Udal legea, errenta aitorpena edota ahalduntzea, Udalekin programan aztergai

Gipuzkoako euskara teknikariek proiektu elkartuen inguruko lanketa egin dute eta proiektu ezberdinek behar duten koordinazioaren eta helburuen inguruan aritu dira.

Foto de 
 Udal legea, errenta aitorpena edota ahalduntzea, Udalekin programan aztergai

Proiektu elkartuen lanketa egiteko bildu dira Gipuzkoako euskara teknikariak Udalekin programaren baitan, Euskaltzaindiak Donostian duen egoitzan. Proiektu elkartuen bidez modu bateratu eta koordinatuan jarduten dute euskara teknikariek eta estrategikotzat jotako gaiak lantzen dituzte. Oraingo honetan, oro har, hautatutako proiektu horiek nola lan ditzaketen aztertu dute eta datozen hilabeteak nola antolatuko dituzten irudikatzen ahalegindu dira. 

Hala, 179/2019 dekretuaren inguruan aritu dira nagusiki, dekretu horrek Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa arautzen baititu eta ate berriak irekitzen ditu normalizazioaren esparruan. Izan ere, zerbitzu hizkuntzan ez ezik, lan hizkuntzan ere aurrerapausoak emateko baldintzak sortu dira eta, gainera, tokian tokiko errealitatera moldatzeko aukerak ere badaude. Beraz, une garrantzitsua izan daitekeela iritzita, gaiari buru-belarri heltzeko momentua da. Zentzu horretan, dagoeneko dekretuaren inguruko formazioa jasota dute teknikariek eta, orain, dekretuan idatzita dagoen horri ahalik eta zuku handiena nola atera dakiokeen aztertzen aritu dira. 

Era berean, Ogasunak urtero egiten duen errenta kanpainaren harira, eskaerak eta izapidetzeak euskaraz egiten dituzten herritarren kopuruari bultzada bat emateko zein lanketa egin daitekeen aztertu dute. Izan ere, gaur egun, Gipuzkoan euskaraz ondo hitz egin eta ulertzeko gai diren herritarrak erdia baino gehiago izan arren, errenta aitorpena euskaraz egiten duten herritarrak kopuru horren oso behetik daude. Hala, hainbat udalek dagoeneko eginak dituzte gai horri bultzada emateko lanketak eta hainbat praktika on aurkeztu dituzte. Dagoeneko egindako esku-hartze horiek erakutsi dutenez, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainek emaitzak eman dituzte eta horrek euskararen normalizazioari ikusgarritasuna, zeharkakotasuna eta emaitza ukigarriak ematen dio.

Ahalduntzea. Horrez gain, erakunde publikoetako ordezkari politikoen inguruan ere aritu dira, izan ere, garrantzitsua da ordezkari politikoek euskararen normalizazioaren inguruan ahalduntzea, horrela indarrak batzeko sinergiak sor baitaitezke. Ordezkari politikoen gutxieneko ezagutza soziolinguistiko batzuk bermatuta, aurrerapausoak ematea eta inplikazioak lortzea errazagoa izan daitekeela iritzi diote eta gai horri ere nondik heldu aztertu dute.