeko aukera ematen die familiei Chillida Lekuk. Igandero, haurrentzat egokitutako familia-bisitak eskainiko dira, Chillidak asmatutako espazioa elkarrekin esploratzeko. Ildo horretan, hilabetero, larunbat batean, tailer tematikoetan parte hartu ahal izango dute haurrek –heldu batez lagunduta–; tailer horiek berariaz daude egokituta, artea txikienei hurbiltzeko. Hala, urriaren 19an, Airearen eskultoreak, beste aldea bisita-tailerra egingo da, Ikertzeren eskutik, 2019ko Ondarearen Europako Jardunaldien esparruan.

Azaroaren 9an, Haizearen orrazia ezagutzen izeneko bisita-tailerra egingo da; haren bidez, Eduardo Chillidaren eskultura multzo enblematikoenetako batera modu ludiko batean hurbiltzeko aukera eskainiko da. Abenduaren 14an eta maiatzaren 9an –biak ala biak larunbata–, Argiaren bila rayogramen tailerra eskainiko da Nagore Legarreta argazkilarien eskutik; tailer horretan, eskulturetako argiaren presentzia errebelatzen saiatuko da, teknika primitibo eta analogikoen bidez. Urtarrilaren 18an eta martxoaren 7an, Maushaus arte- eta arkitektura-laborategiaren eskutik, Argiaren bila tailerra egingo da, paper eta kartoien bidez argia biltzen duten obrak sortzeko ideiari buruz hausnartzeko.

Beste diziplina artistiko batzuk arte plastikoekin uztartzeko ideiari dagokionez –askotan gertatzen da Chillidaren jardunbide artistikoan–, otsailaren 8an eta ekainaren 6an, Myriam Pérez Cazabon korografoa eskulturekin esperimentazioan jardungo da  norberaren gorputzetik abiatuta, 6tik 11 urtera arteko haurrei zuzendutako dantza-tailer baten bidez. Eskulturan bizitzea izena du tailerrak. Apirilaren 4an osatuko da familientzako programazioa. Horretarako, David Smith. Eduardo Chillida erakusketaren bisita dinamizatu bat egingo da. Bisita horretan, modu ludikoan, David Smithen obrara hurbilduko dira txikienak, eta artista horrek metalaren bidez espazioan idazteko zuen modu irudimentsua ezagutuko dute.

Hezkuntza-programa: ikerkuntza pedagogikoa eta ikasle-taldeak

Eduardo Chillidaren obra eta pentsamendua zabaltzea da Chillida Lekuren funtsezko helburuetako bat, eskultorearen obra ikertu eta kontserbatzeaz arduratzen den zentroa baita. Hori dela eta, 2019-2020 denboraldiko programazioan garrantzi berezia dute ikasle taldeei, irakasleei eta ikertzaileei zuzendutako jarduerek. Museoko hezkuntzadepartamentuak programa ireki bat prestatu du, eta haren helbururik behinenena da irakasleei entzun, eta haiei tresna erabilgarriak eskaintzea.

Horrela, urriaren 16an eta 17an, irakasleentzako doako jardunaldiak egingo dira. Museoa, bilduma, erakusketak eta eskaintzen ditugun eduki pedagogikoak ezagutzeko topaleku izango dira jardunaldi horiek. Bi egun horien helburua da baterako proiektuak sortzeko esparru bat ahalbidetzea, ikastetxeen benetako beharrizanetara egokitzen den proposamen didaktiko bat eskaintze aldera. Ildo horretan, ikasturtean museoan izango diren aldi baterako erakusketen inaugurazioarekin bat eginez, irakasleentzako bisitaldi esklusiboak prestatuko ditugu ikasleekin ikasgelan lantzeko edo ondoren haiekin bisitaldi bat prestatzeko garaian garrantzitsuak izan daitezkeen alderdiak aztertzeko.

Era berean, Chillidaren pentsamenduaren inguruko ikerkuntza pedagogikoko talde bat eratuko da, eta azaroaren 21ean egingo da haren lehen topaketa. Eskultorearen obraren potentzialtasun pedagogikoan sakontzea du helburu ekimenak; izan ere, ekimenaren zeharkako izaerak ahalbidetzen du gaiei hainbat angelutatik heltzea, arte plastikoetatik haratago. Horren arrazoia da eskultoreak iturri askotatik edaten zuela bere obra sortzeko, bere lana poesiarekin, filosofiarekin edota matematikarekin ahaidetu baitzuen. Gainera, bizikidetzan ezinbestekoak diren askotariko arloak lantzen zituen, esaterako, naturarekiko errespetua eta giza eskubideen defentsa. Askotariko ikuspegiak, ikasgelara eman daitezkeenak, integralagoa den eta esperientzian oinarrituago dagoen ikaskuntza bat ahalbidetzeko. Irakasleentzako programazio horrez gain, hezkuntza maila bakoitzera egokitutako bisitak eskaintzen ditu Chillida Lekuk, haur hezkuntza eta lehen hezkuntzatik hasi eta bigarren hezkuntza eta batxilergora arte. Bisitaldi guztiak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez edo alemanez egin daitezke. Modu horretan, Chillidaren lana ezagutarazteaz gain, ikasgeletan ikasten dituzten hizkuntzak lantzeko aukera eskaintzen diegu.

Amaitzeko, nabarmendu behar da etapa berri honetan Chillida Leku Pirinioetako Burdinaren Ibilbideari batu zaiola. Mugaz gaindiko proiektu horren bidez, burdinaren eraldaketa eta komertzializazioan sakondu nahi da, kultura eta historia industriala uztartuz. Europako Kontseiluaren ibilbide kultural bat da, 2003an ziurtagiria jaso zuena. Mendikateko meategiak, burdinolak, arkitektura-elementuak eta eskultura garaikideak barne hartzen ditu ibilbideak.

Modu horretan, programazio ireki eta anitz bat osatu da, eta haren helburua da museoa pertsona guztientzako irisgarria izatea, bai eta Eduardo Chillidaren eskulturen inguruan esperientzia esanguratsuak bizitzeko topalekua izatea ere.