Back Zabalik dago Elías Querejeta Zine Eskolaren 2023-2024 ikasturterako izena emateko epea

Zabalik dago Elías Querejeta Zine Eskolaren 2023-2024 ikasturterako izena emateko epea

Graduondoko hiru programetan izena emateko epea otsailaren 1ean hasi eta hil bereko 28an bukatuko da. Seigarren deialdi hau hilabeteko epe bakar batean egingo da.

Zabalik dago Elías Querejeta Zine Eskolaren 2023-2024 ikasturterako izena emateko epea

Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu eta finantzatutako, eta UPV/EHUri atxikitako EQZEren proiektu pedagogikoak graduondoko hiru programa ditu (Artxiboa, Komisariotza eta Sorkuntza), eskolaren garapenean parte hartzen duten hiru erakundeen ezagutza eremuetatik abiatuta: Euskadiko Filmategia, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa eta Donostia Zinemaldia.

Artxiboa graduondoaren helburua da adituak trebatzea ondare zinematografikoaren eta ikus-entzunezko ondarearen identifikazioan, sailkapenean, errestaurazioan eta zaintzan, eta espezialitatea bera planteatzen du sorkuntza artistikorako eremu gisa. Komisariotza graduondoan, zinea eta ikus-entzunezko arteak objektutzat dituzten era guztietako programazio, argitalpen, interbentzio eta erakusketen kontzeptualizazioa, kudeaketa, garapena eta hedapena lantzen dira. Azkenik, Sorkuntza graduondoaren kasuan, obra bat sortzeko, esperimentatzeko eta burutzeko sorkuntza prozesuekin lotutako alderdi guztiak lantzen dira.

EQZEren plan akademikoa unibertsitate titulua (lizentzia edo gradua) duten edo hura lortzeko bidean dauden ikasleentzat pentsatuta dago, baita zine eskolaren bateko egresatuentzat ere. Salbuespen modura, baldintza horiek bete ez arren, esperientzia zinematografikoa egiaztatzen duten hautagaien kasu partikularrak aztertuko ditu zentroak. 

Bekak eta laguntzak

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ibermedia Laguntzako Iberoamerikako Funtsak eta Projeto Paradiso erakundeak laguntza espezifikoen deialdiak egingo dituzte Elías Querejeta Zine Eskolako graduondoren bat egiteko 2023-2024 ikasturtean.

  1. Izango zara beka: Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Sailak 2.500 euroko hiru beka emango ditu.

  2. Ibermedia beka: Ibermedia Laguntzako Iberoamerikako Funtsak hamabi beka eskainiko ditu, bakoitza 3.333 dolarrekoa, eskolako prestakuntza programaren baterako hautatuak izan diren eta programan parte hartzen duten 23 herrialdeetakoak diren ikasleentzat. Hona hemen herrialdeak: Argentina, Bolivia, Brasil, Txile, Kolonbia, Costa Rica, Kuba, Ekuador, El Salvador, Espainia, Guatemala, Honduras, Italia (herrialde gonbidatua), Mexiko, Nikaragua, Panama, Paraguay, Peru, Portugal, Puerto Rico, Dominikar Errepublika, Uruguai eta Venezuela.

  3. Paradiso bekak: Olga Rabinovich Institutuaren Projeto Paradiso egitasmoak beka bat emango dio brasildar ikasle bati, Komisariotza espezialitatea ikas dezan EQZEn. Brasilgo 10.000 erreal ere ordainduko dira, bidaiaren kostua ordaintzeko.

Beka horietara guztietara aurkezteko, ezinbestekoa izango da EQZEn onartua izatea.

Izena eman ahal izango da soil-soilik eskolaren webgunearen bitartez. Eskolako Onarpen Epaimahaiak eta Zuzendaritza Akademikoak ebaluatuko dituzte eskaerak, eta hautapen prozesua izena emateko epearekin batera hasiko da (otsailak 1). Horrek esan nahi du plazen kopurua bete egin litekeela epe hori amaitu aurretik (otsailak 28).

Espezialitate bakoitzak 15 ikasle izango ditu gehienez; beraz, 45 plaza izango dira guztira. EQZEren 2023-2024 ikastaroa irailaren 18an hasiko da.