1.200 partaide areto birtualeko saioetan

Apiriletik ekainera 52 saio egin dira. Astelehenetik ostegunera, koreografo eta sortzaileen lengoia artistikoan oinarritutako saio praktikoak egin dira, eta ostiraletan sorkuntza-prozesuak ezagutzeko aukera izan da. Ekainetik aurrera egokitu egin da egitaraua, alarma-egoera gutxitzeko faseen baitan. Erabiltzaileen artean izandako arrakasta ikusita, jarraitasuna emango zaio areto birtualari.

-ren irudia
 1.200 partaide areto birtualeko saioetan

Martxoaren erdialdean, Covid-19aren ondorioz ezarritako alarma-egoerak eraginda, Gipuzkoako Dantzaguneko aretoak itxi behar izan ziren. Etenari erantzun azkarra emateko, kudeaketa-taldeak areto birtuala izeneko ekimena jarri zuen martxan: sareko plataforma baten bidez pertsona asko konektatzeko leihoa ireki zen.

Egoeraren araberako erantzuna

Saioak antolatzeko, martxoaren amaieran deialdi bat egin zitzaien gipuzkoar koreografoei eta Gipuzkoako Dantzaguneari lotutako sortzaileei. Aldaketa azkarrek erantzun azkarra eskatzen dute, eta berehala iritsi ziren proposamenak.

Bi saio mota egin dira itxialdian zehar. Batetik, Mantentze koreografikoko saioak, koreografoen mugimendu-lengoaia propioan oinarritutako saio praktikoak, astelehenetik ostegunera, 10:00etan. Ostiraletan Sortzaileen leihoa izeneko jardueran, zenbait sorkuntza-lanen prozesuak kontatu zizkiguten egileek.

Dantzako komunitatearen topagunea

Apirilaren 6an jarri zen martxan areto birtuala, Amaia Elizaran tolosarrak emandako saioarekin. 40 pertsonatik gorako partaidetza izan zuen lehen saioak, eta batez besteko hori mantendu zen ondorengon asteetan ere. Gipuzkoarrak izan dira saio gehien eman dituztenak. Bizkaia, Nafarroa, Lapurdi edota Arabako egileak ere izan dira areto birtualean, eta teknologiak ahalbidetzen zuenez, esaterako, Berlin (Jone San Martin eta Iker Arrue) edota Murtzia (Melissa Rivadeneira) hirietatik egin dira saio batzuk.

Areto birtuala dantzarien eta dantzazaleen topagunea izan da, koreografo eta dantzari profesionalen lan koreografikoa gertutik ezagutzeko guneaz gain. Saioen hasieran eta amaieran elkarrizketa ugari sortu dira, eta erabiltzaile guztiek nabarmendu dute topagune izaera horren garrantzia.

Areto birtualeko datu nagusiak

Apirila

  • Mantentze koreografikoko saioak: 16
  • Sormen leihoak: 3
  • Partaideak: 600

Maiatza

  • Mantentze koreografikoko saioak: 16
  • Sormen leihoak: 4
  • Partaideak: 500

Ekaina

  • Mantentze koreografikoko saioak: 9
  • Sormen leihoak: 4
  • Partaideak: 100

Areto birtualak martxan jarraituko du

Ekainean itxialdia arintzeko faseak indarrean jartzearekin batera, egitaraua egokitu zen. Aurreko bi hilabeteetako saioen egitaraua mantendu zen lehen hamabostaldian. Horrekin batera, bestelako jarduerak antolatu ziren. Esaterako, Sortutakoak 16ren deialdiko proiektuak hautatzeko epaimahaia bildu zen areto birtualean, eta beste zenbait tailer egin dira.

Areto birtualak harrera oso ona izan du Gipuzkoako dantzaren sektorean eta dantzazaleen komunitatean, eta, eskaintzen dituen aukeren araberako egitaraua prestatzen eta erabilerak aztertzen dihardugu.