Back John Zornek jasoko du 2019ko Donostiako Jazzaldia Saria

John Zornek jasoko du 2019ko Donostiako Jazzaldia Saria

Charles McPherson eta Houston Person beteranoei ere aitortza egingo zaie, izan duten ibilbideagatik

John Zornek jasoko du 2019ko Donostiako Jazzaldia Saria

Behin betiko egitaraua aurkeztu du gaur Jazzaldiak. Heineken Jazzaldiaren 54. edizioan garrantzia berezia izango dute emakumeek eta musikari gazteek. 

Joan Baez, Diana Krall, Maria Schneider, Silvia Pérez Cruz, Neneh Cherry, Martirio, Zahara, Caronni ahizpak, Japoniatik datozen Chihiro Yamanaka, Eri Yamamoto, Ai Kuwabara eta Rei; eta bertako Ainhoa Larrañaga, Sara Zozaya, Sara Mansilla eta beste hainbatek emakumezkoen musika-sorkuntzak gaur egun indar handia duela erakutsiko dute.

Egitarauaren beste zati garrantzitsu bat proposamen berri eta musikari gazteena izango da. Nazioartetik etorriko dira Jamie Cullum, Donny McCaslin, Atomic, Trondheim Jazz Orchestra, Love & Revenge diziplina anitzeko proiektua, Unspeakable Garbage taldea, Moppa Elliott baxu-jotzailea eta 2019ko Rising Stars saria irabazitako Adrien Brandeis. Ia 40 dira orotara atal hau osatuko duten taldea. Euskal Herrikoak ere izango dira: Elkano Browning Cream, Nogen, Belako, Paul San Martín, Jon Urrutia...

Sari nagusia, John Zornentzat

Nolanahi ere, beti izaten dute toki berezia jaialdian historia egin duten musikariek. Aurten John Zorni egokitu zaio, berak jasoko baitu Donostiako Jazzaldia Saria, jazz garaikidean izan duen eragin sakonagatik esker onez. Ekitaldia uztailaren 28an izango da, 17:30ean, bere bigarren kontzertua hasi aurretik. Hain zuzen, berak zuzendutako Bagatetles Marathon ikuskizun bikoitza izango da Kursaal Auditorioan, 14 talderen parte hartzearekin.

Ez da omenaldi kutsuko ekitaldi bakarra izango, ordea. Saxofoiaren bi erraldoiren ibilbideak aitortu nahi izan ditu Jazzaldiak: Charles McPherson eta Houston Person, jazzari egin dioten ekarpenaren balioa aitortzeko aukera.

EXTRA!, atal berria

Edizio honetan atal berri bat sortu da, gainera, musika-emanaldiak ikus-entzule gehiagorengana zabaltzeko asmoz. Heineken Jazzaldia EXTRA! deitu diote zikloari, eta hiriko hainbat establezimendutako agertokietan izango dira kontzertuak. Atal honek bere irudi propioa du: poster bat, non Esperanza Spalding kontrabaxu-jotzailea nabarmentzen den.

SGAE Fundazioak ere jazz hispanoa gerturatuko du San Telmo Museora, Baldo Martínez, Nico Casal edo Lluís Colomarekin. Jazzaren historiaren dibulgazio-lanarekin jarraituko du Patri Goialdek. Osatu da, era berean, Victoria Eugenia Antzokian eskainiko den programazioa. Martirio & Chano Domínguez eta Charles McPherson & Houston Person-en kontzertuez gain, Japonia Fundazioak babestutako Japonia zikloa ere izango da. Pianoa eta gitarra nabarmenduko diren zortzi kontzertuk osatzen dute egitaraua.

Egitarau osoa