Back 11 urte bete ditu Ekainberrik

11 urte bete ditu Ekainberrik

Urte amaiera bitartean, ospakizunen barne Ice Age Europe Day eta Europako Ondarearen Jardunaldiak ospatuko ditu Ekainberrik.

11 urte bete ditu Ekainberrik

2008ko irailaren 11n Ekain Fundazioak Ekainberri inauguratu zuenetik, 335.695 pertsonek ezagutu dituzte Gizateriaren Ondare diren Ekain kobazuloko margoak eta horrela, Gipuzkoako museoen artean jomuga garrantzitsu izaten jarraitzen du Ekainberrik. Urte hasieratik 24.528 bisitari izan dira Ekainberrin, pasa den uztaila eta abuztuan 5.655 bisitari; aurreko urteetako antzeko kopuruak dira eta Ekainberriren osasun onaren erakusle.

Ikastetxeei zuzendutako eskaintza prest

2019ko udaran erreplikak Ekain Fast eta Ekain Abentura eskaintza mantentzen du. Bisitari gehienak Espainiar estatutik datoz (%43), Euskal Autonomi Erkidegoko bisitariez jarraituta (%37) eta atzerritarrak aldiz %18a izan dira, gainontzekoak herritarrak. Bisitarien profilean ez da aldaketarik eman, bisitari gehienak helduak eta gazteak izan dira eta ohikoa den moduan, uztaila eta abuztuan online sarreren igoera bat eman dela nabaritu da.

Urteko azken hiruhilekoan ikastetxeen presentzia haunditzen da Ekainberrin. Eskaintza didaktikoa ikasmailari egokitzen zaion jarduerekin osatzen da, Haur Hezkuntzatik hasi eta Lanbide Heziketaraino. Aurtengo ikasturteari begira gainera eskaintza didaktikoari buelta bat eman zaio, berritasunak txertatu dira eta dagoeneko ikastetxeek erreserba egiteko aukera daukate 943868811 telefonoan edo info@ekainberri.com helbidean. Informazio zabala eskaintzen da www.ekainberri.eus webgunean.

50. urteurrena eta ospakizunak

1969ko ekainaren 8an Andoni Albizuri eta Rafael Rezabal Antxieta elkarteko gazte azpeitiarrek Ekain koba eta ondoren “Kuaternarioko labar artean zaldi multzorik perfektuena” bezala izendatu zena aurkitu zela ospatzeko hainbat ekimen programatu dira 2019an zehar. Maiatza bukaeratik ekainaren 8ra Debako Agirre jauregian 1969an Joxe Migel Barandiaran eta Jesus Altunak egin zituzten Ekaingo margoen kalkoak erakutsi ziren lehenengo aldiz erakusketa batetan. Ekainaren 7an, ospakizunen gailurra iritsi zen Victoria Eugenia antzokian Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatu zuen gala ekitaldian, aurkikuntzaren inguruko pertsonaia nagusiak jaigiroan omenduz. Gainera, Aranzadi Zientzia Elkarteak egun honetarako espreski argitaratu zuen Ekain. Historiaurreko zaldien magia / La magia de los caballos prehistóricos liburu monografikoa, informazio oso baliagarria biltzen duena Ekaingo kobaren aurkikuntzaren eta bertako ondarearen babesaren eta dibulgazioaren garrantziaren inguruan.

Ekainaren 9an ospatu zen Ekainfest eguna berezia izan zen aurten, urteurrena dela eta. Goizeko 11:00tan Andoni Albizuri zenari eta Rafael Rezabali omenaldia egin nahi izan zitzaien Ekain kobaren pareko zelaian. Deba eta Zestoako Udaletxeetako agintariak, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak eta Aranzadi Zientzia Elkarteko eta Antxieta Elkarteko hainbat kide izan ziren bertan. Egunak askorako eman zuen, Ekainberri eta Lili Jauregiaren ate irekien jardunaldiekin eta antolatu ziren beste hainbat jarduerekin.

Ekainberri Ice Age Europe lankidetza sareko kide den neurrian, urtean bi bilera ospatzen ditu (martxoan Altamirako museoan izan zen eta urrian Liejan, Belgikan, ospatuko da). Sare honetako Ice Age Europe Day irailaren 22an ospatuko da eta Ekainberrik data hau urteurreneko egutegien ospakizunen barruan sartu du. Urrian ospatuko diren eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Arabako eta Bizkaiko Aldundiekin batera, antolatzen dituen Europako Ondarearen Jardunaldiekin bat egingo du Ekainberrik urriaren 18an eta AMA-ALU-LUR antzezlan sariduna eskainiko da Zestoako Kultur Etxean. Lili Jauregiak ere bat egiten du jardunaldi hauekin urriaren 18an eta bisita antzeztuak doan eskainiko dira, Ekainberriko bulegoan erreserbatuz 11:30, 12:30, 16:30 eta 17:30ean.

'Lilitarren ohorea', Lili Jauregiaren historia ezagutzeko antzezlan hunkigarria

'Lilitarren ohorea' antzezlana Zestoako Lili Jauregiko jatorrizko eszenatokian eta pertsonaia historikoekin egiten da, hezur-haragizko aktore baten dramatizazioarekin. Bakarrizketa batean, Jauregian bizi izan zen Lili leinuko azken kideak, Andre Madalenek, 1678. urtera eramaten ditu bisitariak, eta bidean etxeko gela eta aretoetan murgiltzen dira.

Aurtengo udan, asteartetik ostiralera arratsaldetan, larunbatetan goiz eta arratsaldez eta igande goizetan egin dira paseak eta guztira 510 bisitarik ikusi ahal izan dute Andre Madaleni gertatutakoa eta nola egin dion aurre.

Erreserbak

Aukera paregabea eskaintzen du Ekainberri eta Lili Jauregiak Zestoan goiz edo arratsaldea pasatzeko. Bertako eskaintza kulturalaz gain, gastronomia eta ingurune ederraz oinezko ibilbideekin gozatzeko aukera zabalak aurki daitezke Zestoa inguruan.

Ekainberri zabalik dago asteartetik ostiralera 10:00-18:00 bitartean eta asteburutan 10:00-19:00 bitartean. Ohiko bisita gidatuaz gain (EkainFast) Ekain Abentura ere erreserbatu dezakezu eta esperientzia osatu. Lili Jauregian bisita antzeztuak erreserbatu daitezke larunbat arratsaldeetarako (16:30 eta 17:30) eta igande eta jaiegun goizetarako (11:30 eta 12:30), abendua erdikaldera arte.

Egin ezazu erreserba gure bulegoan 943868811 telefonoan edo info@ekainberri.com helbidean.