Hamabi hizkuntza minorizaturen ordezkariak izan dira Aldundian

Hizkuntza plangintzari buruzko ikastaldia egiten ari dira Garabideren laguntzarekin eta Aldundiak egindako hizkuntza ibilbidea eta lan ildoak bertatik bertara ezagutu dituzte.

Foto de 
 Hamabi hizkuntza minorizaturen ordezkariak izan dira Aldundian

Milaka hizkuntza minorizatu daude munduan, batzuk egoera larrian daude, baina beste batzuek etorkizun itxaropentsuagoa bizi dute. Hala, hizkuntza horietako zenbaitetan hizkuntza biziberritzeko ahaleginak egiten ari dira eta hori sustatu eta indartzeko hizkuntza lankidetza sustatzen du Garabidek. Testuinguru horretan, hizkuntza gutxituetako hainbat ordezkari etortzen dira urtero Garabidek antolatzen dituen ikastaroetara eta hizkuntzen biziberritzearen alorrean formakuntza jasotzen dute. Aurten, gainera, ohiko ikastaroak bukatu ondoren, bereziki hizkuntza plangintzan trebatzeko ikastaro bat egiten ari dira hamabi hizkuntza minorizatutako hogei ekintzaile.

Formazio horren baitan, urtero bezala Gipuzkoako Foru Aldundira joan dira ekintzaileak eta Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusi Garbiñe Mendizabalek egin die ongietorria. Bertan, Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zerbitzuburu Gotzon Egiak 2018-2022 urteetarako erakundeak duen euskararen erabilera normalizatzeko plana aurkeztu die ikasleei, sakon. Egiak nabarmendu duenez, Aldundiaren planaren oinarrian hiru ideia daude: hizkuntza hautatzeko askatasuna, hizkuntzen arteko berdintasuna eta justizia soziala; eta adierazi duenez, hori lortzeko Aldundiak bi esparrutan egiten du lan nagusiki, zerbitzu hizkuntzan eta lan hizkuntzan. Hala, hori lortzeko Aldundiak esparruz esparru hainbat hizkuntza irizpide ezarrita dituela azaldu du eta jarraipena egiteko urratsak ere emanak dituztela.

Aldundian egindako saioan, beraz, ikasleek erakunde publiko batetik hizkuntza plangintzaren alorrean egin daitekeen lanaren berri jaso dute eta, ondoren, jakintza hori beren herrialdeetara eraman ahal izango dute, han beren errealitateetara moldatu eta egokitzeko. Dena den, gaur izan duten saioa hilabete irauten duen formakuntza orokorrago baten parte da eta, beraz, beren ikasketak aurrera darrai. Datozen egunetan hizkuntza plangintzako beste eredu batzuk ere ezagutu eta aztertuko dituzte. 

Gaur Aldundian egon diren ikasleek ordezkatu dituzten hizkuntza minorizatuak, besteak beste: Boliviako guarania, Rif-Marokoko amaziga, Kolonbiako nasak, Guatemalako kitchelak... izan dira.