Hitzez ekiteko garaia lelopean egingo da hirugarren Euskaraldia

2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo den ariketa sozialaren prestaketan hasiko dira herrietako batzordeak eta era guztietako entitateak. Hizkuntza ohiturak aldatuz ingurukoei eragiteko gonbitea egin zaie belarriprest eta ahobizi roletan parte hartuko duten herritarrei. Era guztietako entitateek ariguneak osatuz parte hartu ahal izango dute Euskaraldian

Euskaraldiaren lehen bi edizioetan jasotako ondorioak oinarri modura hartuta, antolatzaileek azken hilabeteotan hurrengo Euskaraldiaren ezaugarriak eta helburuak zehaztu dituzte. Gaurko ekitaldian azaldu duten modura, hizkuntza ohiturak aldatzeko sortutako ekimenak proposamen berriak egingo dizkie partaideei, orain arteko ahobizi eta belarriprest rolei eutsita, landu nahi dituzten hizkuntza portaerak errazago eta jantziago burutu ditzaten. Orain arte, Euskaraldiak euskararen erabilera handitzeko traba diren arau sozialetan eragin nahi izan du, ohitura eta portaera berriak proposatuz. Hurrengo urtean hizkuntza ohitura horiek aldatzeko herritarrek tresna eraginkorragoak izatea da lehentasuna.

Aurreko edizioetan egin den modura, ahobizi eta belarriprest rolen artean hautatuko dute Euskaraldian parte hartuko duten herritarrek, ariketa sozialeko 15 egunetan izango dituzten hizkuntza portaeraren baitan. Era berean, bigarren edizioan berrikuntza nabarmena izan ziren ariguneak finkatzeko urtea izango da hurrengoa. Izan ere, pandemiaren eraginez ezin izan zen nahi beste entitateetara heldu 2020 urtean, eta hurrengo urtea izango da bigarren edizio horretan probatutako ildo hori zabaldu eta sakontzeko urtea.