Igor Calonge sorkuntza-egonaldi batean da Montrealen

Montrealgo Dantza Garaikideko Eskolako ikasleekin bi hilabeteko sorkuntza-lana egiten ari da, eta abenduan aurkeztuko du.

-ren irudia
 Igor Calonge sorkuntza-egonaldi batean da Montrealen

Igor Calonge koreografo donostiarra sorkuntza-egonaldia egiten ari da Montrealgo Dantza Garaikideko Eskolan, bertako goi mailako dantza ikasleekin. Urriaren 17an hasita, bi hilabeteko lana ari da burutzen, eta egindakoaren emaitza abenduaren 7, 8, 9 eta 10ean aurkeztuko du Montrealen bertan. Egonaldiaren erdia eginda, orain artekoarekin pozik dago, eta “esperientzia aberasgarria” izaten ari dela dio.

Dantzari profesional izateko ikasketak amaitzen ari diren 17 dantzari ditu Calongek bere agindutara. Martxoan irekitako deialdira aurkeztu zuen oreka gai zentraltzat zuen proiektua. “Oreka galtzean sentitzen den bertigoa eta erorketak ematen digun beldurraren inguruko lanketa egin nahi nuen, bereziki, egoera horiei aurre egiteko eta gainditzeko moduak. Mugimenduak eta koreografia horren baitan ari gara osatzen, dantzari bikainez osatutako taldearekin”.

Euskadi eta Quebecen arteko zubiak sendotzeko Etxepare Euskal Institutuak sustatutako Saison Québec – Pays Basque 2021-2022 ekimenaren barruan joan zen Montrealera Calonge; bi norabidetan gauzatzen den eta elkarlanerako bokazio osoa duen egitasmoa da. Izan ere, deialdi bakoitzean Quebeceko koreografo bat ere hautatzen dute EDCMk eta Quebeceko Arte eta Letren Kontseiluak (CALQ), Tabakaleran eta Gipuzkoako Dantzagunean egonaldiak egin ditzaten Dantzaz konpainiarekin.

Hala, laugarren edizio honetan Edgar Zendejas koreografo quebectarra (mexikarra jaiotzez) bi hilabetez ariko da lanean Dantzazeko dantzariekin: 2023ko urtarrilaren 9an hasiko du egonaldia Tabakaleran, eta otsailaren 6tik martxoaren 9ra Gipuzkoako Dantzagunean ariko da. Errenteriako Udalaren elkarlanari esker, egonaldiaren emaitza Niessen auditorioan aurkeztuko dute, martxoaren 9an bertan 19:00etan.

Aurreko urteetan Iker Arrue, Kanpai eta Xian Martinezek egin dute egonaldia Montrealen, eta John Gerena, Louise Bedard eta Bettina Szabok Donostia eta Errenterian.

Egonaldi-programaren helburu nagusiak ondorengoak dira: artisten garapen profesionala sustatzea, eta beren lana hedatzea; artistei kultur garapenerako tresna berriak ematea; euskal eta quebectar sortzaileen arteko elkartrukea sustatzea; euskal artistak eta beren lana nazioartean sustatzea eta sormen eta produkzio artistikorako sareak garatzea.