Xare Alvarez artista donostiarrak egin du aurtengo Abbadia sariko eskultura

Benetako bi indioilar luma metalizatu ditu oroigarriak, Ibon Sarasola sarituak hizkuntzarekin duen loturaren metafora modura

Foto de 
 Xare Alvarez artista donostiarrak egin du aurtengo Abbadia sariko eskultura

Xare Alvarez Berakoetxeak (Donostia, 1990) egin du 2017ko Antton Abbadia sariko eskultura. Saria bera Ibon Sarasola hizkuntzalari eta euskaltzainari banatuko dio Gipuzkoako Foru Aldundiak eta bere ibilbidean oinarritu da artista donostiarra oroigarria ekoizteko: metalizatutako benetako bi indioilar luma, marmolezko euskarri baten gainean. Eskulturan lumak sartzeak interpretazio metaforikoa duela nabarmendu du artistak, lumek lotura zuzena baitute hizkuntzarekin eta, hizkuntzalaria den aldetik, baita Sarasolarekin berarekin ere.

 

Hala, sariak esplizituki hizkuntzari lotutako eskultura bat izan behar zuela argi izan du Xarek eta horregatik ekoiztu du oroigarri hori. “Testuan oinarritu izan da gure hizkuntzaren ikerketa, hitz idatzian”. Hori horrela, lehena eta oraina uztartu nahi izan ditu eta lan hori egitea “arkeologo garaikidearena” egitea izan dela adierazi du. “Esanahi sakona duen analisi historiko baten emaitza ikonografikoak dira indioilarraren lumak, nagusiki jakinduriari, ezagutzari eta hizkuntzari lotutakoak”.

 

Dena den, eskultura horretan lumak bere ohiko testuingurutik ateratzen saiatu da eta, behin metalizatu ondoren, oroigarriaren interpretazioa beste eremu batzuetara zabaldu du. Xarek horrekin bilatu duena eskultura osatzen duten elementu desberdinen arteko erlazio berriak sortzea eta horien guztien artean sortzen den kontakizuna errepikaezina izatea izan da. “Elementu naturalak, hondakinak, zatiak eta objektuak erabiliz eta eraldatuz, esperientzia eta iradokitako loturekin narratiba osatzea da nire lanean dagoen interes nagusienetariko bat eta elementu hauen bitartez nabarmena da.”

 

Hori horrela, eskultura egiteko metala eta marmola aukeratu izana ez da nahigabe suertatutako zerbait, Xareren sorkuntzan materialak berebiziko garrantzia duten elementuak baitira. Eskulturako lumak benetakoak dira, metalizazio eta oxidazio prozesu batetik pasatakoak, eta, ondorioz, materialak bere horretan ere zentzua hartzen du. “Pieza ekoizteko erabilitako prozedurak interesatzen zaizkit, bai eta materialen arteko harremanen hausnarketa ere. Industrialak diren prozedurak artisauekin konfrontazioan, non denbora, ekoizpenaren beste elementu bat bihurtzen den”. Materialari, beraz, beste zentzu bat ematen saiatzen da eta harridurarako lekua uzten duen eremu gisara ulertzen du. “Materiala aukera desberdinak eskaintzen dituen eremu modura lantzen dut, objektuen bakardadea eta haien arteko harremana aztertzeko ariketa bezala”.

 

Obraren prozesuaren garrantzia. Xarek bere lanen emaitzari ez ezik, prozesuari berari ere garrantzi handia ematen dio, izan ere, artistaren iduriko ideia eta materialak elkar harturik doaz. “Sormen prozesuan materialaren bilaketa eta bilaketa diskurtsiboa elkarri lotuta daude. Hasierako abiapuntutik garatzen da hausnarketa prozesua eta askotan materialak, prozedurak eta hauek ematen dituzten aukerak edo ezintasunak dira lanaren norabidea adierazten dutenak”. Beraz, ideiaz gain, materiala bera ere bada Xareren obra bideratzen duena.

 

Dagoeneko ibilbide profesional bat egina duen artista da Xare, artearen munduan pixkanaka-pixkanaka bere lekua egiten ari dena. Horren erakusle dira aurten bertan aurkeztutako zenbait taldekako erakusketa: Bilboko Guggenheim museoan egindako “Eginberri”, Pauen (Frantzia) izandako “Monts et Merveilles”… Edota iaz Delmen (Frantzia) egindako Guéoir erakusketa indibiduala. 2011n lehenengoz erakusketa batean parte hartu zuenetik, urtero izan du bere lanak erakusketaren batean aurkezteko aukera eta datorren urterako ere lotuta du proiektu bat: Eremuak. Bilboko Alhondigan izango da, otsailetik aurrera.

 

Oro har, arte garaikidea lantzen du eta bere lanetan argi-itzalekin jolasten duten eskulturak edota marrazkiak aurki daitezke. Hala, Euskal Herrian ez ezik, kanpoan ere izan du arrakasta donostiarrak eta Ourensen, Parisen edo Pauen bere lanak erakusteko aukera izan du behin baino gehiagotan.