Back Foru Aldundiak Kultur Memoriak ekimena bultzatu du ondare soziokultural material zein immateriala babesteko

Foru Aldundiak Kultur Memoriak ekimena bultzatu du ondare soziokultural material zein immateriala babesteko

Mapaketa parte-hartzaile bat egin da; bertan, eibartarrek udalerria esploratu eta miatu dute, eta errealitate soziokulturala identifikatu eta dokumentatu dute, hainbat sorkuntza formatu erabilita (bideoa, audioa, argazkilaritza, artxiboko materiala, ibilbideak…).

Foru Aldundiak Kultur Memoriak ekimena bultzatu du ondare soziokultural material zein immateriala babesteko

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak, KOLDO MITXELENA Kulturuneak eta Eibarko Udalak Kultur Memoriak izeneko proiektuaren emaitzak aurkeztu dituzte, alegia, Eibarko memoriari eta ondareari buruzko mapaketa parte-hartzaileko eta sormen soziokulturaleko proiektuaren nondik norakoak.

Esperientzia pilotu bat da, mapaketa bat egiteko modu parte-hartzailean; horretarako, eibartarrak herrian goitik behera ibili dira, dena aztertzen eta miatzen, errealitatea identifikatu eta dokumentatu dute, eta beren eta beste pertsona batzuen memoriak suspertu dituzte, hainbat gai ikusgai jartzeko ikus-entzunezko baliabideak sortuz (elkarrizketak) eta artxiboko argazkiak bilatuz.

Kulturako zuzendariak Mari Jose Telleriak proiektu horren garrantzia azpimarratu du, eta adierazi duenez, “memoria kolektiboa berreskuratzea funtsezkoa da ondare soziokultural bat sortzeko, horrekin identifikatuta senti gaitezen, eta, balioen oinarri bat ezar dezagun, gipuzkoar guztiok partekatua”.

Horrela, abiapuntu horrekin, lanari ekin baino lehen, lan prozesua aurkeztu genien herriko hainbat eragileri eta zenbait arlotako adituei, proiektuaren berri emateko eta parte hartzera gonbidatzeko.

Hainbat aurkezpen egin genituen, herritarrekin batera interesgarriak izan zitezkeen gaiak identifikatzeko. Bilera horietako batean, «prestakuntza» proiektuan kontuan izan beharreko gai bat izan zitekeela adierazi zen. Pertsonen memoriak prestakuntzaren garrantziaz hitz egiten du eta nola horri esker eta, batez ere, Armeria Eskolak eskaintzen zuen prestakuntzaren kalitateari esker, Eibarko jendeak gizartean gora egiteko aukera zuen.

Lan hipotesi hori oinarritzat hartuz beste deialdi bat egin zitzaion pertsona talde bati, Armeria Eskolarekin, Unibertsitate Laboralarekin eta beste ikastetxe batzuekin zerikusia zuten gaiak aztertzeko eta gehiago sakontzeko. Bilera horretan prestakuntzarekin zerikusia zuten hainbat gai landu ziren, eta horrek, ezinbestean, beste garai batzuetara eraman gintuen, hain zuzen, Eibarko industriek, hobetu eta aurrera egiten jarraitu nahi bazuten, urteetan eta urteetan zehar metatutako ezagutza guztia sistematizatu beharra zeukatela konturatu ziren unera. Izan ere, premia horrek bultzaturik sortu zen Armeria Eskola, eibartarrentzako hezkuntza arloko erreferentea, zalantzarik gabe, makina bat belaunaldi igaro baitira bertatik; eibartarren izaera ekintzaile eta berritzailearen dinamizatzaile bihurtu zen, eta Eibarko industriaren ondo egindako lanaren erakusle izan da betidanik.

Gai horren inguruan diskurtso plural bat josi da, Eibarren industria iraganari eta garai desberdinei buruzkoa, hasi industriaren oparotasun eta hazkunde garai haietatik, gaur egunera artekoa, tartean industriak eta herriak bizi izan zuten krisia ahaztu gabe.

Ondorengo lan saioetan, industriarekin eta artearekin zerikusia zuten gaiak jarri ziren mahai gainean, eta harreman hori aztertzeko bideak urratu genituen. Elkarrizketetan eta memorietan damaskinatua aipatzen zen, inolako zalantzarik gabe, herriko jarduera garrantzitsu gisa, bertako armagintza tradizioa kontuan hartuta. Nolanahi ere, azkenean gai hori ez zen sakon aztertu, eta beste bat atera zen, alegia, antzerkiak Eibarren duen garrantzia eta eibartarren artean dagoen antzerkiarekiko zaletasuna.

«Ni eibartarragoa sentitzen naiz antzerkiarekin dudan harremanaren bidez» esan zuen parte hartzaileetako batek. Antzerkia eta antzerki tradizioa lagungarri izan dira eibartar nortasuna eraikitzeko, jendeak Eibarrekiko sentitzen duten harrotasuna, erlazioa eta eibartar izatearen sentimendua nabarmentzen baititu.

Bi gai horietan oinarrituta, Eibarko ondare sozial eta kulturalari buruzko bi kontakizun prestatu ditugu, zatikatuak eta pluralak, bertako bizilagun batzuen ikuspuntutik abiatuta. Erakusten dugu nola Eibarko ondare hori ezagutza iturri den eta horretan oinarritua herria etorkizunera proiektatu daitekeen Eibarko gizartean nagusi diren esperientziak eta balioak oinarritzat hartuta.

Beste gauza asko ere izan genitzakeen mintzagai, aztertu ditugun baina azkenean mamitu ez diren makina bat historia eder, eta, ziur asko, bihar-etzi, Eibarko memoria soziokulturalari buruzko topaleku honetan tokia izango dutenak. Jende ugari izan dugu bidelagun; guztiek ere, beren denbora, kontaktuak, eta lekukotzak eman dizkigute bi historia txiki horiek eraikitzeko; gehiago ere izan zitezkeen, baina hau izan da emaitza.

Kultur Memoriak proiektuak Eibarko memoria soziokulturala ikusgai jartzeko lan prozesu bat sustatu du herriko jendearen parte hartzea oinarritzat hartuta, beren lekukotzak eta ezagutzak bitarteko direla herria islatzen lagundu baitute.

Proiektuaren web orrian egongo da ikusgai. Ikus-entzunezkoak eta artxiboko irudiak hainbat modutan ikusi ahal izango dira: mapetan, mosaikoetan, ibilbideetan.

Proiektua otsailetik ekainera bitartean egin da. Telleriak adierazi duenez, “Kulturak gizarte kohesiorako tresna bat ere izan behar du, eta, Kultur Memoriak aurrerapen bat da norabide horretan”.