Back Wilco, Bryan Ferry, Izaro eta Amaral dira, Kursaal Eszenak denboraldi berrirako egiten dituen proposamenetako lau

Wilco, Bryan Ferry, Izaro eta Amaral dira, Kursaal Eszenak denboraldi berrirako egiten dituen proposamenetako lau

Kursaal Eszenak 18 hitzordu proposatzen ditu bere denboraldi berrirako. Guztien artean azpimarratzekoak dira Wilco, Bryan Ferry, Izaro eta Amaral, pop-rock-aren atalean

Wilco, Bryan Ferry, Izaro eta Amaral dira, Kursaal Eszenak denboraldi berrirako egiten dituen proposamenetako lau
  • Esparru klasikoan “Don Giovanni” opera, Turingo RAIren  Orkestra Sinfonikoa, Norvegiako Irratiko Orkestra eta Dantza Konpainia Nazionala dira nabarmentzekoak.

 

  • Sarreren salmenta orokorra, nahiz musika klasikoko abonuen salmenta, gaur aktibatu da, abenduak 5, osteguna, 12:00etan.

 

Kursaal Eszenak 18 hitzordu proposatzen ditu bere denboraldi berrirako. Guztien artean azpimarratzekoak dira Wilco, Bryan Ferry, Izaro eta Amaral, pop-rock-aren atalean, eta Mozarten “Don Giovanni” opera, Turingo RAIren Orkestra Sinfonikoa, Norvegiako Irratiko Orkestra eta Dantza Konpainia Nazionala, esparru klasikoan.

 

2020ko otsaila eta ekaina artean gauzatuko den denboraldia otsailaren 13an hasiko da, Antonio Florio musikogo eta zuzendari ospetsuak gidatzen duen Cappella Neapolitana talde italiarrarekin. Talde hau Napoliko eskola barrokoko musika-altxorrak zabaltzen dago espezializatua, eta Johann Adolph Hasseren "Marc'Antonio e Cleopatra" bi ahotsetako serenata zoragarriari helduko dio. Hasse hartzen da XVIII. mendeko opera serio italiarraren erakusle nagusitzat.

 

Egun batzuk geroago, opera eszenifikatuaren bi hitzordu izango dira Kursaaleko Auditorioan (otsailak 21 eta 22), Opus Lirica konpainiaren ekoizpen berri batean. “Don Giovanni” da oraingo honetan aukeratu den izenburua, askoren ustez Mozarten operarik hoberena eta adierazgarriena. Marzelo Guzzo baritono uruguaitarrak antzeztuko du Don Giovanniren rol nagusia, eta harekin arituko dira Euskal Herriko zenbait abeslari, hala nola Ainhoa Garmendia (Donna Anna) eta Miren Urbieta-Vega (Donna Elvira).

 

Operaren ondoren, Kursaal Auditorioak Turingo RAIren Orkestra Sinfonikoaren bisitaldi “klasikoa” jasoko du. Hauxe da Italiako talderik ospetsuenetako bat, eta James Conlon estatubatuarraren gidaritzapean, Mahlerren “1. Sinfonia, Titan” txalotua interpretatuko du. Egitaraua amaitzeko, Mozarten “Biolinerako 1. kontzertua” eskainiko da, Salzburgoko jeinuaren gaztaroko obra, eta Michael Barenboim biolinista frantsesa izango da bakarlaria, estilo bikaina eta publikoa hunkitzeko berezko gaitasuna duena (martxoak 15).

 

Denboraldi honetan, musika klasikoaren atalean, orobat eskainiko da Mozarten “Requiem” guztiz ezaguna, Austriako musikagilearen hil ondorengo lana, haren ikaslerik hurbilenek amaitu zutena (apirilak 4). Erabateko kalitatearen bermea diren bi talde germaniar, Stuttgarteko Kammerchor eta Hofkapelle, arduratuko dira maisulan honen interpretazioaz, eta Sarah Wegener (sopranoa), Marie Henriette Reinhold (kontraltoa), Florian Sievers (tenorra) eta Sebastian Noack (baxua) izango dira bakarlariak. Frieder Bernius maisu alemaniarrak zuzenduko ditu guztiak.

