Aralar Natura Parkea

Imagen del parque natural de Aralar

Aralar 1994an izendatu zuten natura parkea. Guztira 10.971 hektareako eremua hartzen du, Abaltzisketa, Amezketa, Lazkao, Tolosa, Zaldibia eta Ataungo udalerrietan eta Enirio-Aralar Mankomunitatean. Azken biek parkearen eremu osoaren % 72 hartzen dute.

Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremuen (KBE) zerrendan sartu zuten, eta zuzentarauaren I. eranskineko 10 habitat identifikatu dira bertan; horiek Lekuaren % 56 hartzen dute. II. eranskinean jasotzen diren espezieei dagokienez, florako 2 espezie aurkitu dira, ornodunen 9 espezie (2 ugaztun erdi-akuatiko, 6 kiroptero eta arrain 1) eta 6 ornogabe espezie. Badira, halaber, hegaztiei buruzko zuzentarauaren I. eranskinean sartutako 16 espezie.

Punturik garaiena Ganbo da (1.412 m), eta baxuena Zaldibia (185 m), baina eremuko zati nagusia 300 eta 900 m bitartean dago.

Parkera iristeko gune nagusiak Larraitz -iparreko aldean- eta Lizarrusti -hegoaldeko aldean- dira. Gune horiez gain, beste hainbat sarrera ere badira natura parkea osatzen duten herrietan: San Gregorio Ataunen, Arkaka Zaldibian, San Martin Amezketan eta Bedaio (Tolosa). Parkeko parketxea Lizarrustin dago, eta 2009ko irailean berrinauguratu zuten. Interpretazio zentro batez gain, taberna-jatetxe bat eta aterpetxe bat dauzka, desgaituentzat egokituta guztia.

Aralar, sorburuan, itsas hondo sedimentarioa zen; duela 135 milioi urte gora egin zuelarik, hainbat arrezife eratu zituen. Hondo hori, orain 50 milioi urte, altxatu, eta meseta handi baten gisako mendigune hau sortu zuen.

Hainbat higadura-eragilek Aralarko mendilerroa osatzen duen kareharria disolbatu dutelarik, karst sistema konplexu bat sortu da, haitzulo eta lurpeko erreka ugarirekin.

Natur parke izendatzea ekarri zuten balio nagusiak paisaien edertasuna, flora eta faunaren aniztasun eta berezitasuna, aspaldi-aspalditik abeltzaintzak izandako garrantzi handia, bertan dauden monumentu megalitikoak eta mendizale askok mendilerroari ematen dioten laket edo aisia erabilera izan ziren.

Eta natur parke izendatze horren helburuak honakoak dira:

  • Flora, fauna, gea, paisaia eta ekosistemak babestea, kontserbatzea eta, hala dagokionean, leheneratzea.
  • Eremuaren indartze sozial eta ekonomikoa sustatzea.
  • Nekazaritza, abelazkuntza eta basogintzako produkzio jarduera tradizionalen hobekuntza sustatzea.
  • Zonako natur balioen gaineko ezagutza eta gozamen antolatua sustatzea.
  • Ikerkuntza zientifikoa sustatzea.

Landaretzari dagokionez, baso naturalek eta sail landatuek eremuaren % 55 hartzen dute, eta zelai eta larreek % 36.

Baso mota hedatuena pagadia da, eta azidofiloa zein basofiloa kontuan harturik parkeko eremu osoaren % 25 estaltzen du.

Mendiko larreetan ardi-, behi- eta zaldi-aziendak izaten dira, maiatz hasieratik urtarril amaiera arte. Ardi-aziendaren barnean “ardi mutur gorri” motakoa da nagusi; horrexekin egiten da Idiazabal gazta ezaguna.

Duela gutxi arte garrantzia izan duen beste jarduera bat meatzaritza izan da; orain 3.500 urte horretan aritzen ziren jada. Harrezkero Arritzagako kobre zainak, Ataungo burdin zainak, are Zaldibiako urre zainak ere ustiatu dira, une desberdinetan.

Aralar aitzindaria izan da arkeologiaren eta natur zientzien esparruan egindako azterlan asko eta askotan. 1884an Adan de Yarza geologoak Jentilarriko trikuharria aztertu zuen jada; eginkizun horretan, arkeologi ikerkuntzak bultzatuko zituen Jose Migel Barandiaranek hartu zion txanda.

Geroago, ikerlari katalan talde batek, esaterako Ramón Margalef ekologoak eta beste batzuek, lehenbiziko ikerlanak egin zituzten geologia, espeleologia, arkeologia edo etnografiaren munduan, Aralar zutela erreferentzia lehenetakotzat.

Aralar mito eta kontakizunez jositako lekua da, errealitatea eta kondairak nahasten diren tokia. Tradizioak dioenez, mendilerroko biztanleek hainbat forma hartzen zituzten (Mari, Herensuge, jentilak...).

Natura Parkeko urteko memoriak

Lotura interesgarriak