ALET jasotzen duten langileek bat egin dute Euskaraldiarekin

Trebakuntza jasotzen ari diren Aldundiko langileek lan eremura eraman dute Euskaraldia eta hizkuntza ohiturak aldatzen saiatu dira. Oro har, oso balorazio ona egin dute.

Foto de 
 ALET jasotzen duten langileek bat egin dute Euskaraldiarekin

Lantokian euskararen erabilerari bultzada emateko baliatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Euskaraldia eta ALET programan (Administrazioko Langileen Euskarazko Trebakuntza)  parte hartzen duten langileek lan esparrura eraman dute ekimena. Aldundiaren helburua lan hizkuntza euskara izatea da eta, bide horretan, oso lagungarria izan da Euskaraldiak jarri duen markoa. Gainera, talde modura jokatzeak sendotu egiten du ekimena bera, kideak euskararen inguruan batu egin baititu.

Oso profil desberdinetako langileak aritu dira Ahobizi eta Belarriprest roletan, batzuek bakarka jasotzen dute trebakuntza eta beste batzuek taldeka, baina denek egokitzat jo dute hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimena. Besteak beste, Diputatu Nagusiaren Alorreko hainbat langilek, Finantza eta Aurrekontuetakoek, Funtzio Publikokoek, Gizarte Politikakoek, Abeltzaintza Zerbitzukoek, Landa Garapenekoek, Bide Artapenekoek, Obra Hidraulikoetakoek... eraman dute Euskaraldia Aldundiaren egunerokotasunera.

Balorazioa. Partaideen artean egindako balorazioa oso ona izan da eta, oro har, guztiek positibotzat jo dute ekimena. "Euskararen erabilera sustatzeko oso modu egokia eta atsegina da". Txapa eramateak euskararekiko jarrerak aldatu eta finkatzeko balio izan duela diote ALET programan dauden langileek eta, gutxi asko, euskararen erabilerak gora egin duela nabarmendu dute. "Euskaraldiak balio izan dit euskararekiko jarrera aldatzeko. Saiatu naiz lehen hitza euskaraz egiten".

Hala ere, jarreretan eragin duen arren, zenbait kasutan ohiturak aldatzea zaila dela ere aitortzen dute batzuek eta borondatea izan arren, gaztelaniaz aritzeko ohiturek pisu handia dutela adierazi dute. "Nire zerbitzuan jende askok dakigu euskaraz hizketan, baina ez daukagu hitz egiteko ohiturarik. Nik uste ohituretan ez duela hainbesteko aldaketarik eragin gure zerbitzuan, baina jarreran bai, lankide askok eraman du txapa". 

Txapa eramatea, gainera, langile askori lagungarria izan zaie eta gehienak "eroso" sentitu dira. "Txaparik gabe behartuta sentitzen naiz azaltzera euskara ikasten ari naizela, nahiz eta euskaraz hitz egiteko prest izan. Txaparekin, ordea, segurtasun handiagoa sentitzen dut jendeari euskaraz zuzentzeko". Zentzu horretan txapak nolabaiteko legitimitatea edo zilegitasuna eman die erabiltzaileei eta horrek erraztu egin bakoitzak bere rola mantentzea. "Berdin zait akatsak egitea, kontua euskaraz hitz egitea eta beldurra kentzea da. Niretzat primeran!".

Orain Euskaraldia bukatu eta 12. eguna ere pasa den honetan, helburua egindako lanketari jarraipena ematea, lorpenei eustea ea portaerak finkatzea da. Zorionak, beraz, ekimenean parte hartutako langileei eta aurrerantzean ere euskararen aldeko jarrerak indartzen ahalegindu gaitezen denon artean.