Eibar eta Elgoibar inguruan zabaldutako bizikleta-bideen sareak 5,7 km-ko luzera du guztira, eta horietatik gehiengoak bi herrien arteko lotura eskaintzen du, txirrindularientzat eta oinezkoentzat izanik modu esklusiboan.
Asfaltatutako edo galtzada-harrizko bideak dira, aldapa txikikoak, % 6ko malda izatera baino iristen ez direnak, salbuespen gisa. Beraz, edonorentzako irisgarria den bizikleta-sare baten aurrean gaude, egunero bizikletaz eta oinez joateko aukera ematen duena.
Kontuan izan behar dugu, garraiobide ekonomiko, seguru eta osasungarria izateaz gain, bizikletaren abantaila nabariena ibilbide laburretarako ibilgailurik azkarrena izatea dela (5 km-raino, gutxi gorabehera), eta, beraz, gure eguneroko joan-etorrietarako eraginkorrena. Horregatik, eremu honetan ezarritako sarea egokia da eguneroko erabilerarako; izan ere, dentsitate handiko bi hirigune lotzen ditu, eta bertan, luzera hori baino txikiagoa den erradio batean, mota guztietako hainbat lantoki eta ekipamendu daude.
Azpimarratzekoa da Eibarko herrigunearen eta Maltzaga auzoaren artean eraiki zen zatiak, bi kilometroko luzera duenak, Bikefriendly saria jaso zuela 2021ean. Obra hori egiteko, oztopo tekniko handiak gainditu behar izan ziren, orografia korapilatsua eta inguruan zeuden azpiegiturak zirela eta.
Bi herrietan lanean ari dira beren hiriguneetan bizikleta-sareak zabaltzeko (baita Soraluzerekin lotzeko ere), eta, horrela, bizikleta gune horretarako eguneroko garraioaren benetako alternatiba bihurtzeko. Ahalegin horiei esker, errazagoa eta erosoagoa izango da, besteak beste, merkatuetara, lantokietara, hezkuntza-zentroetara, kirol-esparruetara eta kultura-zentroetara ailegatzea.
Uste dugu bizikleta zuretzat alternatiba komenigarria eta interesgarria izan daitekeela, distantzia laburretan garraiobide eraginkorrena baita beste aukera batzuekin alderatuta. Bestalde, bizimodu aktiboa hartzea ez da ingurumena gehien errespetatzen duen desplazamendua bakarrik, zure ongizatean, osasunean eta ekonomian ere eragin positiboa baitu.
Jarraian, sareko joan-etorrietako gune erakargarri batzuk aipatuko dizkizugu, lehendik dagoen bizikleta-saretik gertu daudenak.
Ondoko mapa interaktiboan, inguruko txirrindularientzako zerbitzuen eskaintzari buruzko informazioa kontsulta dezakezu. Bertan 43 aparkaleku baino gehiago, bizikletak garbitzeko bi geltoki eta konpontzeko lau tailer daude.
Horrez gain, bizikletak saltzen dituzten lau denda daude, hiru Eibarren eta bat Elgoibarren.
Garraio kolektibo publikoarekin konbinatuta: bi udalerriak ezin hobeto daude lotuta Euskotren linearekin. Linea horrek hainbat geltoki ditu, bai Eibarren, bai Elgoibarren. Halaber, Lurraldebuseko autobusek zerbitzu paregabea eskaintzen dute eskualde osoan, baita hiru euskal hiriburuekin konexioak ere. Komeni da jakitea bizikleta tolestuak eraman daitezkeela autobus horietako edozeinetan, bai eta ohiko bizikletak ere, autobusak sotoa badu eta zorro baten barruan badoaz.
Azpimarratu behar da bizikletaz egiten diren joan-etorrien helburua ez dela bakarrik lanera, eskolara edo eguneroko edozein jardueratara joatea, baizik eta ibilbidean zehar gozatzeko eta aisialdirako arrazoi ere izan daitezkeela. Eibar eta Elgoibar arteko hiriarteko zatiak, hain zuzen ere, paraje natural interesgarriak zeharkatzen ditu, horien artean, Ego eta Deba ibaien ibilguen aurrean marrazten duen lerro paraleloa nabarmentzen da.
Amaitzeko, zure bizikleta aldian-aldian berrikustea gomendatzen dizugu, bai eta zirkulazio-araudia eta -gomendioak errepasatzea eta betetzea ere, arreta berezia jarriz motordun bideekiko elkarguneetan, bai eta oinezkoekin partekatutako espazioetan eta bideetan ere.