Gipuzkoako hiri- eta demografia-dentsitate handiena biltzen duen eremu honek ia 150 km-ko bidegorri-sare zabala eta adarkatua du, 11 udalerri lotzen dituena, eta bizikleta-zerbitzuen ekosistema onena duena.
Bizikleta-sarea, batez ere, hiri barruko eta hiriarteko zati asfaltatuek osatzen dute, malda gutxirekin; hala ere, nabarmentzekoak dira landa-inguruneetatik eta ingurune naturaletatik igarotzen diren beste batzuk ere. Gutxitan, oinezkoekin eta beste ibilgailu batzuekin partekatzen du bidea. Azken batean, sare erosoa, segurua eta irisgarria da, zailtasun berezirik ez duena eta erabiltzaileei zerbitzu handia ematen diena.
Hirigune trinkoetan, eremu honetan gertatzen den bezala, bizikleta garraiobide azkarra, ekonomikoa, segurua eta osasungarria da, eta mugitzen zaren bitartean aktibo mantentzen zaitu. Gainera, aparkatzeko arazoak saihesten ditu eta ez du emisio kutsatzailerik sortzen. Are gehiago, jakina da 5 km-rainoko distantzietan ibilgailurik eraginkorrena dela. Hori baino eremu txikiagoan ere, makina bat denda, lantoki, hezkuntza-zentro eta kultura- eta kirol-ekipamendu aurki ditzakegu, eta, horregatik, bizikleta ibilgailu ezin hobea da horietara egunero iristeko.
Sare horrek jada hiri-hedadura handia badu ere (abiadura 30 km/h-ra mugatuta duten gune ugari hartzen ditu), oraindik lanean jarraitzen da bere konektibitatea handitzeko, bizikleta-bide berriak eraikiz eta trafikoa lasaituz, bizikletaren eguneroko erabilera sustatzeko, mugikortasunerako funtsezko alternatiba gisa.
Hemendik, bizikleta eguneroko garraiobide gisa zure bizimoduan sar daitekeen pentsatzera gonbidatu nahi zaitugu.
Jarraian, hiriko joan-etorrietako gune erakargarri batzuk aipatuko dizkizugu, eremu honetako bizikleta-saretik eskuragarri geratzen direnak:
Ondoko mapa interaktiboan eremu honetako askotariko bizikleta-zerbitzuak kontsulta daitezke, hala nola: aparkaleku-eskaintza zabala (horien artean, 8 aparkaleku babestu Donostian); bizikletak garbitzeko 11 estazio; bizikletak konpontzeko aukera ugari, bai merkataritza-establezimenduetan, bai autokonponketa-puntuetan, eta Gurpilartea elkarteak kudeatutako tailer kolektiboan, Errenterian.
Bestalde, gune horrek bizikleta-ezaugarri bereizgarri bat du, alokatzeko bizikleten bi zerbitzu publiko baititu (dBizi eta BiziBadia), Donostian eta Pasaian, hurrenez hurren, eta udalerri horietan geltoki ugari daude.
Garraio kolektibo publikoarekin konbinatzea: ezin konta ahala aukera eskaintzen ditu eremu honek bizikleta eta garraio publiko kolektiboa konbinatzeko, eta bereziki nabarmentzen dira Donostian daudenak. Aldiriko tren eta Euskotren geltoki ugari daude ia herri guztietan. Gainera, bizikleta hiriko eta hiriarteko autobusetan garraiatzeko askotariko aukerak daude.
Kontxako Badiak, Donostiako hiri-agertokiek eta inguruko herrietako landa-eremuek paisaia zoragarriez gozatzeko aukera ematen dute pedalei eragiten zaien bitartean. Bide ematen dute, halaber, ibilbide erakargarri eta lasaigarriez gozatzeko, lanerako, eskolarako edo, besterik gabe, aisialdiko jarduera baterako gure joan-etorriak aprobetxatuz.
Azkenik, zure bizikleta aldian-aldian berrikustea gomendatzen dizugu, bai eta zirkulazio-araudia eta -gomendioak errepasatzea eta betetzea ere, arreta berezia jarriz motordun bideekiko elkarguneetan, bai eta oinezkoekin partekatutako espazioetan eta bideetan ere.