Errenta aitorpena, euskaraz

Ogasunarekin harremanak euskaraz izatea oso erraza da eta errenta aitorpena ere euskaraz egin daiteke. Aldundiaren helburua 2022an 100.000 pertsona fisikok Ogasunarekiko harremanetan euskara aukeratua izatea da.

Foto de 
 Errenta aitorpena, euskaraz

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuarekin harremanak euskaraz izateko eta errenta aitorpena euskaraz egiteko eskubidea du herritarrak eta horretara animatzen ditu Aldundiak. Izan ere, errenta aitorpenaren kanpaina aitzakia bikaina izan daiteke herritarrak euskararen aldeko hautua egin eta Ogasunarekin harreman guztiak euskaraz nahi dituela eskatzeko. Horretarako, gainera, erraztasunak eskaintzen ditu foru erakundeak eta interesa dutenek hemen proposatzen diren urratsak jarraitzea besterik ez dute harreman horiek euskarara pasatzeko.

Hala, Ogasunarekiko harreman hizkuntza aukeratzeko, bi bide daude:

  1. Bulegoetan. 030 eredua (herritarra) edo 036 eredua (enpresa edo entitatea) aurkeztu behar da paperean, Ogasun eta Finantza Departamentuko herritarren arretarako bulegoetan eta Gipuzkoako Foru Aldundiko erregistro zentralean.
  2. Internetez. 030 eredua (herritarra) edo 036 eredua (enpresa edo entitatea) aurkeztu behar da Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan. Inprimaki horien barruan, euskara aukeratu behar da harreman 

Hori horrela, errenta aitorpena ere egin daiteke euskaraz eta honakoak dira herritarrak dituen aukerak: 

  1. Errenta mekanizatuko aitorpena egitean, langileari adierazita.
  2. Autolikidazio proposamena telefonoz edo internetez onartzean.
  3. Ogasuneko webgunean zergabidea plataformaren bitartez errenta aitorpenean sartzean eta errenta aitorpena bidaltzean.  
  4. Zerga kudeaketako profesional bat aukeratzen bada, euskararen aldeko aukera adierazi behar zaio. 

Horrez gain, horren guztiaren berri emateko errenta sekzioko eta errenta mekanizatuko langile guztiei mahai gaineko kartel bana banatu zaie, euskaraz artatua izan nahi duenak eskubide hori duela adierazten duena. Horrez gain, Ogasunaren eta errenta aitorpenaren webguneetan ere, modulu informatiboak jarrita daude eta hor zehazten dira herritarrak zein urrats egin ditzakeen Ogasunarekiko harremanak euskarara pasa eta errenta aitorpena euskaraz egin diezaioten. 

Helburua. Ogasun eta Finantza Departamentuak badu euskaraz jasotzen dituen eskaerei euskaraz erantzuteko ahalmena eta herritarrak eskaerak egitera animatzen ditu. Izan ere, gaur-gaurkoz, 74.000 gipuzkoar dira Ogasunarekin harremanak euskaraz dituztenak, baina 2022 urterako kopuru hori 100.000ra igotzea du helburu. Kopuru horretara iritsiz gero, erabiltzaile multzo esanguratsua izango litzateke euskararen aldeko hautua egin duena eta horrek zilegitasuna emango lioke herritar, enpresa eta entitateek urteetan hizkuntza berdintasunaren alde egindako ahaleginari.