Back Oteizaren Arantzazuko eskultura-lana balioan jarriz

Oteizaren Arantzazuko eskultura-lana balioan jarriz

Jorge Oteizak duela 50 urte amaitu zuen Arantzazuko eskultura-lana, eta proiektuaren esangura azpimarratzeko Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 programa osatu dute hainbat entitatek.

Oteizaren Arantzazuko eskultura-lana balioan jarriz

Jorge Oteiza Fundazio Museoak, Arantzazu GAUR Fundazioak eta Arantzazuko Frantziskotarrek Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 programa aurkeztu dute. Arantzazuko proiektuaren arte eta kultura aldetiko esangura aztertzea eta zabaltzea du helburu, Jorge Oteizaren eskultura-lanaren fatxadako instalazioaren 50. urteurrena ospatzearren; instalazio lan hori 1969ko ekainetik urrira bitartean gauzatu zuen eskultoreak.

Arantzazuko basilikako esku-hartzea Jorge Oteizak egindako obra publikoko proiektu garrantzitsuena da, eta ezinbesteko erreferentzia da herrialdearen eta bertako kulturaren historian. Urte hauetan zehar, XX. mendean arte erlijiosoak izandako berrikuntzaren ikur bilakatu da basilika. Izan ere, artista garaikide talde handia bildu zuen, proiektu komuna gauzatzeko ahaleginean.

Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 programak aztertu egiten du Arantzazuko basilikarako estatuariaren garapenak Oteizarentzat izan zuen garrantzia eta esangura, eta sakon analizatzen du eskulturako proiektuaren bilakaera, arkitektura alderdiarekin izan zuen loturarekin batera, ahantzi gabe ordea eskultoreak, 1969an, obra instalatzea lortu zuen arte instalazioa eragotzi zuten eliz galarazpenak eta planteatu ziren aukerak.

Programa honek zenbait egoitzatan garatuko ditu ekintzak, 2019ko ekainaren 19tik urriaren 27ra bitartean. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuaren babesa du, Kutxa Fundazioarena, eta baita Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren, Acción Cultural Española-ren (AC/E), Eguesibarko Udalaren eta Arantzazuko Adiskideak Elkartearen laguntza ere.

Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 erakusketa-proiektua

Erakusketa-proiektua erakunde antolatzaileen egoitzetan garatuko da, eta aukera emango du Oteizak basilikako fatxadan esku hartzeko landu proiektuaren funtsezko oinarriak ulertzeko zein haren garapena markatu zuten une erabakigarriak ezagutzeko. Proiektuko komisarioa Elena Martin izango da, Oteiza Museoko kontserbatzailea.

  • Erakusketa Oteiza Museoan: 2019ko ekainak 19 – urriak 27
    Arantzazuko proiektua zeharo konprometitua izan zen artistarentzat, eta hain gogotsu ekin zion lan horri ezen bertatik etorriko zitzaion bere prozesu esperimentalaren hasiera. Beraz, Oteiza Museoak hartuko duen erakusketa prozesu artistikoaren bilakaeran bilduko da nagusiki, bilakaera horren etapetan, eta igeltsuzko ehundik gora eskultura-estudio baino gehiago erakutsiko ditu; obra ikusi gabeak dira gehienak, Oteizaren legatukoak. Oteizak planteatutako estatuariaren garapenak aukera emango digu egun ikusten dugun fatxadara iritsi arte artistak jorratu zituen bilaketa kontzeptual eta sinbolikoak, eta egin zuen eskulturaren bilakaera, ulertzeko. Ildo horretatik, behin betiko proiektuaren giltzak aztertuko dira, artistak azken fatxadara heldu arte planteatutako aukera posibleekin batera; azken fatxada horrek jaso egingo zuen bisitaria bere baitan hartzen duen espazio hutsa, Oteizak berak adierazi moduan: “espazio harkorra, isolatzaile metafisikoa”.
  • Erakusketa Gandiaga Topagunean: 2019ko ekainak 28 – urriak 27
    Arantzazu Gaur Fundazioaren egoitzan jarriko den erakusketan, Oteizak Arantzazun zertu zuen esku-hartzearen kontakizun kronologikoa egingo du, eraikuntza-lanak 1950ean hasi zirenetik 1969an behin betiko instalazioa amaitu zen arte. Sekuentzia gisa, eta garapen kronologikoa harturik oinarri, proiektuaren klabeak azalduko dira, 50 eskultura ingururen bitartez (Oteiza Museokoak eta Arantzazuko basilikako santutegiko komentukoak dira) eta Arantzazuko Santutegiko Artxiboko eta Oteiza Museoko Ikerkuntza Zentroko dokumentazio, argazki, prentsa eta ikus-entzunezko ugari baliatuta.

