Toki erakundeen hizkuntza erabilera arautzen duen 179/2019 dekretua aztergai

Dekretuak sortutako marko linguistiko berriari buruzko saioa eman du Iñigo Urrutiak, Udalekin programaren baitan. Halaber, arlo publiko eta pribatuaren lankidetzan sakontzeko bideak aurkeztu ditu Xabier Lertxundi adituak.

Foto de 
 Toki erakundeen hizkuntza erabilera arautzen duen 179/2019 dekretua aztergai

179/2019 dekretuak, azaroaren 19koak, Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzkoak, marko linguistiko berria ezarri du. Dekretu horrekin hainbat berrikuntza jasota geratu dira eta, zerbitzu hizkuntzan ez ezik, lan hizkuntzan ere urrats kualitatiboak emateko aukerak zabaldu dira. Hala, dekretua sakonago ezagutzeko, Gipuzkoako udaletako hainbat euskara teknikarik, kontu-hartzailek, idazkari teknikok eta kargu politikok prestakuntza saioa jaso dute urtarrilaren 31n, Donostiako San Telmo museoan.

Saioaren helburua dekretuaren aukerak eta mugak hobeto ezagutzea izan da eta, dekretuaren aplikazioa tokiko erakunde bakoitzaren gain geratzen denez, idatzitakoa zuzen interpretatzen laguntzeko formazioa jaso dute langileek. Horretarako, Iñigo Urrutiak 179/2019 dekretuaren beraren aurkezpena egin du, bera izan baita dekretuaren lanketan parte hartu duen adituetako bat eta ondo ezagutzen ditu legearen filosofia eta zirrikituak. Adierazi duenez, dekretuaren testua irekia da eta aukera ematen du udalerri bakoitzaren ezaugarrietara egokitzeko. Beraz, tokian tokiko errealitatera moldatuta, dekretu berak garapen maila desberdinak lortzeko aukera ematen du eta baliagarria izan daiteke eremu soziolinguistiko desberdinetan kokatuta dauden tokiko erakundeen hizkuntza helburuak lortzeko. Hala, oro har, honakoak dira dekretuan jasotzen diren printzipio nagusiak: 

  • Euskararen erabilera normala eta orokorra
  • Tokiko hizkuntza autonomia
  • Autoantolaketaren printzipioa
  • Diskriminazio ezaren printzipioa
  • ​Ekintza positiboak sustatzea 
  • Hizkuntza propioaren aldeko ekintzak abiaraztea, hizkuntza aniztasuna sustatzea, atzerapausorik ez ematea eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea
  • Proportzionaltasuna
  • Plangintza

Dekretu horrek toki erakundeak arautzen ditu eta horrek esan nahi du, udalak ez ezik, mankomunitateak, kuadrillak, partzuergoak, tokiko erakunde autonomoak... ere dekretuaren eraginpean daudela. Horrenbestez, esparru zabalari eragiten dio eta erakunde askok izango dute beren hizkuntza helburuak modu berezituan planifikatzeko margena. Aurkezpenaren ondoren, sortutako zalantzak argitzeko tartea zabala izan da eta oraindik ere gaian sakontzeko interesa geratu da agerian.

Arlo publiko eta pribatuaren arteko lankidetza. Era berean, 179/2019 dekretuaz gain, arlo publiko eta pribatuaren arteko lankidetzan sakontzeko bideak azaldu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasuneko langile eta gaian aditua den Xabier Lertxundik. Bere esanetan, dirulaguntzez gain, erakunde publikoek pribatuak kontratatzeko bide desberdinak dituzte eta horietako lau modu aurkeztu ditu, bakoitzaren ezaugarriak argitzearekin batera.