 

Norvegiako Irratiko Orkestrak debuta egingo du Donostian bere zuzendari titularraren agindupean: Miguel Harth-Bedoya perutarra, zeinak sarri zuzentzen baititu orkestra sinfoniko amerikarrak, nola diren Chicago, Boston, Atlanta edo Clevelandekoak, baita New York, Los Angeles eta Filadelfiako orkestra filarmonikoak ere (apirilak 29). Donostiako publikoaren aurrean aurkezteko, Beethovenen “Pianorako 4. kontzertua” barne hartzen duen programa bat diseinatu du Norvegiako talde nagusiak, non Boris Giltburg israeldarra izango baita bakarlaria, belaunaldi berriko pianistarik onenetakotzat jotzen dena; eta Dvoraken “7. Sinfonia” ere eskainiko du, musikagile bohemioaren heldutasuneko lana, egilearen gailurra askorentzat. Griegen eta bere “Udazkenean” kontzertuko oberturaren eskutik etorriko da programaren ukitu norvegiarra.

 

Atal klasikoa Dantza Konpainia Nazionalak eta bere “Don Quijote” obrak osatuko dute. Bertan, José Carlos Martínez koreografoak Quitería eta Basilio pertsonaietan zentratzen du ekintza, eta, aldi berean, dantza-taldea erabiltzen du denboraz kanpoko klasiko handi honen ekintzari dinamismo handiagoa emateko (maiatzak 26).

 

Kursaal Eszenaren denboraldi berrian, herri-musikaren atalean hain zuzen, Izaro bakarlaria ere izango da, zeina, 2018ko urtarrilean izandako arrakastaren eta Kursaaleko 20. urteurreneko galan izan duen parte-hartzearen ondoren, Auditoriumera itzuliko baita, “Limones en invierno” (martxoak 21) bere proiektu diskografiko berria aurkezteko helburuz.

 

Zaragozako Amaral taldeak ere bere disko berria aurkeztuko du, “Salto al color”, eta abesti berriak eskainiko ditu dagoeneko espainierazko musikaren historiaren parte diren aurreko zazpi lanetako gaiekin batera (apirilak 18).

 

Nazioarteko erreferentziak diren hiru artisten saioekin osatuko da Kursaal Eszenaren denboraldi berriko eskaintza: Zucchero (ekainak 19); Bryan Ferry (ekainak 22) eta Wilco (ekainak 30).

 

Italiako artista handienetako bat, Zucchero, bere “D.O.C.” izeneko disko kaleratu berriarekin etorriko da Donostiara. Aukera paregabea izango da hauxe, rhythm´n´blues italiarraren erregea zuzenean ikusteko, bere kantu berriak aurkeztuz eta denoi dantzaraziz bere ibilbideko arrakastarik ezagunenekin. Bryan Ferry konpositore, abeslari eta pianista britainiarra, berriz, bere bandarekin etorriko da, eta bere arrakasta handien errepasoa egingo du, Roxy Music-etik hasi eta bakarkako lanetaraino. Azkenik, Wilco Chicagoko rock alternatiboko taldeak bisitatuko gaitu, hamaika gai berri eta distiratsu biltzen dituen bere azken diskoa, “Ode to Joy”, aurkezteko Europan barna egiten ari den biraren baitan.

 

Musika familian, gazteenei eskainitako programa-ildo tradizionalak, hainbat hitzordu ezberdin izango ditu: “Bazen behin Don Giovanni”, “Don Giovanni” operaren pianoarekin egindako bertsio murritza da, Opus Lirica konpainia donostiarrak diseinatu duena gazteenak hurbildu eta Mozarten opera ospetsu hau ezagutu dezaten (otsailak 23). “Eko-Musik” Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Musika Gelak ekoitzia da, eta musika klasikoaren eta ekologiaren arteko harreman zuzena eratzea izango du helburu (maiatzak 16).

