2. Eremua

Aretxabaleta Arrasate Eskoriatza Oñati
41,4km

Debagoiena eskualdean kokatuta dagoen eremu honek Aretxabaleta, Bergara, Eskoriatza, Arrasate eta Oñati udalerriak hartzen ditu, 41,4 km-ko bizikleta-bideen sare baten bidez elkarri lotuta daudenak. Sare hau baliabide bikaina da egunero bizikletaz egiten diren ibilbideetarako, hiriguneetan zein hiriartekoetan; izan ere, zati asfaltatuz osatua dago, eta, oro har, txirrindularientzat eta oinezkoentzat bakarrik erabiltzen dira. Bestalde, malda ia hautemanezinak ditu.

Lanerako, hezkuntzarako eta industriarako instalazio ugari ditu, eta horietako askok bizikleta-bideen sareari lotuta daude.

Eremu honetako udalerriak distantzia laburrera daude, eta, horri esker, bizikletaz joan zaitezke batetik bestera, zailtasunik gabe eta azkar. Dagoen sareak Eskoriatza, Aretxabaleta eta Arrasateko hiriguneak lotzen ditu, 5 km baino gutxiagoko erradioan kokatuta daudenak, non denda, lantoki, hezkuntza-zentro eta kultura- zein kirol-ekipamendu ugari dauden; eta, horrela, bizikleta ibilgailu ezin hobea bihurtzen da horietara egunero joateko.

Herriak lotzen dituzten hiriarteko egungo ibilbideez gain, udalerriek beren konektibitatea handitzeko lanean jarraitzen dute, bizikleta-bide berriak eraikiz eta trafikoa baretuz, bizikletaren eguneroko erabilera mugikortasunerako funtsezko alternatiba gisa sustatzeko helburuarekin.

Agian bizikleta zuretzat alternatiba komenigarria eta interesgarria izan daiteke, distantzia laburretan garraiobide eraginkorrena baita beste batzuekin alderatuta. Bestalde, bizimodu aktiboa hartzea ez da ingurumena gehien errespetatzen duen desplazamendua bakarrik, baizik eta zure ongizatean, osasunean eta ekonomian eragin positiboa duen ohitura ere bada.

Jarraian, hiriko joan-etorrietako gune erakargarri batzuk aipatuko dizkizugu, jada dagoen bizikleta-sarearen baitan daudenak:

  • Industrialdeak / lantokiak: Aingeru Goarda eta Torrebaso, Eskoriatzan; Basabe eta Arbizelai, Aretxabaletan; Mugarrieta, Intxausti, Fagor San Andres, Markulete, Garagartza, Zalduspe eta Kataide, Arrasaten; Fanderia, Osinurdin, Zubillaga eta Santxo Lopetegi, Oñatin; eta Labegaraieta eta San Lorenzo, Bergaran.
  • Lanbide heziketako zentroak: San Frantzisko Xabier LBHIP eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoa LHIPI, Arrasaten; eta Oñati BHI eta Oñati Gestio Heziketa BHIP, Oñatin.
  • Kultur guneak: gaztelekuak, kultur etxeak, liburutegiak eta inguruko udalerrietako zinemak.
  • Saltokiak: ostiraletako azoka txikia Eskoriatzan; astelehenetakoa Aretxabaletan; larunbatetakoa Oñatin eta Bergaran, Arrasateko Udal Merkatuan; eta Bergarako San Lorenzo merkataritza-gunea.
  • Kirol instalazioak: Iturripe eta Musakola kiroldegiak, Arrasaten; Azkoagain futbol zelaia, Oñatin; eta Labegaraieta kiroldegia eta Agorrosin Ekintzetxea, Bergaran.

Ondoko mapa interaktiboan, inguruko txirrindularientzako zerbitzuen eskaintzari buruzko informazioa kontsulta dezakezu. Bertan, 150 aparkaleku baino gehiago daude (horietatik bi aparkaleku babestuak dira, biak Oñatin kokatuak), bizikletak garbitzeko hiru estazio, konpontzeko lau tailer eta autokonponketarako zortzi puntu. Horri, udalerri horietan guztietan, Aretxabaletan izan ezik, bizikletak saltzen dituzten saltokiak gehitu behar zaizkio.

Garraio kolektibo publikoarekin konbinatzea: Gune honetan tren-geltokirik ez badago ere, hainbat autobus-lineak udalerriak lotzen dituzte. Era berean, Arrasate hiru euskal hiriburuekin lotuta dago autobus bidez. Komeni da jakitea bizikletak tolestuta eraman daitezkeela autobus horietako edozeinetan, bai eta ohiko bizikletak ere, autobusak sotoa badu eta zorro baten barruan badoaz.

Deigarria da Oñati eta Deba ibaien inguruko bizikleta-sarearen inguruko paisaia ederra, bai eta Aizkorri-Aratz natura-parkearen ikuspegia ere, hainbat lekutatik ikus daitekeena. Ingurune pribilegiatu horrek aukera ematen digu zeharkaldi atsegin bat egiteko eta dibertsitateaz eta gure eguneroko helmugara bidean dauden hiri eta natur paisaien kontrasteaz gozatzeko.

Azkenik, zure bizikleta aldian-aldian berrikustea gomendatzen dizugu, baita zirkulazio-araudia eta -gomendioak errepasatu eta betetzea ere, arreta berezia jarriz motordun bideekiko elkarguneetan, bai eta oinezkoekin partekatutako espazioetan eta bideetan ere.

Ibilbideak
 
Mapa
Orain
Mapa
Mapa Gris
Orain
X