Arrate Rodriguez da 2018ko Anton Abbadia sariaren egilea

"Eraikinak leherraraziz" collagearekin mendebaldeko gizartearen azkartasuna irudikatzen du, baina baita sosegu handiagoz bizitzeko beharra ere. Rodriguez "oso pozik" dago 2018ko Anton Abbadia saria Ahotsak proiektuak jasoko duelako, izan ere, bere iritziz proiektu horrek zeharo egiten du bat Rodriguezen ikuspuntuarekin.

Foto de 
 Arrate Rodriguez da 2018ko Anton Abbadia sariaren egilea

Ahotsak proiektuak jasoko du 2018ko Anton Abbadia saria, baina Ahotsak-eko ordezkariak ez dira eguneko protagonista bakarrak izango. Urtero artista desberdin batek egiten du Abbadia saria irudikatzen duen oroigarria eta aurten lan hori Arrate Rodriguez errenteriarrari egokitu zaio.

Rodriguezek urteak daramatza artearen munduan eta batez ere pintura, ilustrazioa, collagea eta bideoa lantzen ditu, nahiz eta azken aldian zeramikarekin ere lanean aritu. Arte Ederretan lizentziatu eta ilustrazio kreatiboan espezializatu ondoren, 2014an Savanna estudioa sortu zuen Carlos Ndungmandumekin batera. Bertan, diseinu grafikoa eta ilustrazioa uztartzen dituzte “modu basati eta lotsagabean”.  

Artearen munduan Rodriguezek egin duen ibilbidean, leherketek garrantzi handia izan dute eta bere lanetan behin eta berriz errepikatzen den metafora da. Leherketak egoera eraikitzaile bezala interpretatzen ditu suntsitzaile baino gehiago, izan ere, sua elementu purifikatzaile modura ulertzen du. “Sua elementu oso purifikatzailea da niretzat eta su txikia begiratzeak trantzean jartzen nau, uste dut oso gizatiarra den kontua dela, meditazioarekin konektatzen gaituelako”.

Leherketetan baina, ez da sua agertzen den elementu bakarra eta 2008az geroztik inspirazio iturri hori garatzen hasi zen: marrazkiez gain, collagea ere erabiltzen hasi zen, landareak leherketetan txertatzen, ke irudiak sartzen…. “Nire collagetan elementu horiek askotan errepikatzen dira. Bizidun baten barruan gauza asko dago eta lehen bistadizoan itxura bakarrik ikusten dugun arren, barruan askoz gehiago dago eta keak hori irudikatzen du niretzat”.

Rodriguezen iduriko, mendebaldeko gaur egungo bizimodua azalekoegia, azkarregia eta berehalakoegia da eta garrantzitsua da horren aurrean erresistentzia egitea. Hala, bere lanetan gaur egungo gizartearen eraldaketa irudikatzen saiatzen da eta bizitzeko bestelako moduak aldarrikatzen ditu. “Nire lanetan egunerokotasunean dauden zirrikituak bilatu eta beste modu batekoak diren praktikei tokia egiten diet”.

Hala, ideia hori bera erabili du Ahotsak proiektuaren oroigarria sortzeko orduan, izan ere, bere iritziz, proiektu horrek gaur egungo bizimodu azkarraren aurrean erresistentzia egiten du eta nolabaiteko geldialdia eta sosegua gizarteratzen du.  “Oso pozik nago Abbadia saria haiek jasoko dutelako eta 15 urtez horretan mantentzea saritzeko kontua iruditzen zait”. Sarirako collagean animaliak, landareak, kea eta leherketa ikus daitezke eta nahasketa horrekin bizitzeko bestelako moduak aldarrikatu nahi izan ditu. “Eraikina, erakundeak, etiketak eta, orokorrean, kutxa itxiak diren elementu guztiak zalantzan jartzeko asmoa izan dut”.

Artea eta erresistentzia. Gaur egun artea egiten jarraitzea erresistentzia modu bat dela ikusten du Rodriguezek, gaur egungo bizimodu kontsumitzailean ez baitago kontenplaziorako eta lasai egoteko tarterik. “Artea egiten dugunok benetan gauza beharrezko moduan sentitzen dugulako egiten jarraitzen dugu, nahiz eta gure gizartea eta bizimodua fokua beste alde batera eramaten saiatzen den”. Rodriguezen iritziz, estresa eta gehiegizko presa oso barneratuta daude mendebaleko gizartean eta lasai egoteko tarteak oso urriak dira.

Hori guztia tarteko, artearen munduan murgiltzen eta sakontzen jarraitzeko asmoa du errenteriarrak eta ibilbide horrek Mexikora eraman du denboraldi baterako. Han eskuartean dituen hainbat proiektu garatzen jarraituko du marrazki, collage eta frame bidez.