Atrás

Hautetsien Foroa, udal politikariekin hizkuntzen inguruan hausnartzen

Hautetsien Foroa, udal politikariekin hizkuntzen inguruan hausnartzen

Hizkuntza hegemonikoaren eta gutxitutakoaren elkarbizitzaren inguruan aritu dira nagusiki eta Hizkunta Politikarako sailburuorde Miren Dobaranek Euskaraldiari buruzko hainbat datu plazaratu ditu. Udal<>Ekin programaren baitan ari da garatzen ekimena.

Foto de  Hautetsien Foroa, udal politikariekin hizkuntzen inguruan hausnartzen

Hizkuntzen eta hizkuntza komunitate desberdinen arteko bizikidetzaz hausnartu dute Hautetsien Foroan eta gaiaren inguruko ikuspuntu eta ideia desberdinak landu dituzte. Eduki teoriko zabaletan sakondu beharrean, pentsarazteko hainbat gako plazaratu dituzte, norabidea markatzen lagun dezaketenak eta egunerokotasunean sortutako egoeratan oinarritutakoak. Euskara gutxitutako hizkuntza izanik, garrantzitsua da hizkuntza hegemonikoarekiko harremanak sortzen dituen arrisku eta aukerak ezagutzea eta, horretarako, berebizikoa da diskurtso mailako lanketa egitea.

Hala, hizkuntza politikak garatzeko orduan argazkia zein den ikustea oinarrizkoa denez, lanketa hainbat galdera eta hausnarketa gairekin egin dute; honakoak, besteak beste:

- Hizkuntza jakin bat erabiltzea ohitura da? Ala gizartean errotutako sistema?
- Hizkuntza bat komunikatzeko tresna soila baino gehiago da.
- Hizkuntza eskubide indibidualak eta kolektiboak.
- Zerekin lotzen dira hizkuntza hegemonikoak? Zerekin hizkuntza gutxituak? Hizkuntza errealitatea hizkuntza hegemonikoaren ikuspegitik aztertzearen arriskua.
- Zer da elebitasuna? Norabide bakarreko elebidunak.
- Hizkuntzen artean dagoena errespetua al da? Desoreka linguistikoan oinarritutako menpekotasuna.
- Gaur-gaurkoz ez da posible elebitasun sozial simetrikoa.
- Nola gertatzen dira ordezkapen prozesuak?
- Zer behar du hizkuntza-komunitate gutxitu batek bere garapenerako?

Ikusten denez, asko izan dira landu dituzten gaiak eta, nahiz eta gehiegi sakondu ez, gaiaren eta prozesuen inguruko ikuspegi zabalago bat lortzeko balio dute. Izan ere, oso garrantzitsua da udal hautetsiek hizkuntzen inguruko perspektiba orokorra izatea eta denek indarrak batu eta norabide berean aritzea. Hala, helburu hori du Hautetsien Foroak, euskararen inguruko hausnarketak sustatzea eta errealitatea, joerak eta dinamikak esplizitatzen laguntzea.

Miren Dobaran, Euskaraldiaz. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaranek Hautetsien Foroa baliatu du Euskaraldiaren inguruko hainbat datu plazaratzeko. EAE mailan Gizakerrek egindako azterketa baten berri eman du eta ekimen sozialak herritarrengan sortu duen gogobetetze maila eta inpaktua aztertu ditu. Azterketa horretan herritarren pertzepzioak, usteak eta iritziak jasotzen dira, hurrengo edizioetara begira kontuan hartu beharrekoak.

Hautetsien Foroko 3. saio honetan Gipuzkoako 30 bat alkate eta euskara zinegotzi izan dira. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Udal<>Ekin programaren baitan ari da garatzen ekimena.