SD Eibarren batzar eta sare sozialetan euskara gehiago erabiltzen dela erakusten dute neurketek

SD Eibarrek euskara plana jarri zuen abian 2016an. Hizkuntza irizpideak zehaztu ziren eta, ordutik hona, euskara batzordeak hileroko funtzionamendua izan du. Urtero, hainbat ekintza egin izan dira kudeaketa planaren baitan, eta horrek emaitzak ekarri ditu.

Esaterako, batzar nagusietan nabarmen gora egin du euskararen erabilerak. Akziodunen batzarrean eta Fundazioaren batzarrean egin izan dira neurketak. Akziodunen batzarraren azken neurketaren arabera, %14 hitz egin zen euskaraz. 2017an, neurketak egiten hasi ginenetik sei puntu egin da gora ahozkoan. Igoera nabarmenagoa da Fundazioaren batzarrean. 2017ko lehenengo neurketan, %19 izan zen euskararen ahozko erabileran eta azkenekoan, 2020an, %36ra iritsi da.

SD Eibarren kanpora begirako ekitaldi guztietan erabiltzen da euskara eta hori sare sozialetan ere islatzen da. Twitter kontuan, kontu ofiziala ez bikoiztea izan da klubaren hautua, oraingoz. Horregatik, kontu ofizialean euskarari gero eta leku handiagoa egiten ahalegintzen da. Hilero egiten dira hizkuntzen erabileraren neurketak eta emaitzak euskara batzordean aztertu. Nabarmen egin du gora euskararen erabilerak; azken neurketetan %40 ingurukoa da euskararen erabilera.