Txirrindularientzako aholku batzuk


Eman nahi diozun erabilerara ahalik eta gehien egokitzen den bizikleta mota erabili.

Manten ezazu bizikleta beti prest. Garrantzitsua da bizikleta egoera onean egotea (galgak, gurpilak, kableak, heldulekuak, eta abar); era horretan, gure segurtasuna bermatuko dugu, lesioak saihestuko ditugu eta errendimendua optimizatuko dugu.

Ezinbesteko elementuak

Gure bizikleta garraiobide gisa erabiltzeko behar bezala hornituta dagoela ziurtatzeko, komeni da bizikletak honako osagarri hauek izatea:

  • Aurreko eta atzeko argiak (nahitaezkoak dira gauez eta tuneletan ibiltzeko).                                                          
  • Pedaletan, lohi-babesetan eta gurpiletan katadioptrikoak izatea, bestek gure bizikleta hobeto ikusteko.          
  • Txirrinak (legez nahitaezkoa edozein bizikletatan).                                                                                             
  • Fardelak garraiatzeko zakutoak.                                                                                                                           

Hiriarteko errepideetan gauez, derrigorrezkoa da jantzi islatzaile homologaturen bat erabiltzea, 150 metrora ikusgai dena.

16 urtetik beherakoak bizikletan ibiltzean kaskoa jarri behar dute derrigorrez, eta baita ere txirrindulari guztiak hiriarteko errepideetan ibiltzean.

 


Errespetatu beti zirkulazio-arauak.

Adieraz ezazu egin nahi duzun edozein maniobra; egin ezazu mugimendu hori astiro eta ziurtatu ikusiko zaituztela.

Utz ezazu zentzuzko distantzia espaloiraino eta aparkatuta dauden autoetaraino, eta saiatu erreiaren erditik ibiltzen. Eskubiko erreia ziurragoa izaten da.

Ez ibili ikusezina zaren angeluetan, gidariaren ikusangelutik kanpo, alegia.

Errespeta itzazu oinezkoak. Gogora ezazu beraiek dutela lehentasuna. Hortaz, moteldu abiadura eta ez gidatu era zakarrean, inor ez ikaratzeko.

Eskulekuari esku batez gutxienez heldu behar diozu; ez askatu heldulekua, arriskutsua izan liteke eta.

Bizikletaz ibiltzen zarenean ez erabili entzungailurik, entzumena funtsezko zentzumena baita adi gidatzeko eta, gainera, legediak debekatuta dago entzungailuak eramatea.

Kontratatu aseguru-poliza bat. Onena erantzukizun zibileko aseguru bat izatea da, hirugarrenei eragindako kalteak estaliko dituena eta, istripua gertatuz gero, defentsa juridikoa eskainiko dizuna.

Kontuan izan, halaber, etxeko aseguru polizek bizikletak eragindako erantzukizun zibila estaltzen dutela askotan.

Kaskoa jartzeak ez du eragotziko istripua izatea, baina lesio larriak gertatzea eragotz dezake batzuetan.

Erabiltzea erabakitzen baduzu, gogoan izan behar bezala doitu behar duzula, benetan babestu zaitzan. Ez ahaztu kaskoa hondatu egiten dela denboraren eta erabileraren poderioz; horregatik, aldatu egin behar da 4-5 urtean behin gutxi gorabehera.

Prestatu ezazu zure ibilbidea

Ibilbide ziurrenak aukera itzazu, hala nola, bidegorriak, trafiko gutxiko kaleak, eta abar.

Gauez bizikletan ibili

Gauez ibiltzeko, inoiz ez da ahaztu behar ezen, bizikletaz ibiltzean, ikusi behar dugula eta bestek gu ikusi behar gaituztela. Horregatik, aurreko eta atzeko argiak eramatea komenigarria da. Gainera, nahitaezkoak dira gauez edo tuneletan ibiltzeko.

Dinamozko argien ordez pilazkoak erabiltzeak duen abantaila da gelditzen garenean funtzionatzen jarraitzen dutela eta, hortaz, semaforo baten aurrean geldirik egonda ere, atzekoek ikusten gaituztela.

Badira, halaber, atzeko eta aurreko argi finkoen modelo batzuk, kondentsadore bat dutenak, geldirik egonda ere minutu batzuetan argia ematen jarraitzen dutenak.

Erradioetan kokatuta egoten diren katadioptrikoei esker, ikusgarriak gara albo batetik.

Argi gutxi dagoen bideetan ibili behar baduzu gauez, komenigarria izan daiteke txaleko islatzaile bat ere erabiltzea.

