Back Gaur amaituko da Musika eta arte eszenikoen 'Katapulta Tour Gipuzkoa 2019' zirkuituan parte hartzeko epea

Gaur amaituko da Musika eta arte eszenikoen 'Katapulta Tour Gipuzkoa 2019' zirkuituan parte hartzeko epea

Gipuzkoako musikari eta arte eszenikoetako artistek urtarrilaren 22ra arte izango dute aukera deialdian izena emateko.

Gaur amaituko da Musika eta arte eszenikoen

Lehiaketan izena eman nahi dutenek, honako formulario hau bete beharko dute.

Musika eta arte eszenikoetako formatu txikiko emanaldiak sustatzea da Gipuzkoako Foru Aldundiaren Katapulta Tour Gipuzkoa ekimenaren helburua, Gipuzkoako artisten talentua balioan jartzeko asmoz. Iaz 27 artisten 68 emanaldi eskaini zituzten zirkuituaren barruan.

Aurtengo edizioan parte hartuko duten artistak aukeratzeko lehiaketan izena emateko epealdia zabaldu dute dagoeneko, hilaren 22ra arte. Musika eta arte eszenikoen esparruetan lan egiten duten Gipuzkoako artista profesional edo erdi profesionalei luzatu diete deialdia.

Musika estilo ezberdinetako proposamenak onartuko dituzte, hala nola, Pop, Rock, Folk, elektronika edo hip-hopa. Arte eszenikoen alorrean, berriz, mikro-antzerkiak, bakarrizketak, performanceak edota magia ikuskizunak aurkeztu ahal izango dira, besteak beste. Proposamen guztiek originalak izan behar dute, edo artistentzat propio sortutakoak.

Orotara 6 artista aukeratuko dituzte. Horietako bakoitzari hiru emanaldi eskainiko dizkiote Gipuzkoako herri ezberdinetan, eta emanaldi horietako bakoitzarengatik 400 euroko diru-saria eskuratuko dute. Horrez gain, artista bakoitzaren lana sustatzeko bideo bat grabatuko dute.

Aukeraketa horretan lehentasuna izango dute Gipuzkoan erroldatutakoek eta 30 urtetik beherakoek. Aztertuko dituzten beste faktoreen artean dira, artisten ibilbidea, proiekzioa, hizkuntza oreka edota genero berdintasuna.