Etxealditik Euskaraldira, etxean hizkuntza ohiturak aldatzen

COVID-19aren ondorioz herritarrek itxialdian egon behar duten honetan, etxean ditugun harremanetako hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko ekimena jarri dute martxan

Foto de 
 Etxealditik Euskaraldira, etxean hizkuntza ohiturak aldatzen

COVID-19ak goitik behera eraldatu du gure egunerokoa, izan ere, herritar askok etxean geratu behar izan dute eta ezohiko egoera ugari sortu dira. Hala, etxeetan ditugun hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa sustatzeko baliatu nahi dute konfinamendua, eta, 2020an Euskaraldiaren bigarren edizioa izango dela aprobetxatuz, "Etxealditik Euskaraldira" ekimena antolatu dute horretarako.

Proiektua 2020ko apirilaren 20tik maiatzaren 3ra bitarte gauzatuko da, helburu nagusi batekin: hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa bultzatzea. Egun horietan etxealdian egongo garela aprobetxatuta, asmoa da etxekoekin eta etxean ditugun hizkuntza ohituren inguruan hausnartzea eta ohiturak aldatzeko urratsak ematea, eta, bide batez, udazkenean egingo den Euskaraldirako girotze ekintza modura ere ulertu behar da. Azken batean, helburu nagusia da hizkuntza ohiturak euskararen alde aldatzeko hausnarketa piztea, praktikan jartzea eta ohitura berriak finkatzea, eta norabide horretan laguntzeko beste urrats bat egitea.

Hala, hausnarketa horretarako hainbat egoera proposatuko dituzte eta egoera horiek sare sozialen eta komunikabideen bitartez zabalduko dituzte. Hauek dira erabiliko dituzten sareak:

Facebook: /euskaraldia
Instagram:@euskaraldia
Twitter: @euskaraldia
Telegram: @belarriprest / @ahobizi

Gure webgunearen Euskaraldia 2020 atalean agertuko dira, egunez egun, bideoak.