 


Egunez edo gauez aparkatzen baduzu, hobe aukeratzen baduzu jende asko dabilen edo pasadizokoa den leku bat, argiztatuta dagoena eta urrutitik ikusten dena.

Segurtasuna ezinbestekoa da, horregatik giltzarrapo onek edo bizikletentzako aparkalekuek babes handiagoa eskaintzen dute.

“Txirrindularientzako baliabideak” izeneko atalean Gipuzkoan dagoen aparkaleku eskaintza aurkituko duzu.

Denbora laburrez aparkatzeko

U formako giltzarrapoak dira gomendagarrienak, seguruenak eta erabiltzeko errazenak.

Oso ideia ona da bizikletan koadrorako giltzarrapo bat jartzea, koadroan bertan finkatzen dena eta giltza baten bidez segundo batzuetan bizikletaren atzeko gurpila blokeatzea ahalbidetzen duena

Funtsezkoa da hiri-altzariak errespetatzea. Hortaz, saia zaitez zuhaitzetan, eserlekuetan, kale-argietan eta seinaleetan ez aparkatzen.

Denbora luzez aparkatzeko

Denbora luzez aparkatuta utzi nahi baduzu bizikleta, hobe leku itxi batean uztea, lapurretatik, bandalismotik eta eguraldi txarretik babesteko.

 


Abiadura-kopuruari dagokionez, hirian ibiltzeko bizikletak gutxienez 3 abiadura izatea gomendatzen da.

Zakutoek eta saskiek fardel txikiak garraiatzea ahalbidetzen dute, enbarazu edo desoreka dezaketen poltsak edo motxilak kargatu behar izan gabe.

Zakutoek bizikletako grabitate-zentroa jaistea eragiten dute, eta horrek egonkortasun handiagoa ematen du, saskiek ez bezala.

Komenigarria da zakutoak iragazgaitzak izatea eta elementu islatzaileren batez hornituta egotea. Horrez gain, komeni da horiek bizikletaren koadroarekin giltzatzea, segurtasuna handiagoa izateko.

Esekidura-sistemek (gurpiletako urkiletan edo zelan jarriak) erosotasuna eta bizikletaren kontrol handiagoa ahalbidetzen dizkiote txirrindulariari, zoruko irregulartasunak leundu egiten baitizkiote. Horien alde txarra da bizikletaren pisua zertxobait handitzen dutela.

Merkatuan beste osagarri erabilgarri batzuk ere aurkitu ahal izango dituzu, hala nola pedaletarako puntakoak, ukabil ergonomikoak, atzeraispiluak, aulkitxoak, eta zamak eta haurrak garraiatzeko atoiak.

 


Zer arropa erabili? Osagarriak

Pedalei eragiten hasi eta gutxira, beroa sortzen dugu; hortaz, ez da komeni arropa gehiegi janztea izerdia ez botatzeko.

Ez izerditzeko helburuarekin ere, gomendagarria izaten da gorputza ukitzen duen jantzia material tekniko transpiragarri batekoa izatea, eta material horren gainean beste bat jar daiteke, haize kontrakoa edo berotzekoa.

Euria egiten duenean, ehun iragazgaitzak eta transpiragarriak dituzten jantziak erabiltzea komeni da, edo estaltzen zaituen pontxo bat. Eraman beti bisera bat zurekin: euria ari duenean, ura zure begietan sartzea galaraziko du; eta eguzkia dagoenean, haren izpietatik babestuko zaitu.

Beste elementu garrantzitsu bat eskularruak dira (ahal dela, haize-kontrakoa den ehunen batez eginak). Horien bidez, eskuak berotzeaz gain, eroriz gero, babestu egingo dizkizute, eta mugitzeak gorputzari transmititzen dizkion bibrazioak gutxitu egingo dizkizute.

Galtzak babestea

Bizikletak kate-estalkirik ez badu, komeni da galtzak babesteko sistemaren bat erabiltzea, koipez zikindu ez daitezen. Galtzak babesteko aukera erraz bat galtzen muturra galtzerdian sartzea da; edo, bestela, arropa esekitzeko matxarda edo pintza soil batez heltzea edo zirrindola ireki batez estutzea.

Era berean, galtzak busti nahi ez baditugu, komeni da eserleku edo zelaren azpian beti plastikozko poltsa bat eramatea, euria egiteko arriskua dagoenean zela estali ahal izateko.

 

Gipuzkoa Bizikletaz

Gehiago jakin nahi duzu?

Gipuzkoa Bizikletaz gehiago ezagutu nahi baduzu bisitatu gure harremanetarako orria.