Datozen urteetarako Udalekinen lan ildo posibleen aurkezpena

Udalekinen baitan gara daitezkeen proiektuak aurkeztu ditu Elhuyarrek hainbat teknikari, zinegotzi eta alkateen aurrean. Era berean, Gazteria eta Euskara alorreko hainbat udal teknikarirekin egindako lanketaren berri ere eman du Ebete Hizkuntza Zerbitzuak

Foto de 
 Datozen urteetarako Udalekinen lan ildo posibleen aurkezpena

Gipuzkoako euskara teknikarien sarea da Udalekin eta Aldundiak esleitzen duen programa baten bidez garatzen da. Elhuyarrek irabazi du 2019-2021 epeari dagokion lehiaketa eta, hala, lizitazioa berriki sinatu dela eta legegintzaldi aldaketa izan dela baliatuta, datozen urteetarako aurreikusitako lanketaren aurkezpena egiteko baliatu du. Hori horrela, Gipuzkoako hainbat Euskara eta Gazteria teknikari, zinegotzi eta alkateren aurrean, aurreko legegintzaldian egindako lanketen errepasoa egitez gain, datozen urteetarako proposamenak ere aurkeztu ditu Elhuyarreko kide Maite Zipitriak. 

Udalekinen bidez Gipuzkoa mailako hizkuntza politika bateratuagoak proposatu eta lantzen dira eta, horretarako, oinarrizkoa da udalen arteko eta udalen eta Aldundiaren arteko koordinazioa, inplikazioa eta konplizitatea sustatzea. Azken batean, indarrak batzea da helburua, erakunde guztietako hizkuntza politikak berdinagoak izan daitezen. Hala, Zipitriak adierazi duenez, irailetik aurrera ekingo zaio berriro lanari.

Honakoak dira datozen urteetan garatzeko proposatu dituzten proiektu elkartuak:

  1. Agintaldi berrian Gipuzkoako politikariei harrera
  2. Esperientzien trukaketa
  3. Tokiko Legea euskararen alde aplikatzeko urratsak
  4. Eskola-kirola: partidetan euskararen argazkia
  5. Euskaraldia: osagarritasuna eta lankidetza
  6. Gipuzkoako arnasgune funtzionalen mapa
  7. Proba pilotuak udaletan: alderdien arteko hizkuntza akordioak eta zubiak eraikitzen
  8. VI. plangintzaldia: euskararen kudeaketa integraturako gidalerroa
  9. Aldundiaren eta udalen arteko elkarlana eta gidaritza konpartitua
  10. Eta gazteek zer diote?
  11. Hizkuntza bizikidetza eta etorri berrientzako harrera protokoloa
  12. Hizkuntza politikarien inpaktua neurtzeko udaletarako adierazle sistema

Proiektu horien garapena graduala izango da, izan ere, 2019an bi proiektu elkartu garatzea aurreikusten da, 2020an lau eta 2021ean beste bi. Esan gabe doa proiektu horien artean lehentasunak ezarri beharko direla eta garrantzitsuenak zein diren erabaki. Zipitriaren arabera, hautaketa hori denen artean egin beharko da, nahiz eta bereziki teknikarien gain jarri duen fokoa. Izan ere, lankidetza ezinbestekoa izango da proiektu horiek garatu ahal izateko eta indarrak batu egin beharko dira. Zentzu horretan, Udalekinen baitan egindako mintegian bi ariketa egin dituzte bertaratutakoekin eta azken horien feedbacka jaso du Elhuyarrek.

Horrez gain, ezin ahantz daiteke prestakuntzaren garrantzia ere eta prestakuntza jarduerak proiektu elkartuen norabide berean joan behar duela adierazi du Zipitriak. Hala, 2019an bi prestakuntza saio aurreikusten dira, 2020an lau eta 2021ean bi. Prestakuntza saioetan landuko dena proiektu elkartuetan landuko denaren ildo beretik joango da, izan ere, bi lan ildoak bateratzeak indarra ematen dio hizkuntzaren biziberritze prozesuari berari eta lanketaren beste parte garrantzitsu bat bilakatzen da.

Ebete Hizkuntza Zerbitzua. Era berean, Ebete Hizkuntza Zerbitzuko ordezkari Itziar Larzabalek Aldundian Gazteria eta Euskara esparruetako hainbat udal teknikariekin egindako lanketaren berri eman du. Hiru saio egin zituzten udaberrian eta Nerabe Zerbitzuetako, Euskara Planetako eta udaletatik sustatutako hainbat jarduera izan zituzten aztergai, beti ere, helburu bezala Gazteria eta Euskararen arteko koordinazioa eta lankidetza nola hobetu zezaketen aztertzea zela. Hala, gaur egungo egoera zein den ikusi zuten, hobetzeko edo garatzeko esparruak zein izan zitezkeen identifikatu eta teknikarien ardura eta beharrak jaso zituzten. Labur-labur, hona lanketatik ateratako ondorioak:

  1. Egungo jardueren kalitatea hobetzea: Hezitzaileen profila, oro har, egokia izan arren, zenbaitetan baliabideak ez dira behar adinakoak izaten eta, beraz, ez da helburuak ondo betetzea lortzen, bereziki Haur eta Nerabe Zerbitzuak politiken erdigunean kokatzeari begira. Teknikariek hezitzaileei laguntzeko ardura hartu behar dute eta baliabideak behar dituzte horretarako. Era berean, garatzekoen artean, nerabeen ahalduntzea, hezitzaileei jarraipen sistematizatua egitea eta jardueretako baliabideak eta hezitzaileen lan baldintzak optimizatzea identifikatu dira.
  2. Bi arloetako helburuak eta zehar lerroak garatzea. Batetik ez da Haur eta Nerabe zerbitzuak erdigunean kokatzea lortzen eta herriko jardueretan eragitea kosta egiten da, bereziki kirolean. Hala, hori hobetze aldera, eragiteko hiru esparru identifikatu dira: batetik, hobetzeko eta garatzekoen artean, haur eta nerabeentzako jardueren itinerario edo ibilbide moduko bat egitea; bestetik, udalaren arlo guztietako jardueretan eta herriko erakundeek antolatutako jardueretan eragitea; eta, azkenik, Haur eta Nerabe Zerbitzuetan ezaugarri ezberdinetako jarduerak edo txokoak txertatzea, tartean arnasguneak.
  3. Udaletan lan egiteko modua hobetzea. Udal batzuetan koordinazio mahaiak osatu dira eta aurrerapausoak ematen ari dira, baina gehienetan batzorde informatiboak izaten dira koordinazio batzordeak baino gehiago. Hala, hobetzeko eta garatzekoen artean honakoak identifikatu dira: koordinazio lan mahaiak osatzea edota finkatzea; lan mahai horietan landu beharrekoa argi izatea eta agenda konpartitua izatea; batzorde informatibo izatetik benetako lan mahaiak izatera pasatzea; eta euskara eta gazteria arloak lan mahai horietan egotea eta erdigunean kokatzea.