SORTUTAKOAK 25

Gipuzkoako Dantzaguneak Sortutakoak programaren 25. ediziorako deialdia egin du, Gipuzkoan dantza proiektu berriak sortu, garatu eta zabaltzeko. Hautatutako proiektuek Gipuzkoako Dantzagunearen Errenteriako egoitzan egonaldi bat egingo dute, dirulaguntza bat jasoko dute, eta proiektuaren aurkezpena egingo dute, proiektuaren egileek eta Gipuzkoako Dantzaguneak batera zehaztuko duten formatuan. Hautatutako proiektuak PDF jaialdian edota LABO GO ekimenaren egitarauan erakusteko aukera izango da, haien antolatzaileen baldintzek ahalbidetzen badute. Proiektuak aurkezteko epea urtarrilaren 29an hasi eta otsailaren 14ko 15.00etan amaituko da.

-ren irudia
 SORTUTAKOAK 25

OINARRIAK

 

1. DEIALDIAREN HELBURUA

Sortutakoak 25 dantzaren eta mugimenduaren artea sortzeko edota ikertzeko proiektuei zuzenduta dago.

Deialdi honen xedea da 2025ean SORTUTAKOAK egonaldiak egiteko lau proiektu onuradun hautatzea.

Egoitza hauetarako proposatutako datak apiriletik ekainera eta abuztutik urrira bitartekoak izango dira. Epe horretan lehentasuna emango zaie Sortutakoak egoitzei.

Edizio honetan lau proiektu hautatuko dira, eta horietako bi proiektu Gipuzkoan erroldatuta dauden artistentzat bakarrik izango dira.

  • Sortutakoak 25: Atlantikaldia

Proiektuetako bat Atlantikaldia 2025 jaialdiari lotuta egongo da. Gipuzkoako Dantzaguneko eta Atlantikaldiko zuzendaritzen arteko lankidetzari esker, 2025eko irailean egingo den Atlantikaldia jaialdiaren aurkeztuko da hautatutako proiektuaren sorkuntza-prozesuaren emaitza. Proiektuaren aurkezpenean adierazi behar da Atlantikaldian parte hartzeko berariazko proposamena.

Atlantikaldia 2025 jaialdiari lotutako proiektua aurtengo gaiari buruzkoa izango da:

Zeharkaldiak.

Irailaren 18tik 21era ospatuko den Atlantikaldia jaialdiaren hurrengo ediziorako "Zeharkaldiak" leloak ibilbide, soinu eta perspektiba berriak aztertuko dituen bidaia sentsorial eta kultural batean murgiltzera gonbidatzen gaitu.

 

Mugak eta distantziak desitxuratzen diren mundu honetan, zeharkaldiek bidegurutzea irudikatzen dute, tokikoaren eta globalaren, ezagunaren eta aurkitzeke dagoenaren arteko elkargunea. Bistakotik haratago joateko aukera ematen diguten ibilbideak dira, eta beste batzuekin, artearekin, musikarekin eta mugak zeharkatzera ausartzen garenean sortzen diren adierazpideekin konektatzen gaituzte.

 

Atlantikaldia jaialdian aurkeztuko den zeharkaldi bakoitza kultur aniztasunaren aberastasuna, soinuen eta tradizioen mestizajea eta sormen modu ezberdinen arteko elkarrekintza aztertzeko gonbidapena izango da. Jaialdia plataforma bat bihurtzen da artistak eta ikusleak elkarrekin bidaia bakar batean murgiltzeko, non urrats bakoitzak, akorde bakoitzak, hitz bakoitzak ulermen eta hausnarketa aukera berrietara garamatzan.

 

Zeharkaldiak, halaber, mugak zeharkatu eta bide berriak irekitzen dituzten migrazio historiko zein garaikideei egindako omenaldia da. Giza gaitasunaren ospakizun bat da, egokitzeko, oztopoak gainditzeko eta mundu pluralago eta anitzago bat sortzeko.

 

Testuinguru horretan, jaialdiak benetako topagunea izan nahi du, kultura, historia eta esperientzia desberdinak elkarrekin elkartzeko, partekatzeko eta elkar aberasteko gunea. Topaketa honen bidez, Altantikaldiak zubi bat izan nahi du, jatorri eta ikuspegi ezberdinetako pertsonak lotzen dituena, elkarrizketa sakon eta kolektibo bat sustatuz, eta esperientzia eraldatzaile bat eskainiz ibilaldi honetan elkarrekin murgilduko diren guztientzat.

 

2. ESKATZAILEAREN PROFILA

 

Deialdiko egonaldiak egiteko honako pertsona eta entitate hauek aurkeztu ahalko dira:

  • Konpainia edo talde egonkorrak

  • Banakako proiektuak

  • Proiektu baterako berariaz sortutako kolektiboak

3. LANAK AURKEZTEKO TOKIA ETA EPEA

  • Proiektuak aurkezteko epea 2025eko urtarrilaren 29tik otsailaren 14ko 15:00ak arte dago irekita.

