Back Itsas Kulunka album ilustratua argitaratu dute

Itsas Kulunka album ilustratua argitaratu dute

Junkal Lertxundi eta Ainhoa Aranburu artistek argitaratu dute lana, Untzi Museoarekin elkarlanean, eta Aldundiaren Olatuak programari esker. 8 urtetik aurrerako umeei zuzenduta dago.

Itsas Kulunka albumaren bidez, gaztetxoei arrantzaleen lanbidearen esanahia eta arrantzaleek itsasoarekin garatzen dituzten emozioen konplexutasuna ezagutarazi nahi izan dizkiete. Arrantzantzaleentzat itsasoa, lanbide bat baino gehiago, sentitzeko modu bat delako. 

Gaur goizean aurkeztu dute albuma, Komikigunean. Junkal Lertxundi Panaderok idatzi du, eta Ainhoa Aranburu Urruzolak ilustratu. Autoreek diotenez, donostiarrak izan arren, ez zuten itsasoa benetan ezagutu arrantzale batekin harremanetan jarri arte. Harreman honen harira itsasoari beste begirada batez begiratzen hasi ziren; eta gure kostaldean hain errotuta dagoen, eta aldi berean gazteontzat hain ezezaguna den, arrantzalearen lanbidea ezagutu ahal izan zuten. 

Lengoaia egokia eta ilustrazio erakargarriak erabiliz, sentimenduz betetako kontakizuna sortu dute. Kontxako badian gertatzen da istorio xume, bezain hunkigarri hau. Pertsonaia nagusiak, aitona Patxi, haren bilobak, Klara eta ITSASOA dira. ITSASOA hizki larriz. 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak bideratzen duen OLATUAK diru-laguntzari esker argitaratu ahal izan da albuma, eta egileek Untzi Museoko arduradunen laguntza jaso dute.

Obraren aurkezpen publikoa otsailaren 22an, ostiralarekin, egingo dute, 18:30ean, Donostiako Elkar liburudendan (Fermin Kalbeton, 21). Itziar Etxegia Lizaso biolinjolea eta Idoia Oteiza Martin pianojolearen laguntza izango dute. Egun horretatik aurrera Itsas Kulunka salgai izango da Elkar liburudendetan (16 €).