 

Azkenik, eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin elkarlan estuan, helburua musika klasikoa zuzenean gure inguruko ikasleei hurbiltzea duten Eskola Kontzertuak eskainiko ditu Kursaal Eszenak. Horrela, otsailaren 26an eta 27an Lehen eta Bigarren Hezkuntzako gela berezi bat izango da Kursaaleko Auditorioa, eta bertan 10 eta 16 urte bitarteko gazteek Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Musika Gelak ekoitzitako “Maitasun Epikoak” ikuskariaz gozatu ahal izango dute. Bina emanaldi egingo dira aipatu berri diren egunetan: 9:45etan eta 11:30etan.

 

Kursaal Eszenaren denboraldi berriko hitzordu musikal hauen guztien aurretik, errezitaldi bat eskainiko du, urtarrilaren 23an, nazioartean guztiz ospetsua eta txalotua den Javier Camarena abeslari lirikoak; eta urtarrilaren 31n, Los Secretos, Espainiako pop-rock musikaren historiako talderik garrantzitsuenetako baten kontzertua izango da, eta taldeak bere hamalaugarren diskoa aurkeztuko du, “Mi paraíso”. Bi kontzertu hauek emango diote amaiera gaur egun abian den denboraldiari.

 

 

 

Lista Spotify Música Clásica:

https://open.spotify.com/album/7zUp1kFOMEMiRFoFKcJhZB

Lista Spotify Música Popular:

https://open.spotify.com/user/mmartin2009/playlist/3HyvDgKS7JKzsDEWBbDPje

 

 

 

 

Kursaal Eskura

Kursaal Eszenak aurrera jarraituko du, denboraldi honetan ere, Kursaal Eskura proposamenarekin. Donostiatik urrutiena dauden Gipuzkoako udalerrietatik datozen zaleei beren kontzertuetarako sarbidea erraztea da ekimen honen helburua.

Antzuola, Arrasate, Bergara, Elgoibar, Getaria, Ezkio, Itsaso, Legazpi, Urretxu, Oñati, Tolosa, Zarautz, Zumaia, Zumarraga, Irun eta Orioko herritarrek izan dute dagoeneko ekimen honetaz gozatzeko aukera Kursaal Eszenak programatutako kontzertuetan, eta beste udalerri batzuk ere sartuko dira laster proiektu honetan.

Kursaal Eskura 2014an sortu zen, Kursaal Eszena eta Gipuzkoako hainbat udalen lankidetzarekin. Proiektu horrek doako autobus-zerbitzu bat jartzen du interesdunen eskura, udalerri horietatik abiatzen dena, eta, Kursaaleko kontzertua/ikuskizuna amaitu ondoren, jatorrizko herrietara itzultzen da.

 

 

 

Abonuak eta sarrerak

 

 

Abonuen salmenta atal klasikorako bakarrik da, eta gaur osteguna, abenduak 5, hasiko da, eta 2020ko otsailaren 13an, osteguna, amaituko. Kursaal Eszenako denboraldi berriko abonuak barne hartzen ditu 5 kontzertu (Cappella Neapolitana; Turingo RAIren Orkestra Sinfonikoa; Stuttgarteko Kammerchor eta Hofkapelle; Norvegiako Irratiko Orkestra eta Dantza Konpainia Nazionala), eta kontzertu horietarako sarrera solteen zenbateko osoaren % 20ko aurrezpena dakar.

 

Abonuen salmenta Kursaaleko leihatiletan egingo da (astelehenetik ostiralera, 11:30etatik 13:30era. Ostegun eta ostiraletan ere bai, 17:00etatik 20:00etara. Larunbatetan: 17:00etatik 20: 00etara) eta www.kursaal.eus webgunearen bidez.

 

Denboraldiko kontzertu guztietarako sarrera solteen salmenta ere gaur hasiko da, abenduak 5, Kursaaleko leihatilan eta Kursaal Zentroaren webgunean bertan, (www.sarrerak.kursaal.eus da salmenta baimendua duen online kanal bakarra). Amaral, Izaro eta “Don Giovanni” operarako sarreren salmenta gaur baino lehenago jarri zen martxan.