  • Erabakia Gipuzkoako Dantzagunearen webgunean argitaratuko da. Laguntza ukatzen zaien pertsona/erakunde eskatzaileei ere jakinaraziko zaie erabakia.

4. ESKATUTAKO DOKUMENTAZIOA

  • Eskaera egiten duen pertsonaren datuak: izena eta abizenak, posta-helbidea, NA zenbakia, telefono-zenbakia, emaila.

  • Proiektuko parte-hartzaileen CVak

  • Proiektuaren laburpena edo hasierako ideia

  • Proiektuaren ikerketa-ildoak

  • Proiektu artistikoaren definizioa: planteamendua, motibazioa, iturriak, etab.

  • 2-3 minutuko iraupeneko proiektuaren azalpen-bideoa

  • Hautagaiek proiektua ulertzeko beharrezkotzat jotzen diztuzten bestelako informazio edo euskarriak.

  • Egonaldiaren faseen plangintza

  • Egonaldi-amaierako aurkezpenaren ezaugarriak

  • Aurrekontua

  • Proiektuaren harremana Gipuzkoako Dantzagunearekin (Gipuzkoako Dantzagunean garatzeko motibazioa)

Eskaera eta dokumentazioa honako formularioa betez bidali behar dira:

*Entregatutako dokumentazioa lehen aldiz berrikusi ondorengo segidako hurrengo 3 egunetan irekita egongo da zuzenketak egiteko epea. Denbora horretan eskatutako dokumentazioa entregatu ez duten proiektuak ez dira baloratuko eta bidaltzaileei itzuliko zaizkie, eta ez dira hartuko Sortutakoak 25n hautatutzat hartuko.

**Sortutakoak 25-Atlantikaldiara aurkeztu nahi izanez gero, proiektuan hala zehaztu behar dute.

Deialdiari buruzko kontsultak honako kontaktu hauen bidez tramitatuko dira:

  • Emaila: sortutakoak.dantzagunea@gmail.com (Gaia: Sortutakoak 25)

  • Telefonoa: +34 943 021 624

5. PARTE HARTZEKO BALDINTZAK

Deialdi honetara aurkezteak berarekin dakar oinarri eta konpromiso hauek onartzen direla aitortzea:

  • Fakturak jaulki ahal izatea.

  • Proiektua txostenean azaldu den moduan gauzatzea. Edozein funtsezko aldaketaren berri eman behar zaio Gipuzkoako Dantzaguneari.

  • Egonaldiak irauten duen bitartean, Gipuzkoako Dantzagunearen programazioan sar daitezkeen jarduerak sor daitezke, bi aldeen artean adostuta.

  • ARTIK 2025 programaren barruko 2 saioetan parte hartzeko konpromisoa.

 

  • Hautatutako lanak egilearenak edo egileenak izango dira. Gipuzkoako Dantzagunea programaren zati bat erreproduzitu eta zabaldu ahal izango du argitalpenen bidez, betiere egileak aipatuta.

  • Gipuzkoako Dantzaguneak, Eresbilekin elkarlanean, deialdi honetatik aurrera sortzen diren agiri guztiak artxibatuko ditu.

  • Proiektuak argitalpenak, webguneak, bideoak eta abar egitea badakar, laguntza jaso izana aipatu behar da, honako esaldi honekin eta zentroaren logotipoarekin: “Proiektu honek Gipuzkoako Dantzagunearen Sortutakoak 25 laguntza jaso du”, eta aldez aurretik jakinaraziko zaio Gipuzkoako Dantzaguneari.

  • Egonaldia amaitu eta gehienez ere hilabete bateko epean, aurkeztu beharko da testu, argazki eta bideoz osatutako egonaldiari buruzko memoria, sorkuntza-prozesuaren dokumentazio-lan gisa balioko duena.

  • Parte-hartzaileek, deialdira aurkezte hutsagatik, oinarri hauek onartzen dituzte.

GARRANTZITSUA: memoria adierazitako epean ez entregatzeak laguntza galtzea ondorioztatuko du. 

6. DIRULAGUNTZA

Sortutakoak 25en hautatutako proiektu bakoitzak 3.500€ko dirulaguntza jasoko du (zergak eta atxikipenak barne), egonaldi artistiko egiteko behar diren gastuak ordaintzeko.

Laguntza hori bi zatitan ordainduko da: bata, egoitzaren hasieran (3.000 € -% 15 PFEZ), eta, bestea amaitutakoan, memoria eta gastuen justifikazioa entregatutakoan (500 € -15 € PFEZ).

Laguntza hau bateragarria da beste erakunde batzuek proiektu bererako emandako beste deialdi batzuekin, baldin eta diruz laguntzen diren gastuak Gipuzkoako Dantzaguneak bere gain hartutakoak ez badira. Gainerako laguntzak 25.000 €koak izango dira gehienez.

