Ahozko ondarea jasotzea da Ahotsak-en lana, benetan lan garrantzitsua

Euskalki guztietako mintzairak jaso eta erregistratu ditu Ahotsak proiektuak eta lehengo eta oraingo hizkerak berreskuratu ditu. Egindako lan oparoagatik jasoko du 2018ko Anton Abbadia saria.

Foto de 
 Ahozko ondarea jasotzea da Ahotsak-en lana, benetan lan garrantzitsua

Euskal Herriko ahozko ondarea jasotzea eta herri hizkerak katalogatu eta hedatzea. Horixe izan da Ahotsak proiektuaren urteetako lanaren oinarria eta horri esker jasoko du 2018ko Anton Abbadia saria. 2002an hasi zirenez geroztik, Ahotsak-eko lantaldea Euskal Herriko euskal hiztunen lekukotasunak jasotzen eta erregistratzen aritu da eta, horretarako, grabazio zaharrak jaso eta hamaika herritar elkarrizketatu dituzte.

Ia etxez etxe egindako lanari esker, material oparoa biltzea lortu dute eta hori modu antolatuan jarri dute www.ahotsak.eus webgunean, denen eskuragarri. Webgune horretan, beraz, zubereraz aritzen diren eskiuldarrak, aezkeraz diharduten Abaurreagaineko herritarrak, Donostiako lekukotzak zein bizkaieraz mintzatzen diren Mallabiako herritarrak aurki daitezke. Euskalki guztietako testigantzak jaso dituzte, gehienak adineko jendearenak eta, grabazioei esker, mintzaira horietako asko betiko isiltzetik salbatu dituzte.

Izan ere, gaur egun oraindik ere lekukotzak jasotzen jarraitzen duten arren, eta nahiz eta horien artean hizkuntzari eta aisialdiari buruzko gazteen esanak ere bildu, grabaketa asko adineko pertsonei egindakoak dira. Kontuan izan behar da Euskal Herriko egoera linguistikoak aldaketa sakonak jasan dituela azken hamarraldietan eta euskara batuaren sorrerak, alfabetatzeak eta biztanleriaren mugikortasunak sekulako eragina izan duela herritarren hizkeretan. Hala, gazteen mintzairan halako homogeneizazio bat gertatu bada ere, adinekoak prozesu horretatik kanpo geratu dira eta nabarmen bereiztu dira adinekoen eta gazteagoen hizkerak. Hori horrela, bereziki garrantzitsua izan da gure adinekoen hizkerak erregistratzea.

Bilketa prozesua. Lehenengo urratsa Euskal Herri guztian zehar sakabanatuta zeuden grabazioak berreskuratzea izan zen eta, era berean, grabazioak ere egiten hasi ziren. Horretarako Euskal Herri osoko txoko guztietara jo zuten eta familia askoren etxeetan sartu ziren herritarren hizketak erregistratzera. Hala, azken urteetan egin dituzten grabaketak bideoz egin dituzte eta, audioaz gain, irudiak ere jaso dituzte.

Hori horrela, jaso duten material guztia modu irekian zintzilikatu dute eta edonork edonoiz ikus eta entzuteko moduan jarri dituzte bideo eta audioak. Elkarrizketa horiek guztiak, gainera, landu eta hainbat aldagairen arabera sailkatu dituzte: herrika, gaika, hizlarika… Gainera, webgunean jasotako testigantzen transmisioa eraginkorragoa izateko, beste hiru atal ere bereiztu dituzte beren webgunean:

  • Ikasgelan: ahozko ondarea ikastetxeetan lantzeko materiala jaso dute.
  • Gerra Ahotsak: oroimen historikoa lantzeko, gerrari buruzko testigantzak jaso dituzte.
  • Gazte Gara Gazte: gazteen aisiari eta kulturari buruzko lekukotzak jaso dituzte.


Horrez gain, euskalkien eta hizketa desberdinen inguruko informazioa ere jarri dute webgunean eskuragarri: euskalki bakoitzaren ezaugarri nagusiak, kokalekuak, morfologia,corpusa… Oso material didaktikoa da eta hori aprobetxatuta, informazioa hainbat euskarritara egokitu dute, jasotako informazio horri guztiari zabalkundea emateko. Besteak beste, “Jira Bueltan: Betiko 50 kanta eta jolas liburuxka” liburu eta DVDa sortu dute eta material horrekin ahozko ondarearen transmisioa egin nahi dute. Lehengo belaunaldiei jasotako kanta eta jolasak berreskuratu eta biziberritu nahi izan dituzte horrela, gaur egungo herritarrek ere eskura izan eta erabil ditzaten. Halaber, teknologia berrietara salto egin eta “Euskalkitegia – Euskalkien jokoa” app-a sortu dute, euskararekin eta euskalkiekin jolasteko eta gozatzeko aukera ematen duena.