HPSk eta UEMAk ELE egiteko tresna aurkeztu dute

Euskadiko Toki Erakundeen Legearen arabera hizkuntzari eragiten dioten plan eta proiektuek pasa beharko dute ELE. Arnasguneen kasuan plan guztiek

Foto de 
 HPSk eta UEMAk ELE egiteko tresna aurkeztu dute

Euskadiko Toki Erakundeen Legea (ETEL) 2016tik indarrean badago ere, haren garapena luze gabe onartzea espero da eta garapen horretan xehetuko dira Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) egiteko nondik norakoak. Oraindik zirriborroa den garapen horretan ELEri buruz jasotzen dena aurkezten ari dira HPS eta UEMA Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Orain arteko aurkezpenetan oinarri teorikoa eman dute eta ariketa praktikoa proposatzen dute aurrerago egingo diren beste jardunaldi batzuetan.

Aipatu dutenez, hizkuntzan eragina duten plan eta proiektuak ebaluatu beharko dira, izan publiko nahiz pribatu, eta beti ere hizkuntzari eragiten dioten egitasmoak badira. Plan eta proiektu horiek, gainera, oso esparru ezberdinetakoak izan daitezke: hirigintza, turismo, kirol, gazteria... Eskumena udalarena berarena izango da eta ELEren bitartez plan eta proiektu horiei neurri zuzentzaileak ezarri ahal izango dizkie. Muturreko kasuetan, gainera, proiektua edo plana gelditu ere ahal izango du udalak. Arnasguneen kasuan, plan guztiak aztertu beharko dira.

Eskumena udalarena izan arren, plan eta proiektu guztiek ez dute derrigor udal mailarik izan beharrik ELE aplikatzeko. ETELen jasotzen da arnasgune funtzionalak ere ELE aplikatzeko eremutzat hartu ahal izango direla.

Hori horrela, ELE pasa behar duten plan edo proiektuak aztertzeko organo bat osatu beharko du udalak eta talde horretan dagokion esparruko teknikaria eta euskara teknikaria egongo dira, besteak beste. Talde hori arduratuko da proiektua aztertu eta ELEren kudeaketaz.

Prozedura. Erakunde sustatzaileak proiektua edo plana aurkeztu eta irismen dokumentua izenekoa eskatu beharko dio ELE egin behar den ala ez erabakiko duen udal organoari. Irismen dokumentu horretan udal taldeak erabaki beharko du ea plan edo proiektuak hizkuntzari eragiten dion ala ez eta horren arabera erabakiko du ELE egin behar den ala ez. Egin behar dela erabakiko balitz, ELE egiteko "prozedura erraztua" deritzona hasiko lukete proiektu eta plan txiki eta ertainek, eta "prozedura arrunta" izenekoa proiektu eta plan handiek (hirigintza planak...). Bi prozedurak egiteko tresnak Jaurlaritzak denen eskura jarriko ditu bere webgunean.

"Prozedura erraztua" abian jartzen denean, sustatzaileak hizkuntza inpaktuko hasierako azterlana egin beharko du eta hor erabakiko da hizkuntzari sortzen dion eragina neutroa edo kaltegarria den. Ondoren HPSri egin beharko dio kontsulta eta, erantzuna jasotzean, entitate sustatzaileak txosten egokitua aurkeztu beharko du berriro udalean. Horren ondoren egin beharko da hizkuntza inpaktuaren txostena eta, azkenik, hala adosten den kasuetan, onartu egingo da.

"Prozedura arrunta" abiatzen den kasuetan, goiko prozedurari kontsulta fase bat gehituko zaio sustatzailean hasierako hizkuntza inpaktuko azterlana egin ondoren. Kontsulta fase horretan HPSren, interesdunen eta informazio publikoaren ekarpenak aintzat hartuta, txosten egokitua berriro aurkeztu beharko du sustatzaileak udalean. Kontuan izan behar da kontsulta fasean egiten diren ekarpenak iradokizunak direla eta ez direla lotesleak izango. Behin puntu horretara iritsita, udalak hizkuntza inpaktuaren txostena egingo du eta proiektua edo plana onartuko dute, hala adosten duten kasuetan.

Tresna. UEMAk eta HPSk aurkeztutako tresna Excel batean oinarrituta dago eta izaera ezberdineko plan eta proiektuak ebaluatzeko balio du. Kasuan kasuko aldagaiak kontuan hartuta ELE egin beharko litzatekeen ala ez adierazten du tresna horrek eta asko erraztu eta automatizatzen da ELEren txostenak egiteko metodologia. Hala ere, tresna hori proposamen bat da eta udalen batek bere metodologia propioa aplikatu nahiko balu, erabateko askatasuna luke horretarako.

Saio praktikoak. Teorikoki aurkeztutakoa praktikan jartzeko hainbat saio praktiko eskainiko dituzte teknikariak gai horretan ahalduntzeko. Gipuzkoako saioak honako data eta lekutan izango dira.

  • Azpeitia, urriak 11. Azoka plaza.
  • Donostia, urriak 15. Gipuzkoako Foru Aldundia.
  • Bergara, urriak 17. Miguel Altuna institutua.
  • Tolosa, urriak 18. Lehiberri zentroa.
  • Donostia, urriak 29. Gipuzkoako Foru Aldundia.