Sortutakoak 25-Atlantikaldiaren kasuan, jaialdiak 1.000 € (zergak barne) emango ditu Atlantikaldian aurkeztuko den erakustaldiaren gastuak ordaintzeko. Data, ordua eta lekua jaialdiaren antolatzailearekin adostuko dira (egonaldi hau Atlantikaldia ospatzen den egunetan egingo da).

7. ESKAERAK BALORATZEA

Epearen barruan eta oinarrien araberako dokumentazioarekin aurkezten diren proiektuak balorazio-batzorde batek baloratuko ditu. Batzorde hori dantza garaikidean aitortza zabaleko ibilbide profesionala duten Gipuzkoako Dantzaguneko taldetik kanpoko pertsonek osatuko dute.

Gipuzkoako Dantzaguneko jarduerei edota testuinguruari egindako ekarpena positiboki baloratuko da.

Balorazio-irizpideak honako hauek izango dira:

  • Proiektuaren interes artistikoa: % 30

  • Proiektuaren metodologia: % 30

  • Proiektuaren testuinguruko harremana Gipuzkoako Dantzagunearekin (Gipuzkoako Dantzagunean garatzeko motibazioa): % 40

Proiektuak esleitzearen erabakia balorazio-batzordearen eskumen esklusiboa da eta ezin da haren aurka errekurtsorik aurkeztu. Esleipendunak uko eginez gero, batzordeak egonaldia hurrengo proiektuari esleitu ahal izango dio, edo deialdia eman gabe utzi.

Balorazio-batzordeak, halaber, deialdia eman gabe utzi dezake, baldin eta uste badu aurkeztutako proiektuetako batek ere ez dituela egonaldia egiteko laguntza jasotzeko behar diren ezaugarriak betetzen.

Emaitza Gipuzkoako Dantzagunearen webgunean argitaratuko da otsailaren amaieran, eta onuradunari zuzenean jakinaraziko zaio eskabidean eman duen helbidean.

8. GIPUZKOAKO DANTZAGUNEKO EGONALDIA

Egonaldien iraupena: aukeratutako proiektuen egonaldiak 2025ean zehar egingo dira Gipuzkoako Dantzagunean. Gutxieneko iraupena astebetekoa izango da eta gehienezkoa 3 astekoa, elkarren segidakoak izan beharrik gabe.

Datak talde kudeatzailearekin adostuko dira, espazioen erabilgarritasunaren arabera.

Hautatutako proiektuek gehienez ere 4 ordu izango dituzte eguneko, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 21:00era. Ordutegi horretatik kanpo, Gipuzkoako Dantzagunearen instalazioen erabilera kudeatzaileekin adostuko da.

Egutegia, ordutegia eta gainerako beharrak deialdiaren formularioaren proposamenean sartu behar dira.

Egoiliarrek Gipuzkoako Dantzagunearen ikus-entzunezko materiala eskura izago dute eskura, eta proiektuaren proposamenean haren erabilera zehaztu beharko dute. Gipuzkoako Dantzagunearen kudeaketa taldearen aholkularitza ere izango dute.

Hautatzen diren pertsonak Eresbileko dantza liburutegira ere joan ahal izango dira, mahai lanak egiteko eta proiektuaren gaiarekin zerikusia duten bilaketak egiteko.

9. DOKUMENTAZIOA

Gipuzkoako Dantzaguneak, Eresbilekin duen dokumentazio- eta ikerketa-akordioaren bidez, hautatutako proiektu bakoitzaren kopia bat bidaliko dio Eresbili.

Bidaltzea nahi ez duten proiektuen egileek beren proposamenean zehaztu beharko dute. Horrek ez du eraginik izango epaimahaiaren erabakian.

Hautatutako artistek elkarrizketa dokumentatua eskainiko dute Gipuzkoako Dantzagunearen artxiboan, eta egonaldiaren amaieran egindako lanaren memoria bat aurkeztuko dute.

10. SENTSIBILIZAZIOA

Artistak bere lan prozesua ate irekien jardunaldi batean irekitzekokonpromisoa hartu du, bai ikasleentzat, bai GipuzkoakoDantzagunearekin bat datorren beste dibulgazio ekintza batekin.

Hautatutako artistak konpromisoa hartzen du sentsibilizazio-, komunikazio- edo hedapen-jardueretan parte hartzeko, Gipuzkoako Dantzaguneak egoki irizten dionean, hala nola: beste artista batzuekin topaketak, Sortutakoak deialdian hautatutako artistekin topaketak, Gipuzkoako Dantzagunearen erabiltzaileei proiektua aurkeztea, eta artistarekin adostutako formatuan proiektuaren aurkezpena egitea, horretarako aukera PDF jaialdian eta LABO GO programan irekita.

11. OINARRIAK ONARTZEA

Deialdi honetan parte hartzen dutenek, hala egitean, oso-osorik onartzen dituzte zati guztietan ezarritako baldintzak.