COVID-19: argitu zure zalantzak

Askok eskatu diguzue COVID-19ak eragindako neurriek dantzaren sektorean eragindako zalantzak argitzeko. Gogorarazten dizuegu, Gipuzkoako Dantzaguneak "Bulego irekia" aholkularitza-zerbitzua martxan duela horretarako.

-ren irudia
 COVID-19: argitu zure zalantzak

Gipuzkoako Dantzagunean, gainerako erakunde guztiak bezala, COVID-19ak eragindako osasun krisiari ari gara aurre egiten. Udaberriko itxialdian areto birtuala ireki genuenetik, egoerak eskatutako protokoloen eta beharren arabera ari gara lanean, aretoak erabiltzeko eskaerak eta baldintzak uneko eskakizunen arabera berrituta.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren dantza zerbitzua garen neurrian, Eusko Jaurlaritzarekin eta Errenteriako Udalarekin koordinazioan ari gara osatzen uneko erabilera- eta kontingentzia-planak.

Bulego irekia eta birtuala martxan

Gipuzkoako dantzaren sektoreko askok eskatu diguzue mota guztietako zalantzak argitzeko, astez asteko aldaketen ondorioz, kasu bakoitzak erantzun zehatza eskatzen baitu. Guztiak ari gara jasotzen, eta konponbideak jaso ahala erantzuten.

Gogorarazten dizuegu Gipuzkoako Dantzaguneak sektorearen zerbitzura duela Bulego irekia aholkularitza-zerbitzua. Inoiz baino gehiago, guztion osasuna bermatzeko, kontsultak telematikoki egitea eskatzen dizuegu:

  • Telefonoa: 943021624 (9:00-14:00)
  • Emaila: dantzagunea@gipuzkoa.eus

Aldez aurretik eskertzen dizuegu zuen kezkak gurekin partekatzeko eta argitzeko konfidantza.

Dantzaren sektoreari dagokionez, eta profesionalek bere aktibitate profesionalarekin jarraitzeko duten salbuespenaz gain, orain indarrean diren Eusko Jaurlaritzaren dekretuen arabera, dantza-eskolak, urriaren 26an EHAAn argitaratutako dekretuak 8. artikuluan adierazten duenari jarraituz, arautu gabeko prestakuntza-zentro baldin badira eta hori frogatzeko "dagokien erregistroan inskribatuta" baldin badaude, irakaskuntza jarduera "presentziala" izateko baimenduta daude, baina, "beharrezko neurriak ezarri beharko dira instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko" eta "maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa den".

Bestalde, azaroaren 6an argitaratutako Eusko Jaurlaritzaren dekretua-zuzentzaileak 13. artikuluari egindako zuzenketan agertzen duenez, "Bertan behera geratzen dira musika- eta ahots-izaerako edo dantza-izaerako entsegu eta emanaldi kolektibo ez profesionalak, musikako graduko ikasketen edo baliokiedeen prestakuntza arautuari dagozkionak izan ezik". Beraz, orain bertan debekatuta daude taldean egiten diren dantza-entsegu ez profesionalak.