Argitalpenak

  • Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 monografiaren argitalpena.
    Euskara eta gaztelaniazko argitalpen honek luze eta zabal, eta osorik, jasoko du Oteizaren eskultura-proiektuaren bilakaera, fatxadaren behin betiko itxuraketan zerikusia izan zuten eragile eta zertzelada guztiez gain. Horren oinarrian Elena Martinek izen bereko doktore tesirako egin ikerkuntza dago. Argitalpenak 600 orrialde inguru izango ditu, eta Arantzazuko proiektuari buruzko 400 irudi baino gehiago, argitaragabeak horietako asko eta asko.
  • Oteiza Arantzazun argitalpena
    Programa osatzeko beste argitalpen bat izango da, aldizkari gisa, proiektuaren bilakaera era dibulgaziozkoago eta ikusgarriago batean azalduz eta dokumentazio grafiko ugari erantsiz.

Ospakizun ekitaldia

Gandiaga Topaguneak, irailaren 21ean, Oteizaren obra Arantzazuko basilikako fatxadan instalatu zuteneko 50. urtemuga ospatzeko ekitaldia hartuko du. Mahai-inguru formatuan, Arantzazuren garrantzia aztertuko da, bere testuinguru historikoan. Jardunaldia amaitzeko, Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 argitalpena aurkeztuko da, eta Arantzazuko basilikarako fatxada bisitatuko da, multzo artistiko horren klabe estetikoak analizatzearren.

Bitartekaritza plana

Doako bisita gidatuak izango dira, bai Oteiza Museoko bai Gandiaga Topaguneko erakusketetara, erakusketa-proiektuaren komisario Elena Martinekin.

  • Oteiza Museoko bisita gidatuak
    Ekainak 22, larunbata, 12:00etan.
    Urriak 5, larunbata, 12:00etan.
  • Gandiaga Topaguneko bisita gidatuak
    Ekainak 29, larunbata, 12:00etan.
    Abuztuak 24, larunbata, 12:00etan.
    Urriak 19, larunbata, 12:00etan.

Horrez gain, proiektu honetarako berariaz diseinatutako lantegiak programatuko dira. Horiek haurrei lagundu egingo diete arkitekturako proiektu baten dimentsioa ulertzen: arkitekturaren eta beste arteen arteko funtsezko harremana, eta bereziki estatuaria garatzeko prozesu formala.

  • Eskultura lengoaia plastiko eta sentsorial gisa, Oteizaren Apostoluetatik. Lantegia - Udalekua. 2018ko abuztuaren 20tik 24ra, 09:30etik 13:30 arte. 5 eta 11 urte bitarteko haurrentzat, Oteiza Museoan.
  • Apostoluen historian zeharreko ibilbidea familiarentzat. 5 eta 11 urte bitarteko haurrentzako bisita-lantegia, senide batek lagunduta. Irailak 15. 11:00etatik 13:30 arte, Oteiza Museoan.
  • Irakasleentzako prestakuntza: Gorputza, ahotsa eta emozioak Arantzazuko apostoluetatik. Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleentzako bisita-lantegia. Irailak 25. 17:30etik 19:30 arte. Oteiza eta espiritualtasuna artean. Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko irakasleentzako bisita-lantegia. Irailak 6. 17:30etik 19:30 arte. Oteiza Museoko Hezkuntza Estetiko Sailaren arduradun Aitziber Urtasunekin.
  • Harrizko gorputza, buztinezko arima haurrentzako lantegia: Maushaus-ek diseinatu duen 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako lantegiak bi saio izango ditu. Irailak 28: 10:30etik 13:30 arte. Urriak 19: 10:30etik 13:30 arte. Gandiaga Topagunean, Maushausen eskutik.
  • Hitzaldia: Oteiza Arantzazun. Espresioa ahultzetik espazio harkorrera. Hizlaria: Elena Martin, Oteiza Museoko kontserbatzailea eta “Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969” proiektuaren komisarioa. Urriak 7, astelehena, 19:00 h. Kutxa Kultur. Ruiz Balerdi aretoa (4. solairua, Tabakalera). Donostia.
  • Oteiza: natura---laborategia---Natura mintegia: Gandiaga Topagunea, 2019ko urria-azaroa. Antolatzaieak: TECTar y KREAREak Ikerkuntza taldeak. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederren Fakultateko Eskultura Saila.