Urola Garaia eta Urola Erdiko eskualdeetako zati batzuk hartzen dituen eremu honek 44,5 km-ko bidegorri sarea du, Azkoitia, Azpeitia, Legazpi, Urretxu eta Zumarraga modu eraginkor eta seguruan lotzen dituena.
Zati horiek, oro har, oinezkoekin partekatzen dira, eta, zenbaitetan, ibilgailu motordunekin; hiriguneetatik igarotzen dira, hiri artetik, baita landa-inguruneetatik ere; asfaltozko zorua edo lur trinkotua dute; eta malda txikiak dituzte, % 6tik beherakoak beti. Azpiegitura egokia dira, beraz, eguneroko bizikleta-ibilbideak egiteko, eta, aldi berean, ingurune naturalaz gozatzeko.
Udalerri horietako gehienak elkarrengandik oso gertu daude, eta, horri esker, bizikletaz mugitzeko aukera dago, bata bestearekin lotzen dituen sarearen bidez.
Eremu honetan, ikastetxe, hezkuntza-, industria-, kultura- eta kirol-ekipamendu ugari daude, eta, horietako askok, bizikleta-bideen sare horri lotuta daude. Adibide nabarmenena Urretxun eta Zumarragan dugu.
Kontuan izan behar dugu, garraiobide ekonomiko, seguru eta osasungarria izateaz gain, bizikletak abantailak dituela. Hain zuzen ere, ibilbide laburretarako ibilgailurik azkarrena izateaz gain (5 km-raino, gutxi gorabehera), gure eguneroko joan-etorrietarako eraginkorrena da.
Industrialde periferikoetatik eta landa-eremuetatik bizikletaz egin daitezkeen ibilbideak alde batera utzita, udalek bizikleta-sare hori handitzeko proiektuetan lan egiten jarraitzen dute, gure eguneroko errutina osatzen duten hainbat destino bizikletaz errazago erabili ahal izateko: lantokiak, ikastetxeak, kirol-esparruak, kultura-zentroak, aisia-zentroak, osasun-zentroak, etab.
Bizikletak dituen abantailak eta onurak kontuan izanik, eta zonalde honetan bizikletaren erabilerarako baldintzak ikusita, eguneroko garraiobide gisa zuretzat alternatiba komenigarria eta interesgarria izan daitekeen planteatzera gonbidatu nahi zaitugu.
Jarraian, hiriko joan-etorriak erakartzeko gune batzuk aipatuko dizkizugu, jada prest dagoen bizikleta-sarearen esku geratzen direnak:
Ondoko mapa interaktiboan, inguruko txirrindularientzako zerbitzuen eskaintzari buruzko informazioa kontsulta dezakezu. Bertan 60 aparkaleku baino gehiago, bizikletak garbitzeko hiru gune, lau konponketa-tailer eta autokonponketarako bost puntu daude. Horri gehitu behar zaizkio Azkoitian, Azpeitian eta Urretxun bizikletak saltzen eta alokatzen dituzten saltokiak.
Garraio kolektibo publikoarekin konbinaketa: tren-geltokien eskaintza Legazpira, Urretxura eta Zumarragara mugatzen da. Hala ere, inguruko herri guztiak eta inguruko gainerako eskualdeak lotzen dituzten hainbat autobus-linea daude. Komeni da jakitea bizikleta tolestuak eraman daitezkeela autobus horietako edozeinetan, bai eta ohiko bizikletak ere, autobusak sotoa badu eta zorro baten barruan badoaz.
Bestalde, eguneroko arrazoiengatik izan edo aisialdiagatik izan, bizikleta sare honetan pedalei eragitea, beti aukera bikaina da lasaitzeko eta zelai, baso eta mendietara ematen duen ikuspegi bikainaz gozatzeko; baita Urola ibaiaz ere, Urolako trenbide zaharreko tunel, zubi eta zubibide ugari zeharkatzen dituen ibilbide ikusgarri batetik.
Amaitzeko, zure bizikleta aldian-aldian berrikustea gomendatzen dizugu, bai eta zirkulazio-araudia eta -gomendioak errepasatzea eta betetzea ere, arreta berezia jarriz motordun bideekiko elkarguneetan, bai eta oinezkoekin partekatutako espazioetan eta bideetan ere.