Atzealdea Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) Gipuzkoako administrazioaren digitalizazioa finantzatuko du 2021-2027 epealdian

Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) Gipuzkoako administrazioaren digitalizazioa finantzatuko du 2021-2027 epealdian

Hainbat proiektu aurkeztuko dira kofinantzatuak izateko, 21,7 milioi eurokoak guztira, horren %40 EGEFek finantzatzeko. IZFE foru-sozietateak gauzatuko ditu proiektuak.

-ren irudia
 Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) Gipuzkoako administrazioaren digitalizazioa finantzatuko du 2021-2027 epealdian

Gipuzkoako administrazioak azken belaunaldiko azpiegituraz eta aplikazioz hornituko dituzte, herritarrei eta lurraldeko erakundeei zerbitzu hobeak emateko balioko dutenak, eta arreta berezia jarriko dute beren izapide ekonomikoetarako elkarreragin zuzeneko tresnetan. 

2021eko azaroaren 29an onartu zen EGEFen Euskadirako 2021-2027 Programa. Euskal administrazioek Europako Batzordearen helburu politikoekin bat datozen proiektuak eta dirulaguntzak txertatu zituzten bertan, eta EGEFen finantziazioa jasotzen joango dira programa indarrean dagoen bitartean. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak 16,6 milioi euro inguru jaso ahal izango ditu programatik, eta, horretarako, programaren helburu politikoetako bitan (HP) jarduerak planifikatu ditu. HP1 helburu politikoa Europa lehiakorragoa eta adimentsuagoari dagokio, eta HP2 helburu politikoak Europa berdeagoa bilatzen du. 

Digitalizazio proiektuek HP1ari lagunduko diote, zehazki, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiek (IKT) eragin dezaten eraldaketa ekonomiko berritzailean eta eskualde-konektibitate handiagoan. HP1en helburu espezifikoetako bat da, hain zuzen ere, digitalizazioa herritarren, enpresen, administrazioen eta ikerketa-erakundeen zerbitzura jartzea. 

Gipuzkoa mailan, jarduketak Foru Aldundiaren 2021-2025 Eraldaketa Digitalerako Planean jasota daude. Gipuzkoako lurraldeak trantsizio teknologiko-digitalari dagokionez dituen erronka estrategikoei aurre egiteko beharrari erantzuten diote, Europar Batasunaren digitalizazio-politikak aintzat hartuta.

Planak honako arlo hauek hartzen ditu barne, besteak beste: datuen gobernantza, analitika aurreratua, adimen artifiziala eta zibersegurtasuna; baita apustu digitalari eta elkarlaneko gobernantzari buruzko lehentasun instituzionalak ere, eta arreta herritarrei zerbitzua emateko bokazioarekin definitzen du, arintasunari, gardentasunari, irisgarritasunari eta berrikuntzari dagokienez irtenbideak eskainiz.

Zehazki, jardueren ardatza Gipuzkoako Plan horren 3. erronka da, barne-prozesu aurreratu berriak eta herritarrentzako balio erantsiko zerbitzu berriak optimizatzeko teknologiak ezartzeari buruzkoa. 

Euskadirako EGEFen 2021-2027 Programak bi jarduera-tipologia bereizten ditu: e-Gobernuaren aplikazioak (gobernu elektronikoa) eta IKT azpiegitura aurreratuak/berritzaileak.

Lehen tipologiaren barruan, IZFEk eta Aldundiak hainbat lineatan aurrera egitea aurreikusten dute, besteen artean: dokumentu elektronikoen artxiboak kudeatzeko sistema bat eta zerga-kudeaketarako plataforma integrala garatzea; baita Ogasun eta Finantza Departamentuko plataforma teknologikoak modernizatzea, digitalizatzea eta berritzea ere.  

Bigarren tipologiari dagokionez, azpiegituretan, beste aurrerapen teknologikoko ildo batzuk aurreikusten dira, besteak beste, datuen erabilera masiboaren ikuspegi berriak (Big Data), adimen artifiziala eta robotizazioa, datu-zentroen arteko komunikazioen softwarean oinarritutako kontrola eta zibersegurtasuna. Horrela, azken zerbitzua hobetuko da, administrazioen arteko elkarreragingarritasunean, kostuen efizientzian edo estandarizazioan aurrera egingo da.